EHE-ko kideak

Intza Gurrutxaga eta Sugoi Etxarri: «Hizkuntza larrialdia ikusarazteko aproposa da desobedientzia»

Manifestazioa egingo du larunbatean EHEk Durangon; ‘Euskaraz bizitzeko euskararen errepublika’ leloa ozentzera deitu dituzte euskaltzaleak Gurrutxagak eta Etxarrik.

GORKA RUBIO / FOKU
GORKA RUBIO / FOKU
arantxa iraola
2024ko abenduaren 4a
05:00
Entzun

EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek manifestazio baterako deia egina du larunbat honetarako; Euskaraz bizitzeko euskararen errepublika leloarekin aterako dira kalera.Durangon izango da, Bizkaian, Landako gunetik abiatuta, 18:00etan. EHEko kideIntza Gurrutxagak (Getaria, Gipuzkoa, 1996) eta Sugoi Etxarrik (Larraun, Nafarroa, 1997) lehengo astean egin zuten elkarrizketa hau, manifestazioa aurkezte aldera. Desobedientziaren garrantziaz argi ohartarazi zuten. Eta atzo hitzez haragoko urratsa egin zuten; Baionan egin zuten desobedientzia ekintzan parte hartu zuen Gurrutxagak, eta atxilotu egin zuten.

Azal dezakezue leloa? Horren garrantzia?

INTZA GURRUTXAGA: Kontseiluak planteatu duen hizkuntza larrialdia oinarri hartuta, guk ere ikusten dugu badaudela larrialdian gaudela adierazten duten hainbat adierazle. Egoera horiek gainditze aldera, 2021etik lantzen ari garen kontzeptua da euskararen errepublika, justu orduan eragile independentista gisara definitu zelako EHE. Hizkuntza larrialdiari aurre egiteko ere ezinbestekotzat dugu independentzia: euskararen errepublika. 

SUGOI ETXARRI:  Gure ustez, neurri aringarri asko har daitezke, baina benetan gure hizkuntzaren eta gure hizkuntza komunitatearen sendabidea nahi badugu, olatu horren iparrean eduki behar dugu euskararen errepublika edo independentzia. Batez ere, ikusten dugulako Frantziako eta Espainiako Konstituzioak hor daudela, gauza guztien gainetik, eta horien azpian ezingo dugula euskararentzako lehentasunezko estatus bat lortu. 

GURRUTXAGA: Eragile zenbaitek euskara despolitizatzeko joera dute askotan. Guk, justu, kontrakoa uste dugu, uste dugulako independentziarik gabe ez dugula izango nahiko mekanismo eta baliabide Euskal Herria berreuskalduntzeko. 

«Uste dugu independentziarik gabe ez dugula izango nahiko baliabide Euskal Herria berreuskalduntzeko»

INTZA GURRUTXAGA
Zeuek aipatu duzue: Euskalgintzaren Kontseiluak esan du euskara larrialdian dagoela. Asteburu honetan bertan deitu du egoera hori gainditzera eta indarraldirako bidea egitera. Aurrez, manifestaziorako deia egitean, larrialdiaz ohartarazi zenuten zuek ere. Zuentzat, zein dira atzeraldia erakusten duten adierazlerik argienak?

ETXARRI: Badira hamarretik gora urte gure hizkuntza biziberritzeko prozesua geratuta dagoela, eta arriskutsuak diren atzerapauso batzuekin, gainera, arnasguneen kasuan-eta, adibidez. Geraldi hori ikusita-edo, gainera, gure hizkuntzaren kontrako indarrak ari dira...

Oldartzen?

ETXARRI: Gure kontrako indarrak handitzen; eraso horien harira, eta gure ahultasun hori ikusita, euskaldunok gure egoeraren kontzientzia erreala hartzeko unea da, eta esnatzekoa, piztekoa. 

«Euskaldunok gure egoeraren kontzientzia erreala hartzeko unea da, eta esnatzekoa, piztekoa»

SUGOI ETXARRI
Kontseiluak berak larrialdiaren mezua ozendu izana, eta indarraldirako bidean urratsak egiteko beharra nabarmendu izana albiste positiboa da, noski.

GURRUTXAGA: Bai, bai, zalantzarik gabe. Azken batean, euskalgintzan gabiltzan eragileekin adostutako bide bat da, eta horrek ematen dio indar bat. 

