Hizkuntza gutxituen kontra Frantziako Konstituzio Kontseiluak hartutako ebazpena eta haren ondorioak aztertu zituzten, atzo, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko udako ikastaroetan. Hitzaldi sorta bat baino gehiagoren bidez, azken hilabeteetan hizkuntza gutxituen aldeko eragileak okupatu dituen gaia xehatu zuten adituen artean, ondorio argi batekin: Frantziako Konstituzioa aldatzea da gelditzen den aukera bakarra; 75-1 artikulua moldatzea eta osatzea, hizkuntza gutxituek ofizialtasuna eskura dezaten Frantziako Estatuan.
Philippe Blanchet Rennesko (Bretainia) Unibertsitateko irakasleak Frantzian hedatua den hizkuntza ideologia aipatu zuen. Ohartarazi zuen Frantziako Estatuak berretsiak dituela hizkuntza eskubideak onartzen dituzten nazioarteko itun bat baino gehiago, baina ez dituela errespetatzen: «Konstituzio Kontseiluaren ebazpena erabat kontraerranean da testu horiekin».
Alta, horrek ez du sortzen arazorik Frantziako gizartean, herritarrei hizkuntza ideologia nazional bat buruan sarrarazten dietelako txikitatik, hezkuntzaren bidez: «Jende anitzek kontsideratzen du ez dela ilegitimoa hizkuntza bat inposatzea eta gainerakoei hizkuntza bat mintzatzea debekatzea». Frantziako Iraultzatik eratorritako joera aipatu zuen: «Frantziaren eraikuntza federala borrokatu zuten, eraikuntza zentralista baten mesedetan. Hizkuntza bakar bat inposatu zuten, aniztasuna batasunarentzat arrisku bat zela sinetsita. Parisko elitearen hizkuntza bilakatu zen herritarren eredu». Izu garaian hartu zituzten «lege biziki zorrotzak» oroitarazi zituen, Frantziako Estatuko gizartearen %12 baizik ez zela frantsesez mintzo azpimarratuta. «Jules Ferryren garaian, logika koloniala gailendu zen: goiko arrazek beheko arrazak zibilizatu behar zituzten; euskaldunak, bretoiak... salbaiak ziren».
Frantsesak,«pribilegiatuak»
Blancheten hitzetan, berdintasun printzipioa aipatzen da jendea desberdina delako. «Denak berdin bilakatu ditugula dioen frantziar filosofia akats bat da. Aniztasuna ezin da eragotzi. Beraz, denak berdinak izatea ezinezkoa bada, ezberdintasunak atxikitzen dira. Berdintasuna egon zedin, frantsesa ez zen izan beharko nehoren hizkuntza. Frantsesak pribilegiatuak dira; haien hizkuntzak ditu eskubideak ematen: abantaila guziak, berehala». Hori da arazoaren funtsa: «Hizkuntza eskubideak aitortzeko eskatzen dugularik, eskubide partikular batzuk eskatzen ari garela uste dute».
Orain arte hizkuntza gutxituei lege esparru bat emateko izan diren saiakera guziek bezala, Molac legeak ere Frantziako Konstituzio Kontseiluari «enbarazu» egiten diola uste Blanchetek: «Ez zaio posible berdintasunaren dogma zalantzan ematea, baina behartua da zerbait laxatzera. Artikulu batzuk onartu ditu, baina murgiltzearena ez. Funtsean, Konstituzio Kontseiluak eragotzi nahi duena da frantsesa ez den beste hizkuntza batean egitea murgiltzean oinarritutako irakaskuntza. Murgiltzea da araua Frantziako eskola publiko guzietan. Frantsesa ez den beste hizkuntzak debekatu nahi dituen erabaki ideologiko bat da».
Konstituzio aldaketa
Paul Molac Bretainiako diputatuak Frantziako Asanblean eta Senatuan hizkuntza gutxituen legea pasarazteko bide luzea kontatu zuen. Bereziki azpimarratu zuen Max Brisson (LR) eta Frederique Espagnac (PS) Ipar Euskal Herriko senatariek emandako laguntza, eta Frantziako Konstituzio Kontseiluak hartutako ebazpena deitoratu zuen. «Erabaki erreakzionarioa da». Eta orain zer? galderari erantzuten saiatu zen. Haren hitzetan, edozein lege berri Konstituzio Kontseiluaren galbahetik pasatuko litzateke, eta, beraz, ez du merezi. Ondorioz, konstituzioa aldatzea da bide bakarra. Frantziako Parlamentuaren hiru bostenek babestu behar dute aldaketa. «Posible da? Frantziako hizkuntza frantsesa dela dioen 2. artikuluari eraso egitea, dogmari eraso egitea da». Hizkuntza gutxituak Frantziako «ondare» direla dioen 75-1 artikulua moldatu eta osatzea da bidea, haren ustez: «Idatzi beharko litzateke hizkuntza horien murgiltze bidezko irakaskuntza konstituzionala dela». Haren irudiko, heldu den udaberriko presidentetzarako hauteskundeak aitzin egingarria da «teknikoki», baina politikoki «zailagoa» ikusten du: «Politikaren eskuinera lerratze bat bada, nazionalismoaren gorakada bat», esplikatu zuen.
Eneritz Zabaleta zuzenbidean doktorea iritzi berekoa da. «Konstituzio aldaketa billarrean aritzea bezalakoa da: zure kolpeak aurreikusi gabeko ondorioak izan ditzake». Biziki adierazpen «esplizitua» beharko da: «Idatzi behar da murgiltze sistema aplikatzen ahal dela eta frantsesaren ondoan beste hizkuntzak ere baliatzen ahal direla zerbitzu publikoetan. Hitz lausoak ez dira aski izanen».
Azkenik, Molacek nazioarteko helegite bat ere baztertu zuen. «Nazioarteko itunak zuzenbide biguna dira. Frantzia erasiatzen dute, baina ez du deus aldatzen. Ez dago zigorrik; gomendioak dira». Frantziako presidentetzarako hauteskundeak jomugan ditu: «Botere politikoak erabaki du Konstituzio Kontseiluaren erabakia ez gauzatzea; presioa atxiki behar dugu. Abagune politiko bat badugu, ireki den leiho bat. Kanpainan inplikatu behar dugu, eta hautagaien engaiamenduak lortu».
Hizkuntza ideologiari buru egiteko beharra
Frantziako Konstituzio Kontseiluak hizkuntza gutxituen legearen kontra hartutako erabakia Frantzian hedatua den «logika linguistiko nazionalaren» barnean kokatu dute EHUko udako ikastaroan. Konstituzio aldaketa jarri dute ardatz gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu