Hizkuntza larrialdiaren abisupean egingo da aurten Euskararen Eguna

Ekitaldi ugari iragarrita daude gaurko, Euskararen Eguna dela gogora ekartzeko. Hizkuntzaren normalizazioaren aldeko keinu praktikoak, aldarriak eta euskara goraipatzeko hitzak: denetik izango da.

Euskararen Eguneko Jaurlaritzaren ekitaldia, iaz, Donostian. JON URBE / FOKU
Euskararen Eguneko Jaurlaritzaren ekitaldia, iaz, Donostian. JON URBE / FOKU
arantxa iraola
2024ko abenduaren 3a
05:00
Entzun

Lehengo astean oroitu zuen Eusko Ikaskuntzak urtemuga: erakunde horrek orain dela 75 urte egin zuen lehen aldiz Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko deia. Eta heldu da aurten ere eguna: gaur abenduak 3 ditu berriro, eta euskararen aldeko ekitaldi asko daude iragarrita. Askotarikoak. Azaroan, Euskalgintzaren Kontseiluak ohartarazi zuen euskara larrialdian zegoela, eta, aste honetan, berriro adierazi du hizkuntza normalizazioa atzentzearen gaineko kezka, horri aurre egiteko neurriak sustatzeko premia eta, dudarik ez, albiste horrek izango du arrastoa gaur zabalduko diren mezuetan.

Kontseiluak, besteak beste, gogora ekarri du Ipar Euskal Herrian euskarak bizi duen egoera. Euskalgintzak aurrez ere emana du abisua. Esana du gaur egungo erritmoan eta oraingo baliabideekin segitzea «euskara hiltzera kondenatzea» dela. Kezka adierazi du Nafarroan ere, bereziki ikasle askok euskarari bizkarra emanda egiten dutelako eskolaldi osoa: ikasturte honetan bertan, ikasle berrien %50 euskararik gabeko ereduan hasi dira. Arnasguneen egoera ere arduratzeko modukoa da. Herritarren %80 baino gehiago euskaldunak diren eremuetan bereziki, gero eta gutxiago erabiltzen da euskara.

Eusko Jaurlaritzak gaur arratsaldean egingo du eguna gogora ekartzeko ekitaldi nagusia. Euskalduna jauregian izango da, Bilbon, eta Bat, bi...ehun. Euskararen geroa ehunduz leloa hautatu dute. Euskal gizarteko eta euskalgintzako eragileak gonbidatu dituzte ekitaldira. Helburu nagusietako bat izango da euskararen biziberritzean ekarpena egin duten boluntarioen lana goraipatzea. «Bestalde, ehun hitzaren bi esanahiekin jolastuz, euskararen geroa ehuntzeko ideiari ekingo zaio», azaldu dutenez.

Gipuzkoako Diputazioak, egunari aparteko berezitasuna emate aldera, Diputatuen Kontseilu «ibiltaria» izango du gaur. Ataunen egingo dute, Sara Etxean. Han hitza hartuko dute Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Ataungo alkate Martin Aramendik.

EHU Euskal Herriko Unibertsitateak ere Bilbon egingo du ekitaldi instituzionala, Bizkaia aretoan. 10:30ean, errektoreak hartuko du hitza. Horren ondoren, unibertsitate barruan euskara biziberritzeko martxan dituzten hainbat egitasmoren berri emango dute. Gaur bertan ez ezik, aste osoan ere egingo dira unibertsitatean euskararen erabilera sustatzeko ekitaldiak.  Deustuko Unibertsitateak mosaiko handi bat egingo du gaur eus letrekin. Euskal Gaien Institutuaren 50. urtemuga ospatuko dute bide batez, hizkuntzaren normalizazioan egin duen ekarpena nabarmenduta.

Euskaltzaindiak ere propio antolatu du ekitaldi bat gaurko, Bilbon. Hain justu ere, lankidetza hitzarmen bat sinatuko du Espainiako Diputatuen Kongresuarekin. Kongresuko presidente Francina Armengol Bilbora etorriko da akordioa sinatzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.