Herriz herri ibili zarete, larunbaterako deialdiaren berri ematen. Zer jaso duzue? 

ETXARRI: Sumatzen da kalea hartzeko beharra, eta uste dut behar intuitibo hori euskaltzaleak baduela: elkartzeko beharra, bakoitzak bere bakardadean eramaten duen eguneroko borroka hori kolektibizatzeko. Bestalde, independentziaren beharra erdigunera ekartzeko nahi bat ere sumatzen dugu. Irakurketa ezberdinak daude, baina euskaltzaleen artean badago sektore bat argi ikusten duena independentziaren beharra, eta hori kalera atera beharra.

GURRUTXAGA: Herri batzuetan zenbaitek etsipenetik ere hitz egin dute; ezin da ukatu hori, batzuk nekatuta daude. Jende horrek oso gustura hartzen du gu planteamendu honekin joatea. Belaunaldi berri bat gara, eta hori ere eskertu dute; EHE egon da nahiko baxu, eta nik sumatu dut itxaropen bat ere aurkezpen horietan.

ETXARRI: Herriz herriko bira probestu dugu, baita ere, intsumisioak eta desobedientziak euskararen borrokan egin dezaketen ekarpenaz aritzeko, eta hor ere hausnarketa interesgarriak atera dira.

Gorka Torreren borroka ildoa goraipatu duzue jardun horretan. Bi aldiz epaitu eta zigortu dute aurten, euskaldunen hizkuntza eskubideen urraketa salatzeko ekintzak egitea leporatuta. Zer ikasbide nabarmendu nahi duzue haren ekintzetatik?

Etxarri: Hizkuntza larrialdia ikusarazteko oso bide aproposa da desobedientzia, egunero normalizatuak ditugun hainbat muga gaindituz egiten den borroka bidea muga horiek desnormalizatzeko bidea delako. Gorka Torre bada oso adibide egokia guretzat, EHEko kidea da, eta bide oso interesgarria zabaltzen ari da. Ez da ari bera bakarrik. Badaude eredu oso interesgarriak non desobedientziaren bidetik ari diren muga horiek desnormalizatzen, eta horren bidez espazioak irabazteko baldintzak jartzen. 

«Desobedientzia indibidualetik kolektiborako jauzia egin nahi dugu»

INTZA GURRUTXAGA
Hor sakontzen jarraitzea da, beraz, asmoa?

GURRUTXAGA: Bai, eta desobedientzia indibidualetik kolektiborako jauzia egin nahi dugu. Horrek bai eskatzen duela sare bat, babes bat, eta guk irudikatzen dugu elikatzen joan beharko dugun prozesu baten moduan. 

Bide horretan, kalea irabazteko ahaleginek ere berebiziko garrantzia dute, ezta?

GURRUTXAGA: Zalantzarik gabe; kalea hartzen duzunean, ikusarazi egiten duzu egiturazko zapalkuntza bat dagoela, eta beste dimentsio bat hartzen du zu egiten ari zaren lan horrek. 

ETXARRI: Bai, eta oso lotuta dago indibidualismoa puskatzearekin ere. Bestelako egoerak sortu nahi baditugu, kolektiboki egin behar dugu, kalera atereaz, harrotuz. Hortik egingo dugu. Konplexu asko ditugu kentzeko, eta hori bakarka ezin dugu egin. 

«Konplexu asko ditugu kentzeko, eta hori bakarka ezin dugu egin»

SUGOI ETXARRI
Gazteak zaudete orain EHEn lehen lerroan. Gazteek eratua dute Gazte Euskaltzaleen Sarea ere. Agerikoa da hor eragiteko gogo bat. Aliantzak josi eta euskaltzaletasuna indartzeko bide bat bada hor?

ETXARRI: Elkarlanean ari gara Gazte Euskaltzaleen Sarearekin; bateragarriak gara, ildo berean goaz. Gazteak euskalgintzara sartzea garrantzitsua da, baina ez da gazteon borroka bakarrik, helduek ere, etsita eta nekatuta egon daitezkeen heldu horiek berriz heldu behar diote. Ezin da borroka gazteengan bakarrik utzi. Denon artean egingo dugu, edo, bestela, ez dugu egingo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.