Hizkuntza politika berria [Ipar] Euskal Herrian liburua idatzi du Eguzki Urteaga soziologo eta EHUko irakasleak (1973, Miarritze). Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) hizkuntza politikaren proiektua zaharkitua dagoela dio, eta proiektu berri eta handinahiago bat adostu behar dela.
Zer egoera utzi du hamasei urteko hizkuntza politikak?
Azken hogei urteetan gainbehera nabaria zen euskararen ezagutzan, baina 2016ko inkesta soziolinguistikoan ikusten da estabilizazio prozesu baterantz goazela. Maila handi batean, lotua da irakaskuntza elebidunaren garapenari: urtero %4,7 emendatzen ari da. Aurreikusten da hurrengo inkesta soziolinguistikoak egoera egonkortzeko aukera emanen duela, baldin eta bilakaera demografikoak desberdinak badira.
Nolakoa da gaurko argazkia?
Biztanleriaren %20,5 elebidun aktiboa da; euskara frantsesa bezain ongi menperatzen du. Horri gehitu behar zaizkio %9,3 elebidun hartzaile. Horrek erran nahi du biztanleriaren %70ak ez duela hizkuntza ez ulertzen ez menperatzen. Bestetik, biztanleen %18,3k erabiltzen du euskara.
Euskaldun kopuruak proportzionalki apaltzen segitzen du.
Bilakaera demografikoaren datuak jaso berriak ditugu: 309.000 biztanle bizi dira Ipar Euskal Herrian. Lapurdin %11 hazi da, Nafarroa Beherean %6; haatik, Zuberoan %4 jaitsi da. Baiona-Angelu-Miarritze eremuan (BAM) bizi direnen %60 inguru ez dira Euskal Herrian sortuak. Horrez gain, hona datozen gehienak helduak dira; ez dira hezkuntza sistematik pasatu. Hasieran, beraz, ez dute harreman bera lurraldearekin, hizkuntzarekin eta kulturarekin.
Nola aztertzen duzu?
Bada datu nahiko baikor bat: 2001ean adostu zen inkesta bat egitea BAM eremuan, jakiteko0-2 urte arteko haurrak zituzten gurasoak prest izango ziren hurrengo ikasturtean beraien seme-alabak hezkuntza elebidunean eskolatzeko. Galdekatuen %53k baiezkoa eman zuen. Kalkuluak egin ziren neurtzeko zenbat sail elebidun ireki eta zenbat irakasle lanpostu beharko liratekeen. Hezkuntza Nazionala beldurtu egin zen, eta baldintzak ezartzen hasi ziren: guraso eta sindikatuen adostasuna behar zela, eta abar.
Inkesta horretan, interesgarria zen, gurasoei galdetzen zitzaielarik zergatik izanen ziren prest seme-alabak sail elebidunetan eskolatzeko, erraten zuten hori zela Euskal Herrian integratzeko bektore eta modurik egokiena.
Horrek zer erran nahi du?
Ba, hizkuntza politikaren proiektu berri bat osatzea ezinbestekoa eta premiazkoa dela. Lau urterako osatu zen 2006an; 2020an gara,eta oraindik ez da hizkuntza politika berririk. EEPk eta euskalgintzak elkarrekin lan egin behar dute ezinbestean, bere garaian bezala, hizkuntza politika berri bat martxan jartzeko, handinahia dena eta batez ere geroztik gertatu diren eraldaketa soziolinguistiko, politiko eta demografikoak kontuan hartuko dituena.
Eta Euskal Elkargoa?
Euskal Elkargoa sortu denetik bultzada bat emana izan da; elkargoa izan daiteke etorkizunari begira lidergo hori bere gain hartu beharko lukeena. Ikusten da estatuaren aldetik badela erretiratzeko tentazio bat: alde batetik, lurralde erreformak egin dituzte, eta, bestetik, tokiko kolektibitateen dotazioak apaltzen ari dira. Euskal Elkargoak estatutik jasotzen duen dirua murrizten bada, bere politika publikoak eramateko diru kopurua murrizten da; konpentsatzeko, tokiko fiskalitatea emendatu beharko du.
Zer irizpide bildu beharko lituzke hizkuntza politika berriak?
