Euskaraldia

Hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa sozialean jarraitzeko deia egin dute

Euskaraldia gizartean «txertatua eta normalizatua» dagoela esan dute sustatzaileek. Hirugarren edizioan 161.099 lagunek eta 6.634 entitatek eman dute izena, eta 8.563 egoitzatan sortu dituzte ariguneak. Hala ere, aurten «nahi baino txapa gutxiago» ikusi da kalean, eta aztertuko dute zergatik.

edurne begiristain
2022ko abenduaren 2a
11:47
Entzun

Amaitu da Euskaraldia, baina bidea ez da bukatu. Mezu hori eman dute Euskaraldiaren antolatzaileek gaur: bihartik aurrera ere hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa sozialarekin segitzeko deia egin diete parte hartu duten herritar eta entitate guztiei. «Jarrai dezagun hizkuntza ohiturak aldatzen eta euskararentzako gune erosoak sortzen».

Milaka lagunek parte hartu dute Euskaraldian, baina zenbakietatik harago ariketak gizartean izan duen eraginari erreparatu diote sustatzaileek. «Euskaraldia gizartean txertatua eta normalizatua» dagoela sumatu dute. Sustatzaileen iritziz, Ahobizi eta Belarriprest rolen atzean dauden jokaera ezberdinak gero eta hobeto ulertzen dira: «Partaideek badakite hau ez dela euskararen aldekotasuna adierazteko kanpaina bat». Euskaraldia «ariketa efektiboa» dela azpimarratu dute, norberaren euskararen erabilera hazi egin delako eta entitateetan euskaraz «eroso» aritzeko neurriak hartu eta gune babestuak sortzen direnean ere euskaraz gehiago egiten delako.

Euskaraldia amaitu den egunean, lankidetza argazkia egin dute Gasteizen, Artium museoan. Euskalgintzako eta instituzioetako eragileak izan dira agerraldian, batasun irudia emanez. Han izan dira Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko herritarrekiko harremanetarako kontseilaria, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria eta Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzailea. Haiekin batera, Gasteiz, Arrasate, Tolosaldea eta Arrigorriagako batzordeetako kideak egon dira, eta baita hainbat entitatetako ordezkariak ere.

Parte hartzea «egonkortze bidean»
Euskaraldian parte hartzea «egonkortze bidean» dagoela nabarmendu dute. Aurreko edizioaren parte-hartze kopuru berdintsua izan da: 161.009 lagunek izena eman edo izena berretsi dute. «Oso datu ona» dela uste dute sustatzaileek. Aurreko edizioan izena eman zuten askok ere parte hartu dute, eta izena eman dutenak baino herritar gehiago bildu dira txapak jasotzera antolatutako banaketa puntuetara. Haatik, nabarmendu dute jendeak ez dituela txapak une oro erabili: «Nahi baino txapa gutxiago ikusi dugu kalean». Jakinarazi dute aztertu egingo dutela zeintzuk diren atzean dauden arrazoiak eta zein aldaketa egin beharko dituzten aurrerantzean txapa gehiago ikus daitezen.

Entitateetan ariguneak sortzeko proposatutako ariketa ere «geroz eta hobeto» ulertzen dela iritzi diote. Orotara, 6.634 entitatek eman dute izena Euskaraldian, eta 8.563 egoitzatan sortu dituzte ariguneak.

Aurrera begira, hainbat erronka jarri dituzte Euskaraldiaren antolatzaileek. Rolak gizarteratzen jarraituko dute, txapa erabiltzearen garrantzia azpimarratzen eta Euskaraldia ariketa «praktikoa» dela gogoratzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.