Ihintz Oliden, Maddi Bordagarai eta Sebastien Castet. Euskal Konfederazioko kideak

«Hizkuntza politika gure bizkar ari gara eramaten, baliabide eskasekin»

Euskalgintzak manifestaziora deitu du biharko, Baionan. Hizkuntza politikarako aise ahal gehiago galdegiten dute.

Euskalgintzaren azken Deiadar manifestaldia, Baionan, 2015eko urrian. GORKA RUBIO.
Iñaki Etxeleku.
Baiona
2023ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Azterketak oro euskaraz ezin egin, murgiltze ereduko gelak irekitzeko nekeziak, AEK-ko eta Uda Lekuko langileen baldintza prekarioak, euskal hedabideek bizi duten diskriminazioa hedabide erdaldunen aldean. Euskalgintzako eragileek, elkarturik, karrikara ateratzea deliberatu dute, aspaldiko partez, kinka gaiztoari ihardukitzeko. Bihar, Baionan, Euskarari trabarik ez! Azterketak euskaraz! Euskarak bizi behar du! leloen pean, 17:00etan, suprefeturatik abiatuko den manifestaldiaren arrazoi eta helburuez mintzatu dira AEK-ko Ihintz Oliden (Paris, 1972), Uda Lekuko Maddi Bordagarai (Oloroe, Okzitania, 1980) eta Euskal Konfederazioko Sebastien Castet (Donibane Lohizune, Lapurdi, 1976).

Azken inkesta soziolinguistikoaz zer interpretazio egin duzue?

SEBASTIEN CASTET: Epe luzeko bilakaerari begiratu behar zaio. 2001etik 2016ra bitarte ikusten da beheititze bat, bai euskaldun kopuruan, bai erabileran. 2016tik egin bi inkestek erakusten dute, balio absolutuan, euskaldun kopurua pixka bat igotzen ari dela. Baina ehunekoei begiratzen badiegu, euskaldunak gero eta minorizatuagoak dira Ipar Euskal Herrian; besteak beste, urtero jende anitz heldu baita Ipar Euskal Herrira bizitzera. Gero, datuek erakusten dute erabileran ere jaitsiera badela. Ikuspegi orokorretik, Ipar Euskal Herria berreuskalduntzeko nola egin ikusteko, kontuan hartu behar da hizkuntzaren kalitatea: horretan galdu dugu, eta hizkuntza maila biziki inportantea da egunerokoan erabiltzeko, baita transmititzeko ere.

IHINTZ OLIDEN: AEKn ikusten dugu fenomeno hori: euskaraz ikastera etortzen direnen adina, batez beste, 40 urtetik goitikoa da. Ikusten da hor nola haustura bat baden. Inkestak ematen duena islatzen du: ikastoletan eta elebidunean diren gaztetatik heldu da kopurua, baina, gero, nola motibatu beste jendea euskara ikastera? Orain, helduen euskalduntzeari eman behar diogu lehentasuna, hor baita zuloa handitzen. Horretarako baliabideak behar dira. Erakundeetatik kanpaina seriosak egin behar dira, eta ez baitezpada kanpokoei begira.

MADDI BORDAGARAI: Kanpotik jende anitz etortzen da bizitzera, eta gure egiturak integratzeko molde bat dira. Etortzen diren familiek haurrak aski ttipiak dituztelarik, ausartzen dira batzuk eskola elebidunetan edo ikastolan ezartzen; badakite hizkuntza integratzeko molde bat dela. Gure egituretan biltzen ditugu jende horiek; euskara baliatzeko lekuak edo arnasguneak dira, eta hizkuntza ikasteko molde bat da. Inkesta soziolinguistikoan ikusten dut eskaerak emendatzen ahal direla gure egituretan, jakinez jadanik zailtasunetan garela gaur egungo beharrei erantzuteko.