Lehen elementua hizkuntzaren estatusari lotua da. Frantziako'eskualdeko hizkuntzek' ez dute marko juridiko babesle bat; horrez gain, hizkuntzen inguruko legedia azpigaratua da. Bere txarrean, abantaila ere bada, instituzioek indefinizio hori erabil baitezakete hizkuntza planak eratzeko. Izan ere, legediak ez gaitu behartzen, baina debekatu ere ez digu egiten. Bigarrenik, kontuan hartu behar da egoera politiko-administratiboa aldatu izana, eta baita garapen soziolinguistikoa eta garapen demografikoa ere. Hirugarren elementua : irakaskuntza elebidunaren eskaintza orokortzea lurralde osoan eta maila guzietan, eta murgiltze ereduari lehentasuna ematea. Inkesta soziolinguistiko guziek erakusten dute soilik murgiltze ereduak formatzen dituela elebidun osoak. Horregatik, termino soziolinguistikoetan eraman behar da eztabaida.
Nola iritsi hori lortzera?
Gaur egun, dinamika bat sortu da; %73 hezkuntza elebakarrean da, baina inportantea joerak dira. 1969an lehen ikastola sortu zenean, okerragoa zen. Perspektiba kontu bat da: ikusten badugu zein den gaur egun dugun egoera normalizazio egoera batekin konparatuta, ez gaude batere normalizazio egoera batean. Orain, ikusten badugu 1969tik zer egin den, eta batez ere azken urteetako bilakaera zer den, hor baikorragoak izateko arrazoiak ere badira. Eta hori da euskalgintzak 50 urtean egin duen lanaren fruitua.
Orain ari gara uzta hori jasotzen?
Inportantea da azpimarratzea, horrek ere baikortasun mezu bat bidaltzen dielako gurasoei, erabaki behar dutelarik ea beren seme-alabak irakaskuntza elebidunean matrikulatuko dituzten ala ez. Ikusten badute euskara etorkizuneko hizkuntza bat dela eta ikusten badute beren seme-alaben etorkizunerako euskara jakitea baliagarria dela sozialki, apustu hori eginen dute. Inportantea da ahalik eta objektiboena izatea, elementu guziak aipatzea, ez alde negatiboak ezkutatzea edo gutxiestea —batzuetan bada beharra errealitatea bere gordintasunean aipatzeko—; baina, une berean, inportantea da ikustea eboluzio batzuk baikorrak direla edo ez direla lehen bezain ezkorrak.
Kezka soziala bideratzeko ez al da beharrezkoa egoeraren larritasunaren diskurtso ezkorra?
Iruditzen zait oso sanoa dela bakoitza bere rolean egon dadin eta bakoitzak bere funtzioa bete dezan. Politikaren eremuan, indar harremanak ahalbidetzen du duzun mezu hori kontuan hartua izango dela, eta administrazio publikoa ez dela lokartuko edo konformatuko ordura arte martxan jartzen dituen politikekin.
Bai euskalgintzak, baita administrazioak ere, bi diskurtso horiek mantendu ditzakete: 50 urtetan egin den lan horrek guziak fruituak ematen dituela, baina fruitu horiek ez direla nahikoak, eta urrunago joan behar dela.
Horregatik behar da hizkuntza politika berri bat. Hori izan daiteke modua harremanak birsortzeko Ipar Euskal Herriko erakunde publikoen eta euskalgintzaren artean. Bere garaian sortu zen gobernantza berri hori disfuntzionatzen ari da, eta harremanak urrunduak dira. Iruditzen zait hori dela erronka, eta aukera ona izan daitekeela hizkuntza politikaren inguruko eztabaida mahai gainean ezarri eta erronka, anbizio eta xede berriak finkatzeko.
Herriko bozak Ipar Euskal Herrian. Eguzki Urteaga. Soziologoa eta EHUko irakaslea
«Hizkuntza politika berri bat osatzea ezinbestekoa da»
Urteagak nabarmendu du Ipar Euskal Herriaren garapen soziolinguistikoa eta demografikoa kontuan hartuko duen hizkuntza politika berri bat osatu behar dutela erakunde publikoen eta euskalgintzaren artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu