Hizkuntza politikan hitzetatik ekintzetara pasatzeko eskatu diote berrogei eragilek Irungo Udalari

Aski Da kolektiboak udalari eskatu dio martxan jar dezala euskararen aldeko plan estrategiko berri bat eta eguneratu ditzala hizkuntza politikak.

jakes goikoetxea
2025eko urtarrilaren 20a
15:30
Entzun

Irungo Udalak (Gipuzkoa) gaztelania hutsean egin zuen Gabonetako argiak pizteko ekitaldia, abenduaren 4an. Euskararekiko mespretxuak hauspotuta, hiriko elkarte batzuk elkarrekin antolatzen hasi ziren, eta Aski Da kolektiboa sortu zuten. Talde horrek abizena ere badu: Euskaraz Bizi Nahi Dugu. 35 elkarte ziren hasieran, eta berrogei dira gaur egun. Biltzeko eskaera egin diote udalari, «hizkuntza politiketan hitzetatik ekintzetara pasatzeko». Urtarrilaren 27tik 31ra bitarteko astean bildu nahi dute.

Kolektiboak manifestu bat kaleratu zuen abenduaren 4an gertatutakoa salatzeko. Udalak euskaldunei ez ikusiarena egin ziela esan zuten orduan. Ikusita ekitaldiak haserrea eta etsipena eragin zituela, Irungo Udalak barkamena eskatu zuen, eta konpromisoa hartu «berriro gerta ez dadin lan egiteko». Aski Da taldearentzat, ona da udalak barkamena eskatzea, baina ez da nahikoa.

Hala ere, Gabonetan gertatutakoa ez da salbuespena, ohartarazi dutenez, beste askotan ere sentitu baitute udalak baztertu egin dituela: «Izan ere, euskara gehiegitan ikusezin egin dute, eta euskara eta euskaldunok existituko ez bagina bezala jokatzen dute». Salatu dute ohituta daudela bigarren mailako herritar gisa tratatuak izatera.

Baina «pazientzia agortu» egin zaie, eta udalari exijitu diote erakuts dezala euskarak eta euskal kulturak merezi duten begirunea. Euskarari merezi duen lekua emateko, prest daude udalarekin elkarlanean aritzeko, «agenda eta helburu zehatzen gainean». Herri mugimenduaren ustez, premiazkoa da euskararen aldeko plan estrategiko berri bat martxan jartzea eta hizkuntza politikak eguneratzea.

Euskararen geroa, «jokoan»

Gaur kaleratutako oharrean zehaztu dutenez, udala saiatu zen abenduaren 11n bilera bat antolatzen, ez bakarrik Aski Da-ren manifestua sinatu zuten elkarteekin, baita beste eskola, auzo elkarte eta kultur eragile batzuekin ere. Aski Da-k uste du bilera ez zela haien salaketari erantzuteko edo euskararen arloan izandako jokabidea zuzentzeko, «gure salaketak piztutako txinparta baretzeko baizik».

Horregatik, eta salaketa ez zegoelako soilik Gabonetako ekitaldiari lotuta, erabaki zuten aurrerago biltzea udalarekin. «Bide luzea dugu egiteko, eta horregatik, urteetan luzatutako egoera hau zuzentzeko premia ikusten dugun arren, ez dugu presaz egin nahi, ongi baizik», azaldu dute. Udalak zer-nolako hizkuntza politikak bultzatu beharko lituzkeen aztertu dute, eta udalarekin landu nahi dituzte. «Euskararen eta euskal kulturaren geroa jokoan dago Irunen; beraz, has gaitezen lanean lehenbailehen».

Ikastetxeetako guraso elkarteek, kultur taldeek, gizarte eragileek, komunikabideek, auzo elkarteek eta kirol elkarteek osatzen dute Aski Da kolektiboa.

Irungo Udalak abenduaren 4an egin zuen Gabonetako argiak pizteko ekitaldia, Euskararen Nazioarteko Egunaren biharamunean. Udalak berak adierazpen ofizial bat kaleratu zuen abenduaren 3an, eta, besteak beste, esan zuen «hizkuntz eskubide guztiak bermatzeko» konpromisoa izan behar zuela eta euskara guztiena dela: «Irabaz dezagun elkarrekin euskararen bidea».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.