OLIDEN: AEKn sartzen direnean, galdegiten diegu zergatik etortzen diren euskara ikastera. Gehienek komunikazio tresna bezala erabili nahi dute, edo lagunekin, edo lanean. Hor badugu helduleku bat lan egiteko. Hori da bultzatu behar duguna. Praktikarako arnasguneak behar ditugu. Eta bidea erraztu behar diegu helduei euskaraz ikasteko; AEKn behin eta berriz aipatu dugu beka sistema bat behar dugula, EAEn eta Nafarroan duten bezala.

BORDAGARAI: Arnasgune batzuk baditugu Iparraldean, baina guzietan frantsesa presente da. Ikastoletan zer borroka den eremua bera euskaraz atxikitzeko! Egiazko arnasgune guti bada.

CASTET: Leku geografikoak egiten du anitz. Azkaineko edo Sarako erdigunean ikasiko duen AEK-ko ikasle batek izanen du herrian ogia edo haragia erosterakoan, ostatuan, euskara baliatzeko parada. Miarritzeko gau eskolan ikasten ari denari zailago zaio.

Zer osagarritan da euskalgintza hein horretako desafioen aitzinean?

CASTET: Lotura eginen nuke inkesta soziolinguistikoaren eta hizkuntza politika publikoaren artean. Inkesta egin duten erakunde publikoek erraten dute datuek indizeak ematen dituztela araberan hizkuntza publikoa eguneratu edo doitzeko. Euskalgintzatik pentsatzen dugu garaia dela beste fase batera pasatzeko. EEP 2005ean sortu zen, eta, agian, garai hartan, lehen gunea izan zen «egiazko» hizkuntza politika eraikitzeko eta egituratzeko. Gaur egun, ez da gehiago batere egokia. Guk uste dugu euskalgintza anitzez gehiago lagundu behar dela, arlo guzietan. Hizkuntza politika euskalgintzaren bizkar eraiki delako.

EEPren egiturazko aldaketa urteaz baliatuz?

CASTET: EEPren izaera juridikoa aurten berrituko dute, eta baliatu behar dute beste helburu batzuk finkatzeko. Adibidez, zenbat euskaldun nahi ditugu horrenbeste urteren buruan? Helburuak finkatuta, betetzeko nola egin ikusi egunez egun. 2021az geroz, Molac legeak dio ikastegi guziek proposatu behar dutela euskarazko irakaskuntza bat; ikusiz zenbat klase irekitzen diren, argi da erritmoan ez goazela batere ongi. Egoera irauli nahi badugu, azeleratu egin beharko dugu.

OLIDEN: Baliabideek gure jardueren araberakoak izan behar dute. Gaur egun, txeke bat jasotzen dugu, urtero berdintsua, eta ez da ezertan oinarritua. Instituzio publikoetan ere badugu lanketa bat egiteko helduen euskalduntzeko; euskara erakunde publikoetan sartzeko eta normalizatzeko modu batean. Herriko etxeetako euskara planak landu behar dira, helburu finkoekin.

Uda Lekurentzat ere balukete zer egin herriek?

BORDAGARAI: Gure egiturak biziki militanteak dira, gogotsuak gara. Baliabiderik aski ez dugu, baina prest gara beharrei erantzuteko. Uda Lekun ez gara langile guziak itun kolektiboaren heinean ordainduak. Legedi soziala ez baduzu betetzen, beste diru laguntza guziak galtzen ahal dituzu. Herriko etxeentzat, ez da lege bat erraten duena aisialdiak antolatu edo diruztatu behar dituztela. Herri bakoitzak hautatzen du egin nahi duena, Uda Lekuk bere herriko haur batzuei euskarazko aisialdi zerbitzua eskaintzen badie ere. Euskal Elkargoak sortzean finkatu zituen hizkuntza helburuak begiratu genituelarik, denek genion ausarta zela. Baina hitzak baizik ez dira. Ez da baliabiderik aski. Gure egiturei esker biziarazten dugu euskara Iparraldean! Ikusi behar da gure lan baldintzak zein diren. Aldiz, instituzioetan lan egiten duten jendeen lan baldintzak onak direla erraten ahal dizut! Zaila zait ulertzea.

