Nestor Esteban. EHEko bozeramailea

«Hizkuntza komunitate gisa erantzun beharko genieke erasoei eta mozketei»

Larunbatean egingo du Euskal Herrian Euskaraz taldeak, Agoitzen, Euskaraz Bizi Eguna. Nestor Esteban bozeramaileak adierazi du, euskararen aldeko hautua indartzeko «mugarri» izatea nahi dutela.

ainara arratibel gascon
Andoain
2013ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
«Kezkaz». Halaxe ikusten du euskararen egoera, Nestor Estebanek (Iruñea, 1977), EHE Euskal Herrian Euskaraz-eko bozeramaile berriak. Uste du azkenaldian hartu diren zenbait neurrik, eta egin diren hainbat murrizketek euskararen egoera okertu dutela. Beste hizkuntza politika batzuk eskatu ditu.

Nola hartu duzu EHEko bozeramaile kargua?

Erakundean ez zaigu gustatzen karguez hitz egitea. Aldi bakoitzean gauza bat egitea tokatzen zaigu, eta orain lan hau egokitu zait. Baina denak EHEko kideak gara.

Larunbatean Euskaraz Bizi eguna egingo duzue Agoitzen. Zein helbururekin?

Oraingo honetan ere, euskaraz bizitzeko hautua indartzeko mugarribat izatea nahi dugu. Hautu hori indartzeko beharra ikusten dugu. Garenaz harro gaudela erakutsi behar dugu. Hori irudikatu nahidugu. Betiere, hizkuntz eskubideen defentsaz ahaztu gabe. Aurten Euskal Herriko ekialdera eraman nahi izan dugu.

Zer-nolako egitaraua prestatu duzue?

Egitaraua prestatzerakoan auzolana izaten dugu oinarri beti. Herriko talde sozial eta kulturalek hartuko dute parte, euskalgintzarekin batera. Horrez gain, eskualdeko beste zenbait taldek ere parte hartuko dute. Jaia eta aldarrikapena uztartuko ditugu. 10:30etik aurrera denetik izango da: kale animazioa, haurrentzako tailerrak, eskulangintza azoka, herri bazkaria, kontzertuak... 18:00etan kalejira aldarrikatzailea eta ekitaldia egingo ditugu, Ez zaitez espaloitik jaitsi. Euskaraz Bizi! lelohartuta. Protesta koloretsua eta jendetsua izatea nahi dugu.

Zergatik lelo hori?

Duela bi urte, Etxarri-Aranatzen, Euskal Herrian Euskaraz-ek eta udalak hizkuntza jarreren eta jokabideen inguruko tailer bat antolatu zuten. Tailer horretan bazegoen testu bat lelo horrekin. Hor, apartheid garaian Bahama uhartean zeukaten egoera kontatzen da. Beltz bat espaloitik bazihoan eta zuri batekin egiten bazuen topo, beltza espaloitik jaisten zen. Errealitate hori euskararen egoerara ekarri nahi izan dugu. Erdaldun batekin topo egitean, edo euskaraz jakin eta erdaraz egiten digun batekin topo egitean, euskaldun asko, euskararen espaloitik salto egin, eta erdarazkora pasatzen dira. Hori ez egiteko, eta euskaraz bizitzeko apustua egiteko eskatu nahi diegu herritarrei.

Nafarroanez dirudi politika publikoek hori ahalbidetzen dutenik.

Nafarroako Gobernutik ezin dugu ezer espero. Alderantziz, hizkuntza politika etnozida bat ari da aurrera eramaten. Hartzen dituen neurri guztiak euskararen aurkakoak dira. Horren adibide argigarrienetakoa hezkuntzan egiten ari dena da. Gaztelaniaren eta ingelesaren mesedetan, euskarari kalte egiten ari zaio. Zerbait lortu bada, aurrerapauso txikiren bat eman bada, herri mugimenduaren ahaleginari esker izan da. Hori beste herrialdeetan ere gertatu da.

Iparraldean ere egoera ez da erraza.

Frantziako Gobernuak azkenaldian hartutako neurriak ikustea besterik ez dago: Hendaiako ikastolarekin gertatutakoa, Hizkuntza Gutxituen Agiria ez sinatzea... Frantsesa da haientzat hizkuntza bakarra, eta egoera kezkagarria da.

Nola ikusi dituzue Eusko Jaurlaritzak euskaran egin dituen murrizketak?

Murrizketa horiek hizkuntza politika jakin bati erantzuten diote. Ez da euskara lehenesten. Aldatu behar denahizkuntza politika da, eta horrek ekarriko du aurrekontuak beste batzuk izatea. Eusko Legebiltzarraren osaketa ikusita sortu zen itxaropena zapuztu egin da.

Nola erantzun behar zaio?

Herritarrek euskararen aldeko hautua indartzen dugun heinean, politiketan norabide aldaketa bat izan daitekeela uste dugu. Hautu hori indartzeko dinamikak herriz herri, auzo auzo, sustatu behar ditugu. Aldi berean, ona izango litzateke hizkuntza komunitate moduan erantzutea. Azterketa bateratu bat egin behar dugu, eta hizkuntza politika burujabe eta propio bat lortzeko bidean urratsak egin. Izan ere, herri euskaldunenean ere ezin da euskarazbizi. Horretarako masa kritiko bat badago, eta hori aprobetxatu behar da.

Dena den, euskalgintza eta herritarrak ez al dira lasaiegi egon?

Garai batean herri mugimenduak lan handia egin zuen, eta gero atomizazio bat izan zen. Administrazio publikoen politikaren ondorioz, euskalgintzako hainbat eragile ekonomikoki ito egin zituzten. Horren ondorioz, bakoitzak nahikoa zuen berea aurrera ateratzen. Bainaberriro ere elkarlanaren bidean pausoak ematen ari dira, hedabideak dira horren adibide. Horretan jarraitu behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.