Hizkuntza gutxituez txosten «irakurtezina» egitea egotzi dio EKEk Espainiari

Hizkuntza Gutxituen Europako Gutuna ez betetzea eta «iruzur» egiten duen txosten bat idaztea leporatu dio

Koldo Martinez, atzo, Europako Kontseiluko adituentzat Espainiak egindako txostena aurkezten. IÑIGO URIZ / ARP.
Iruñea
2011ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
«Behin eta berriz Espainiak betetzen ez duen hitzarmen baten kronika da Hizkuntza Gutxituen Europako Gutuna». Koldo Martinez EKE Euskara Kultur Elkargoko presidenteak azaldu duenez, gutun horren harira Espainiako Gobernuak Europako Kontseiluarentzat egin duen txostena «irakurtezina» da. «Herritarrek ez irakurtzeko egiten dute». Aurreko txostenetan Europako Hizkuntza Gutxituen Kontseiluko adituen batzordeak emandako oharrak ez dira bete, gainera, Martinezen esanetan. Espainiako Gobernuaren txostenaren ingelesezko itzulpenean, gainera, «iruzur» bat topatu du EKEk.

Espainiako Gobernuak Hizkuntza Gutxituen Europako Gutuna zenbateraino betetzen duen neurtzeko txostena egiten du Europako Kontseiluko adituentzat, haiek gero beren ebaluazioa egiteko. Museoetan eta liburutegietan euskaraz aurki daitezkeen liburuetan oinarritu duela salatu du Martinezek. «Mila orri baino gehiago dituen txosten irakurtezin bat da». 2005. eta 2008. urteetan, Espainiako Gobernuak bete behar zituen zenbait aholku eman zituen Europako Hizkuntza Gutxituen Kontseiluko adituen batzordeak, eta orain «porrotak» baino ezin direla zenbatu dio Martinezek. Nafarroako hainbat egoera jarri ditu adibidetzat.

Euskara Kultur Elkargoak, esate baterako, Euskarabideari «ongietorria» egin zion. Europako adituen kontseiluko batzordeak egindako aholkuetan oinarrituz sortutako txostena aintzat hartuta sortu zuen Nafarroako Gobernuak. Gaur egun, baina, «zaurituta» dago, Martinezek ohartarazi duenez. «Xabier Azanza Euskarabideko zuzendariaren gaitasun ezagatik, edo zer egin behar den ez jakiteagatik, egia da euskararen alde gutxi egiten duela». Bide horretan, Euskarabidera bideratutako aurrekontuak «nabarmen» murriztu direla salatu du Martinezek.

Etendako lanak

Bada kezkatzeko zio gehiago ere. Nafarroako Euskararen Kontseiluak euskara sustatzeko proposamenak egin zizkion Nafarroako Gobernuari. 2007. urtean egin zuten lehenengo bilera, eta 2009an azkena. «Ez dakigu zergatik eten zen haren lana, baina kasualitatez CDN alderdiko Perez Nievas kontseilariaren lanaren etenarekin izan zen», salatu du EKEk. Kontseiluak Euskararen Plan Estrategikoa egin zuen, baina 2010eko ekainean Alberto Catalan kontseilariak plana bertan behera utzi zuen: «Egun ez da plan berririk egiteko asmorik».

Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean euskararen sustapena bultzatzeko harremanak ere «begi onez» hartu zituen EKEk. Baina, alde horretatik ere, albiste onik ez: Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Lurdes Auzmendik berak aitortu du Nafarroako Gobernua «horma» bat dela euskarari buruz hitz egitean.

Nafarroan euskarazko hedabideek izan duten aurrekontuen murrizketa ere salatu du Martinezek. 2009ko aurrekontuetan %96ko beherakada izan zela dio. 2010 eta 2011ko aurrekontuetan 200.000 euro aurreikusi dira, baina oraindik ez dute ezer ere zehaztu. Hedabideen egoerari dagokionez, «benetan lotsagarria» da Martinezentzat Euskalerria irratiaren kasua. Hainbat epaiketa haren alde izan arren oraindik alegala izatea gaitzetsi du.

Espainiako Gobernuak egindako txostena ingelesera itzuli dute Europako adituentzat. Itzulpenean «iruzur» bat topatu du EKEk: «EITB lurreko telebista digitalean aurten ikusi ahalko zela jartzen du gazteleraz, eta ingelesez LTDan ikustea ezin dutela garantizatu jartzen du». Erantzukizunak eskatu ditu Martinezek.

ZUZENKETA: BERRIA egunkariak atzoko papereko zenbakian, 1. eta 10. orrietan, Espainiak idatzitako txostena Europako Kontseiluak berak egin balu bezala argitaratu zuen, gaizki ulertu baten ondorioz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.