Euskara

Hizkuntza politika «hitzarturik eta eraginkorrik ez izatea» gaitzetsi du Euskara Geroan elkarteak

Ipar Euskal Herriko eskola elebidunak oren parekotasunetik «urrun» direla salatu dute agiri batean, eta sail elebidunaren «garapena murriztea» leporatu diote Frantziako Hezkuntza ministerioari. Martxoaren 25eko EEPren biltzar nagusian gaia defendatzera deitu dituzte hautetsiak.

Haurrak, Donibane Lohizuneko Urdazuri eskola elebidunaen aitzinean. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko martxoaren 23a
11:22
Entzun

Euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren egoeraz kezka agertu du Euskara Geroan elkarteak. Ipar Euskal Herriko bigarren mailako ikastetxe publiko eta pribatu giristinoetan euskaraz irakasten duten irakasleek osatzen dute elkartea, eta iazko irailetik euskarazko irakaskuntzak duen egoeraz azterketa egin dute agiri batean. Sail elebidunean bai ikasleak eta bai euskaraz emanak diren ikasgaiak emendatu badira ere, legez onartua den oren parekotasunetik «urrun» egotea deitoratu dute, eta lizeoetako erreformaren «kalteak» nabarmendu dituzte. Halaber, Frantziako Hezkuntzaren «nahikari politiko falta» salatu dute. Akademia ikuskariak euskarazko irakaskuntzari atxikiak izan behar ziren bi irakasle postu ezeztatu berri dituela salatu dute. Martxoaren 25eko EEP Euskararen Erakunde Publikoko biltzar nagusian aipatuko dute gaia. Euskaraz irakasle postuak «kartsuki» defendatzeko eskatu diete hautetsiei; eskaera bera egin du Euskal Konfederazioak ere.

Oren parekotasunean oinarritzen da sail elebiduna Ipar Euskal Herrian; euskaraz eta frantsesez, oren kopuru bera izan behar dute berez ikasleek. Lehen mailako eskoletan oro har kausitzen dute helburua, baina kolegio eta lizeoetan, ez. Bigarren mailako irakasleen hitzetan, Ipar Euskal Herriko bi kolegio baizik ez dira oren parekotasunera hurbiltzen, eta, gainerakoetan, hizkuntzak ez diren ikasgaiak euskaraz egiteko gero eta «tentsio» handiagoa nabari dute, ikastetxeen ordu kopuru orokorretik diruztatuak baitira. Era berean, euskara ikasi nahi duten irakasleei EEPk proposatzen dizkien prestakuntzak mugatzea leporatu diote akademia ikuskariari.

Funtsean, hizkuntza politika hitzarturik eta eraginkorrik ez izatea da arazoa, Euskara Geroan elkartearen iritziz. Euskarazko irakaskuntzaren garapena «brikolatua» eta ikastetxeen araberako dela deitoratu dute. «Sail elebidunaren funtzionamendua argitzeko eta balorizatzeko hizkuntz politika koordinaturik ez da existitzen oraindik».

Azkenik, Lizeoko Erreformak sail elebiduna «desegituratu» duela erran dute. Ondorioa: ikasleen abandonatze tasa emendatu da. «Argi da opzioak konkurrentzian emateak eta euskararen balorizatze eskasak ez dituztela ikasleak elebidun sailetara erakartzen lizeoetan. Gure indarrak segitzen ditugu geletan ikasleek euskarazko kalitatezko erakaspena ukan dezaten, baina ez dugu hiztun osoen formatzen lortuko baldintzak ez badira betetzen». Oren parekotasuna, lizeoetako sail elebidunen zinezko aitortza eta euskara hautazko ikasgai gisa balioztatzea eskatu dituzte.

«Aitzakia administratiboen gainetik»

Azken berria agiria idazten ari zirela jakin dute Euskara Geroan elkarteko irakasleek: heldu den ikasturtean euskaraz irakasteko atxikiak ziren bi postu ezeztatu ditu akademia ikuskariak, bi kolegiotan. «Ez da erabaki arina. Ikasleen euskara mailak erakusten du euskara erabiltzeko espazio gehiago behar dutela haien maila sendotzeko. Blokeatze horiek ikasleen ikastetxeetako administrazio kontseiluen eta elebidunean ari diren irakasleen mespretxua erakusten dute».

Akademia ikuskariaren gainetik, errektoreak du azken hitza. Horregatik, martxoaren 25ean iraganen den EEPko biltzar nagusian postu horiek «kartsuki» defendatzera deitu dituzte hautetsiak. «Emanak izanen zaizkien aitzaki administratiboen gainetik haien determinazioan sinetsi nahi dugu».

Eskaera bera egin du Euskal Konfederazioak ere: «EEPko hautetsiak deitzen ditu premiazko gai horretaz jabetzera. Administrazioaren oztopoen parean, makina erraldoia den erakundearen barne arrazoietatik at, Hezkunde Nazionalak erakusten duen kontrako nahikeriaren aurrean, baitezpada garatu behar duen euskararen irakaskuntza defendatu eta lehenetsi behar da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.