Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak dokumentu bat aurkeztuko dute laster Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako herriko etxeetan garatzeko. Euskararen nazioarteko eguna kari egin duten prentsaurrekoan eman dute egitasmoaren berri; herri hauteskundeetara aurkeztuko diren hautagaiei helaraziko diete, eta «harreman dinamika bat» aitzina eramanen dute dokumentua partekatzeko.
1996an hasi zen Euskal Konfederazioa herriko etxeen lan ildoagaratzen. Ordutik, 50 bat herriko etxe «ofizialki» engaiatu dira euskararen aldeko neurriak hartzera, izan konfederazioarekin hitzarmenak izenpetuz, edo, 2006tik goiti, EEP Euskararen Erakunde Publikoarekin hobekuntza kontratuak eginez.
Egun, Euskal Elkargoak du herrietan garatzen diren hizkuntza politikak harmonizatzeko betebeharra, eta horretarako laguntza ekartzen duela nabarmendu du Sebastien Castet konfederazioko kideak. Kontseiluarekin batera landu duten dokumentua horren osagarri izateko borondatearekin prestatu dutela esplikatu du. «Lagungarri izan nahi du euskararen aldeko politika abiatua duen herriko etxea urrunago joan dadin edo arlo honetan deus berezirik pentsatua ez duen herriko etxea euskararen aldeko dinamika garatzen has dadin».
Akuilu lana
Mikel Esclamadon AEK-ko Ipar Euskal Herriko koordinatzaileak adierazi du datu soziolinguistikoek «alerta» sortu dietela. Geroari begira, irakaskuntzaren eremutik atera, eta lan esparru berri batzuk irekitzeko borondatea dutela azaldu du: lan mundua eta administrazioa. «Instituzioekin eta instituzioetan lan egin beharko dugu hemendik aitzina, eta, horretarako, haizea alde dugu». Oroitarazi du Euskal Elkargoak hizkuntzaren konpetentzia hartu duela, eta horren bidez tresnak eta baliabideak eskaintzen dizkietela herriko etxeei. «Hori baliatu nahi dugu, kontuan hartuta herriko etxeak direla herritarrengandik hurbilen diren instituzioak. Erabili nahi ditugu euskara garatzeko Ipar Euskal Herrian». Azken hogei urteetan euskalgintzak ildo horretan lan egin duela nabarmendu du, eta orain, elkargoak eskumena hartuta, akuilu lana egiten segituko dutela.
«Ondoko sei urteetan erabakiak hartzeko aukera edukiko dute hautetsiek», azaldu du Haizpea Abrisketa Kontseiluko kideak. «Herriko etxeetan euskararen aldeko politikak garatzeko tresnak ere eskura edukiko dituzte: euskarazko zerbitzua segurtatzeko, euskarari ikusgarritasun gehiago emaiteko, langileak euskalduntzeko... Uste dugu euskararen garapenean ezinbesteko katebegia dela herriko etxea».
Protokoloa
Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak gogoratu du duela hiru urte aurkeztu zutela «inoiz Europa osoan hizkuntzen alorrean adostasun gehien lortu duen dokumentua», eta beste hizkuntza gutxituen aldeko eragileek ere bere egin zutela. Orain, galdera bati erantzun nahi diote: «Zer egin dezakete herriko etxeek gure hizkuntza eskubideen alde?». Hego Euskal Herriko udaletarako egin zuten lehen proposamena, eta Ipar Euskal Herriko amaraun instituzionalera egokitu dute orain. «Martxotik aitzina, herriko etxeek eta Euskal Elkargoak etxerako lanak izanen dituzte hurrengo sei urteei begira. Uste dugu dokumentu hau lagungarri izanen zaiela».
Hizkuntza politikak garatzeko tresnak bozetako hautagaientzat
Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak bultzada bat eman nahi diete herrietako hauteskundeetan aurkeztuko diren zerrendei euskararen aldeko neurri zehatzak har ditzaten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu