Hizkuntza politikak anbizioa behar duela berretsi dute hautetsiek

Erakundeen arteko negoziazioetan ari dira EEPren etorkizunaz erabakitzeko. Euskalgintzak finkatutako %30eko helburuarekin bat egin dute hautetsi batzuek

Euskal konfederazioaren prentsaurrekoa, urriaren 19an, Baionan. PATXI BELZAIZ.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2023ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Hizkuntza politikaren gaia pil-pilean da Ipar Euskal Herrian. EEP Euskararen Erakunde Publikoa berritzeko prozesua abiatua da, eta bide orri eta aurrekontu berria erabakiko dituzte ondoko hilabeteetan. Urriaren 19an, anbizio handiagoz jokatzeko eskatu zien Euskal Konfederazioak EEP osatzen duten erakundeei, eta 2050erako hiztun proportzioa %30era heltzea bermatuko duen hizkuntza politika bat eskatu zuen. Egun berean hartu zuen EEPren lehendakaritza Maider Behotegik, Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Kontseiluko ordezkari gisa.

Biharamunean zen departamenduko kontseiluko batzarra, eta hizkuntza politika hizpide izan zuten. Mozio bat adostu zuten aho batez, Frantziako Gobernuari eskatzeko Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna berrets dezala, eta konstituzioaren erreforma balia dezala hizkuntza gutxituen lekua galdekatzeko. Baina euskaraz mintzatzen hasi zenean, Iker Elizalde EH Baiko hautetsiari hitza eten zion Jean Jacques Lasserre presidenteak, erdaldunei «traba» egiten zielakoan.

Egun hartan, Elizalderekin izandako ika-mikan zentratu zen atentzio mediatikoa, eta horrek beste hautetsien mintzaldiak estali zituen. Max Brisson eta Maider Behotegi mintzatu ziren, besteak beste; bezperan Euskal Konfederazioak prentsaurrekoan erran zituenen oihartzuna antzeman zitekeen haien hitzetan.

EEPko lehen lehendakaria izan zen Brisson, 2004tik 2011ra, gaur egun Frantziako senatari ere bada. Azken hogei urteetako bilakaera kontatu zuen departamenduko kontseiluan: «Inkesta soziolinguistikoak adierazten du hiztun kopuruaren jaitsiera gelditu dela. Azken hogei urteetako lanaren emaitza da», adierazi zuen. «Baina ez da aski: euskaldunen proportzioa apaltzen ari da. Goranzko bidea hartzeko baliabideak eman behar dizkiogu geure buruari». Transmisioan eta erabileran indarrak eman behar direla gaineratu zuen, eta azpimarratu erakundeek «etsenplua eman» beharko dutela.

Oraingo bidetik segituz hiztun proportzioak apaltzen segituko duela baieztatu zuen Behotegik ere. «Anbizio handiagoa ukaiteko ardura dugu; kolektiboki baizik ezin da izan, estatuarekin eta gainerako erakundeekin», adierazi zuen. Urte bukaeran eginen duten ministerioarteko ikuskatzea ere izan zuen hizpide: «Duela sei urte EEPri diru gehiago ematea aholkatu ziguten ikuskatzearen ondotik. Ez da egina izan», azpimarratu zuen. Ikuskatze berriak EEPren norabidea markatuko duela gaineratu zuen, «kualitatiboki eta aurrekontu mailan igurikatzen dutena».

Prospekzio lanaren beharra

Denen ahotan da anbizio handiagoa behar dela, baina zer erran nahi du horrek biharko hizkuntza politikari begira? Euskalgintzak finkatu duen helburua EEPren barruan defendatuko duen galdetuta, Antton Kurutxarri EEPko lehendakari ohi eta Euskal Hirigune Elkargoko hizkuntza politikarako lehendakariordeak deplauki erantzun du: «Ez naiz euskalgintzaren bozeramailea». Haren ustez, horrek izan beharko luke helburua, baina epeei buruz duda agertu du: «2050 hor da, 25 urteren buruan».

Haren iritziz, EEPk prospekzio lan bat egin beharko luke 2050erako helburu hori finkatzeak zer hizkuntza politika eskatuko lukeen aztertzeko. «25 urteren buruan %30era heltzeak zer erran nahi du konkretuki euskalduntze mailan? Kasik zehaztu daiteke urteka zenbat jende gehiago behar litzatekeen. Horrek zerbait erran nahiko du irakaskuntzan, helduen euskalduntzean, eta euskararen aktibatzean jendartean». Haren ustez, interesgarria litzateke datu batzuen ukaiteko. Lehendakariarekin aipatzekoa dela erran du, baina baieztatu du berak proposamena defendatuko duela.

Andde Sainte Mariek, Akitania Berriko hautetsi gisa parte hartzen du EEPko biltzar nagusian. Haren hitzetan, Ipar Euskal Herrian finkatu behar da hizkuntza politika, eta, horretarako, EEP eta euskalgintzaren arteko harremanak «hobetu» behar dira. Prospektiba lana egitea ontzat eman du, eta baieztatu du emaitzaren arabera hartu beharko liratekeela erabakiak. «Marrak gora ezarri behar dira». Haren erranetan, Akitania Berrian «jabetu» dira ahal ekonomiko gehiago ezarri beharko direla, eta elkargoan ere «argi» dute. «Departamendua gure ildotik ibili beharko da. Galdera da estatuak zer eginen duen». Ekarpen ekonomikoa lau erakundeen artean «modu orekatuan» banatu beharko litzatekeela erran du.

«Planifikazio sobietarra»

Hiztunen proportzioak «goranzko bidea» hartu behar duela dioenean Unescoren %30eko heina ardatz izan behar litekeen galdetuta, «zirto» batekin erantzun du Brissonek: «Ez naiz planifikazio sobietarren zalea». Ez da lan teknikoa egitearen kontra, baina «printzipio» batzuk ezarri beharko liratekeela dio: «Koofizialtasuna aipatzen hasten bagara, hizkuntza politikaren inguruko kontsentsu soziala galduko dugu. [...] Ez da EEP bahitu behar». Bera ez da koofizialtasunaren «aldekoa», «Frantzian aurrez galdutako borroka da»; «nahiago» du Europako Itunaren berrestea eskatu.

Horrez gain, «aurrekontu hertsadurak» daudela insistitu du. «Hautuak egin beharko dira, ezingo da dena egin». Erran du helduen euskalduntzearen gainetik«ahal guziak» gazteengan jarri beharko liratekeela, transmisioan eta erabileran. «Euskararen kalitatea ere bada, bereziki elebidunean. Horrek erran nahi du murgiltzea garatzea, euskaraz diren irakaskuntza orenak emendatzea. Eskolaz kanpoko jarduerak ere bai; bestela, euskara eskolako ikasgai soila bilakatzen da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.