Frantziako Konstituzio Kontseiluak hizkuntza gutxituen legea zentsuratu ondoren, herenegun helarazi zioten ebazpenaren ondorioei buruzko txostena Frantziako lehen ministroari. Martxan alderdiko Christophe Euzet eta Yannick Kerlogot diputatuek ondu dute, hilabeteko epean eragileekin, hautetsiekin eta adituekin egin dituzten 60 bat elkarrizketa oinarri hartuta. Konstituzio Kontseiluak sortutako egoerari erantzunak eman dizkiote, ebazpenaren ondorioz itunpeko eskolek pairatzen duten ziurgabetasun juridikoari konponbiderik eman gabe, ordea. Baina idatzi duten testua Frantziako botere politikoan hizkuntza gutxituei buruz duten ikuspegia ulertzeko parada ere bada. Frantziaren hizkuntza politikak historikoki izan duen bilakaeraren erradiografia bat eskaini dute nolazpait, 1789tik gaur arte helburu izan den nazio eraikuntza asumituta. Hauek dira aipatzen dituzten elementu nabarmen batzuk:
«ABERRI TXIKIA ETA NAZIO HANDIA»
«III. Errepublika hasieran, errepublikanoek sentimendu errepublikanoa iraunkorki sustraitu nahi izan zuten herrialdean, kontsideratuz ‘aberri txikiarekiko’ maitasunak, ‘Nazio handiarena’, Frantziarena, baizik ezin duela elikatu». Bi diputatuen ustez, gaur egun, gisa bereko sentimendu batek gidatzen ditu hizkuntza gutxituen aldekoak. «Mugak eta berezitasunak ezabatzen dituela dirudien mundializazio baten aitzinean, hizkuntza horiek berezko identitate baten aitortza eta sustraitze behar handi bati erantzuten diote»; baina azpimarratzen dute hori ez dela Frantziako Errepublikaren «kontra» pentsatua; «bat egiteko modu gehigarri bat da».
Etorkizunak «hersturak» eragiten dituen «zalantzazko mundu» batean, aitzineko belaunaldiekin lotzen duen historia bat idaztea ahalbidetzen dute hizkuntza horiek. Honela idatzi dute bi diputatuek: «Tokiko historia, familia historia, eskualde historia, eskualdeetako hizkuntzek aberri txikien kontakizun ugariak idazten parte hartzen dute, eta horiek kontakizun nazionala egiten dute egunerokoan».
Abisua egin dute, hala ere: hizkuntza gutxituen eta haien irakaskuntzaren inguruan diren arrangurek «bilakaera politiko» bat hartzen dute gaur egun. «Keinu anitz goiko botereak beherekoen kultura eta ondarearekiko duen interes falta edo gaitzespen gisa interpretatuak dira eragileengandik».
FRANTZIAREN HIZKUNTZA POLITIKA
«Frantziako hizkuntza politikaren historia eskualdeko identitateen aurkako mesfidantza batek markatu du denbora luzean; itun errepublikano nazionala higatu eta lurralde batasuna kolokan jarriko zutenaren susmoa zuten. 1789ko Iraultzatik sortutako nazioa hizkuntza bakar batez zedarritzeko nahiak, eta gerora, Errepublika sendotzeko nahiak ekarri dute frantses hizkuntzaren nagusitasun hori, sarritan eskualdeetako hizkuntzen kaltetan inposatua. Eskola publikoaren baitan, eskualdeetako hizkuntzen irakaskuntza debekatua zegoen III. Errepublikan zehar: eskola publikoaren zeregina da, hain zuzen ere, harengandik urrun egongo liratekeen herritarrak frantsesera ekartzea, nazio-kontakizunean barneratzeko».
ESKOLETAKO DEBEKUAK
«Eskola errepublikanoaren» sorrera hori ez da «anakronismoz» so egin behar, bi diputatuen iritziz. «Lehen helburua ez zen eskualdeko hizkuntzen suntsitzea, frantsesaren irakaskuntza baizik. Onartu behar da, hala ere, herriak hitz egiten zuen hizkuntza borroka politiko baten baitan harrapatua izan zela». Garai horretan «frantsesaren murgiltze behartua» izan zela diote; «ikasleei debekatua zitzaien eskualdeko hizkuntzan mintzatzea —anitzetan haien ama hizkuntza zen—, izan irakaskuntza orduetan, baita beraien arteko harremanetan ere». Ikasle batzuek jasandako «laidoen memoria» oraindik bizirik dagoela diote, «inkontziente kolektiboan», eta belaunaldiz belaunaldi transmititzen dela. «Lurraldeen eta Estatuaren arteko harremanen irudikapenak egonkortzen ditu», eta horrek esplikatzen du, haien ustez, zenbait hiztunek «eskualdeko hizkuntzekiko duten sentsibilitate zorrotza».
FRANTZIAREN BATASUN NAZIONALA
Bi diputatuen iritziz, gaur egun, «Errepublikaren batasuna» ez da XX. mende hasieran zena bezain «hauskorra», eta «eskualdeko» hizkuntzak berriz «begi onez» ikusiak dira. «Eskualdeko hizkuntzetako batzuk desagertzeko puntuan dira, edo hala dira jadanik; interesaren berpizte horrek ez du beldurtu behar», adierazi dute. «Kontzientzia nazionala ongi baietsia da, baita lurraldearen integritatea eta mugen egonkortasuna ere». Herrialdea «baretua» dagoela diote. «Eskualdeetako hizkuntza autoktono horiek ezin dira mehatxutzat hartu, altxortzat baizik. Errepublikak kapitalizatu behar duen ondare bat»
ERREALITATEAREN EZAGUTZA FALTA
Bi diputatuek argi diote: hizkuntza gutxituekiko Frantzian duten ezagutza oso urria da. Datu faltagatik esplikatzen dute nagusiki. 1999koa da Frantziako Estatu mailan egin zuten azken ikerketa. «INSEEren datuen arabera, 5,5 milioi herritarren gurasoek mintzo zuten eskualdeko hizkuntza bat». Gaur egun, 4,9 milioira apaldua litzateke kopuru hori.
Baina aitortzen dute ez dutela errealitatearen ezagutza orokorrik, eta tokian tokiko erakundeek egindako ikerketen emaitzak baizik ez dituztela. Euskal Herrian egiten den inkesta soziolinguistikoa aipatu dute, besteak beste. Horren arabera, 1996an Ipar Euskal Herriko biztanleen %26,4 zen euskalduna; 2016an herritarren %20,5.
Era berean, zehazten dute gaur egun, 121.000 ikaslek segitzen dutela hizkuntza gutxituen irakaskuntza Frantziako Estatuan; 14.021 daude murgiltze ereduetan Frantziako Hezkuntza Ministerioaren arabera.
«Funtsean, zinezko zailtasuna da ikerketa objektibo eta zientifikoen eskasia, jakiteko [hizkuntza gutxituen] irakaskuntza segitzen duten haurrek zer maila duten eskualdeko hizkuntzan eta frantsesean. Eragileek datuak aurkeztu dizkigute, baina, ebaluaketen zintzotasuna zalantzan jarri gabe, uste dugu beste batzuek egin beharko lituzketela, metodo fidagarriak eta lurralde guzietarako berak erabilita»