Hizkuntza kudeaketarako «akuilua»

Jendaurrean Erabili dinamikan parte hartu duten hainbat eragilek bidean ikasitakoak azaldu dituzte, eta etorkizuneko erronkak irudikatzen ere ahalegindu dira.

Helios Del Santo, Monika Rodrigo, Susana Azpilikueta eta Olatz Arrizabalaga, gaur. ANDONI CANELLADA / FOKU
Helios Del Santo, Monika Rodrigo, Susana Azpilikueta eta Olatz Arrizabalaga, gaur. ANDONI CANELLADA / FOKU
arantxa iraola
2024ko azaroaren 22a
19:00
Entzun

AEK. MU Mondragon Unibertsitatea. Getxoko Udala. Donostiako Zinemaldia. Lau erakunde dira, aski ezberdinak izaeran, tamainan eta helburuetan, baina beste hamarnaka erakunderekin batera, elkarrekin egin dute bidea Jendaurrean Erabili dinamikan, eta, ikasitakoen berri emateko, gaurko ekitaldiaren harira, solasaldi batean parte hartu dute erakunde horietan komunikazio ardurak dituzten hainbat profesionalek: Getxoko Udaletik Monika Rodrigok hartu du hitza; MUtik, Susana Azpilikuetak; Zinemalditik, Olatz Arrizabalagak; eta AEKtik, Helios del Santok. Azken horrek esan du ekinbidea, batez ere, «akuilua» izan dela hizkuntza kudeaketaz gogoetatzeko.

«Euskaratik eta euskaraz» jarduteko ahalegin betean bizi dira AEK-n, baina, gizartearen euskalduntzea helburu, euskara ulertzen ez dutenengana iristea da haien helburuetako bat, eta hor landu behar izaten dute hizkuntza kudeaketa. Bide horretan, beste eragileekin solaskidetza aski aberasgarria izan dela adierazi du. «Lezio gutxi, eta asko ikasi». 

Rodrigok nabarmendu du beraiek Getxoko Udalean egin behar izaten dituzten komunikazio lanetan egokiago jarduteko aski baliagarria izan dela urteotan gainerako erakundeekin batera egin duten langintza. Ereduak jaso dituzte: «Ikusi dugu beste toki batzuetan nola egiten duten». Lanean jarraitzeko adorea ere lortu dute: «Saioak oso baliagarriak izan dira ikasteko, konpromisoak sakontzeko, ez ahanzteko». Erakunde publiko bat diren heinean, legeak hala aginduta, «elebitasuna» bermatu behar dutela esan du, eta hor berme osoz aritzeko bidea landuz joan direla urteotan. 

Atzerrietara begira

MUren gisako erakunde batean, kanpoan egoitzak-eta badituela aintzakotzat hartuta, hizkuntza kudeaketak ezinbestean gogoeta ugari eskatzen dituela nabarmendu du Azpilikuetak. Irizpideak jarriak dituzte berez, euskara lehenesteko. Kanpo komunikazioan sortzen dituzten edukien %70 euskaraz sortu behar dituzte, hain justu ere. 

Ez da beti erraza. Hainbat adibide jarri ditu zailtasunak zer-nolakoak diren azaltzeko. Esaterako, Latinoamerikan egoitzak martxan jarri zituzten neurrian, ugaritu egin zen gaztelaniaren erabilera sare sozialetan, eta gailendu ez zedin propio sortu behar izan zituzten egoitza horietarako kanalak, berezituak. Horra aipatu duen beste arazo bat: azpikontratatuta daukate kanpo komunikazioa, eta, kontratatutako enpresan langile guztiak euskaldunak ez zirenez, ezin zuten bermatu euskarazko hedabideekin euskarazko arta. Irizpidea jarri behar izan zieten haiei ere: «Gutxienez langile batek euskal hiztuna izan beharko zuela». 

Eta «erronka» berriak ate joka direla gogoratu du: enpresa asko «talentua» erakartzeko ahalegina egiten ari dira, kanpoko herrialdeetatik helduko dira langile eta ikertzaile asko, eta MUn, gizarteko beste eremu askotan bezala, hor euskarari tokia nola egin aztertzen ari dira.

Zinemaldian ezarrita dauzkaten irizpideetan «oreka» bilatu behar dute hiru hizkuntzaren artean: euskara, gaztelania eta ingelesa. Hirurak dira «ofizialak» haien jardunbidean. Bide horretan, Jendaurrean Erabili esperientzia «oso positiboa» izan dela esan du Arrizabalagak. Lehen zituzten irizpideez harago, horiek «sistematizatzeko» bideak ikusi dituzte. Estimatu du, batez ere, «jende oso aditua» izan dutela bidean aholku ematen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.