CASTET: EEPk urtero elkarteei eman laguntza horiek pareka daitezke [Emmanuel] Macronen gobernuak eramaten duen politikarekin. Gutieneko soldatak igotzeko partez, txeke bat hor, txeke bat han ematen du, eta jendeak ez daki sekula nola bukatzen ahalko duen hilabetea. Elkarteak ezegonkortasun batean bizi dira, eta hortik atera behar da.

BORDAGARAI: Urte batetik bestera ez dakizu zenbat ukanen duzun, eta zerrendako. Herriko etxeek ez dute erran nahi diru laguntza nola kalkulatzen duten. Guk egiten dugu kalkulua haurka eta egunka. Eta erraten ahal dugu Bidartek 0 euro ematen digula, Angeluk 4,5 euro, eta Itsasuk 25 euro. Baiona eta Miarritze gure partaide handienak dira, baina inork ez digu sekula erraten nola kalkulatzen duten. Baitakite gure jarduera zinez emendatzen bada, segitu beharko dutela. Gutxieneko bat ematen digute, eta geroari begira ezin dugu fitsik aurreikusi.

EEP euskararen eragile guzien kutxa eta leihatila bakar ezartzea, administrazioak finkatu betebehar hertsatzaileekin, ez ote da kortxila bilakatu?

CASTET: Ez nuke erranen leihatila bakarraren sistema txarra denik. Elkarte anitzentzat sinplifikatu du; hamaika diru eskaera egiteko partez, bakarra egiten baita. Arazoa da leihatila bakarra hori zenbat diruz hornitua den. Gaur egun, elkarteentzako diru kopuru hori bider bi edo hiru egiten bada, ez da gehiago problemarik izanen. Egitura bakarraren arriskua da, haatik, EEPn diren departamenduak, eskualdeak eta estatuak Ipar Euskal Herrian dituzten zerbitzuetan euskara ez garatzea. Horiek ere euskara garatzeko beren erantzukizunak hartu behar dituzte.

OLIDEN: Ez da diru kontua bakarrik, baizik eta politika sendo bat, arlo guzietara zabaldu behar dena; egitura publikoen barnean ere bai. Egia da EEPk baduela diruzainaren rol hori, eta nahasten dira hizkuntza politika eta diruzainaren rola; batzuetan, talka egiten dute batak eta besteak. Batzuetan, euskararen garapen politika bazterrean gelditzen da diruaren izenean. Diru baliabideez haratago doa arazoa.

CASTET: EEPren rola da ere hainbat gai politiko desblokeatzeko negoziatzea. Ikusi dugu azkenurteetan porrota izan dela horretan: murgiltze klaseen irekitzeko arazoak, azterketak euskaraz egiteko... EEPren mugak ikusten dira hor.

BORDAGARAI: Uda Lekuren egoeran gauza bera ikusi dugu. EEPkoak bi urtez etorri dira gurekin herriko etxeen itzulia egitera. Bilkurak haiek proposaturik ere, herriko hautetsi bakar bat ere ez zen etortzen bilkura batzuetara. Hainbat bilkura ezeztatu ditugu parte hartzailerik ez zelako. EEPko lehendakariak berak hitzordua galdeginik Angeluko Herriko Etxeari, adibidez, azken momentuan ez da hautetsi bat ere agertu.

Larunbateko manifestazioak aldaketa zerbait ekar dezake?

OLIDEN: Ez dakit aldaketa ekar dezakeen, baina manifaren antolaketa haserre batetik etorri da. Aski da! batetik. Hizkuntza politika euskalgintzaren bizkar ari gara eramaten, baliabide eskasekin, eta hori da salatu nahi izan duguna manifestaldiarekin. EEPk bere urtemuga hor du. Motorrak eta negoziazioak berrabiarazi behar ditugu, eta presioa mantendu euskararen egoera hobetzeko.

BORDAGARAI: Alerta bat da. Manifestaldiaren komunikazioa aukera izan da gure egiturentzat zailtasun guzien kanpora ateratzeko. Jendartea hunkitzeko. Ez da antzerki bat; zinez zailtasunetan gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.