«Jada ez da ikuspegi kontua, sendo frogatuta dago, eta kontzientzia hartu behar dugu: gure hizkuntza larrialdi egoeran dago». Era horretan argudiatu dute gaur goizean EHE Euskal Herrian Euskaraz-eko kideek zein den abenduaren 7rako Durangon (Bizkaia) antolatu duten manifestazio nazionalerako deia egiteko motibo nagusia. «Euskarak, euskaldunok, urteak daramatzagu ez atzera, ez aurrera. Euskal Herri euskalduna dugu helmuga, gure hizkuntzarentzako eta, beraz, gure komunitatearentzako osasun beteko egoera. Baina, handik urrun gaude, oso urrun oraindik».
Abenduaren 5etik 8ra egingo da aurten Durangoko Azoka, ohi den bezala Landako gunean, eta hantxetik abiatuko da EHEk antolatu duen manifestazioa, 18:00etan. Hantxe egin dute gaur ere manifestaziorako deia. Euskara sustatzeko neurrien aurka egun gailentzen ari den «oldarraldiaren» larritasunaz ohartarazi dute. «Epaitegietatik, komunikabide nagusien lerroetatik, zein hainbat sindikaturen eta alderdiren diskurtsoetatik datorkigu», azaldu dute. Egun munduan nagusitzen ari diren joerek hizkuntzaren atzeraldian duten eragina ere nabarmendu dute: «Sistema basati honek gero eta mundu globalizatuago eta atomizatuago batera eramaten gaitu, herriak eta komunitateak deseginez».
Egoera hain larria denez, EHEn uste dute erasoen aurka altxatzearekin ezin dela konformatu, asmo handiagoz jokatu behar dela. «Guk argi dugu, Euskal Herri euskalduna lortuko badugu, beharrezkoa izanen da euskara ardatz izanen duen independentzia lortzea, hau da, Euskararen Errepublika lortzea». Bide horretan aurrera egite aldera, gogoratu dute hilaren 7an «faxismoaren aurkako eta askatasunaren aldeko fronte euskaltzalea» ikusarazteak berebiziko garrantzia duela.