Hizkuntza gutxituetako eragileek salatu dute Bordeleko errektorea dela irakaskuntzako oztopoen erantzulea

Euskal Herriko eta Okzitaniako eragileek Frantziako Hezkuntza ministroari dei egin diote azterketak hizkuntza gutxituetan pasatzeko eskubidea berma dezan.

(ID_17060927588685) (/EZEZAGUNA)
Hizkuntza gutxietako eragileak gaur egin duten agerraldian. BERRIA
Ekhi Erremundegi Beloki.
2024ko urtarrilaren 24a
11:45
Entzun

Parisen ez, Bordelen (Okzitania) da blokeoa. Hala uste dute Euskal Herriko eta Okzitaniako hizkuntza gutxituetako irakaskuntza eragileek. Aspaldi ez zen halako batasunik izan: Seaska, Biga Bai, Ikas Bi, Euskal Haziak, Euskara Geroan, Azterketak Euskaraz eta Ikas pedagogia zentroa, euskarari dagokionez; Calandretak, Oc Bi eta CRE okzitanierarentzat. Prentsaurrekoa egin dute Pauen (Okzitania), akademia ikuskaritzaren bulegoen aitzinean, eta azken urteetan hizkuntza gutxituen irakaskuntzan eta azterketak pasatzeko orduan izan dituzten oztopoak salatu dituzte.

Argi izendatu dute blokeoen erantzulea: Anne Bisagni-Faure Bordeleko akademiako errektorea. Adierazi dute bere eskaria izan dela brebetako ariketetako galderak frantses hutsean izatea, eta azken urteetan hizkuntza gutxituen irakaskuntzarekiko erakutsi duen «etsaigoa» salatu dute. Gutuna idatzi diote Amelie Oudea-Castera Frantziako Hezkuntza ministroari egoera salatu eta azterketak hizkuntza gutxituetan pasatzeko eskubidea berma dezala eskatzeko.

Azaro bukaeran Edouard Geffray DGESCO eskola irakaskuntzako Frantziako zuzendari nagusiak izenpetutako gutuna eskuratu zuten errektoretzek eta ikastetxeetako arduradunek. Bertan zehaztu zen 2024ko ekainean brebetako probetan hizkuntza gutxituan erantzuten ahalko dutela ikasleek, baina ariketen azalpenak eta horiei erantsitako dokumentu guziak frantsesez izanen direla. Ez soilik Zientzietako proban, Matematiketakoan eta Historia-Geografiakoan ere bai. Seaskak salatu zuen zenbait hamarkada gibelera egitea dakarrela horrek.

Pauen egin duten agerraldian jakinarazi dutenez, erabaki hori ez dator Frantziako Hezkuntza Ministeriotik. «Jakin dugu Gabriel Attalen kabinetea [Frantziako Hezkuntza ministro ohia] ez dela izan desmartxa horren oinarrian; Bordeleko errektoreak egin zion eskaria DGESCOari». Abenduaren 15ean, kolegioetara zirkularra bidali zuen errektoreak irakaskuntza zuzendariaren mezua bere eginez. 

«Hizkuntzen kontra»

Azken urteetako gorabehera guziak zerrendatu dituzte: kargua hartu berritan, errektore horrexek oztopatu zuen brebetako azterketak irakasle elebidunek zuzentzea. Seaskak ministerioari dei egin zionean, horrek erantzun zion errektoreak eskubide osoa zuela euskaraz idatzitako zientzietako azterketak onartzeko. Alta, debekua eman zuen. Iazko udaberrian, Seaskako ikasleek baimena bazutela erran zuen Pap'N'Diaye orduko ministroak.

Eskola publikoko eta pribatu katolikoko ikasleen egoera, haatik, konpondu gabe gelditu zen. Ekainean, «tolerantzia» izanen zuela erran zuen errektoreak; abenduan, publikoko eta pribatuko eskaerak «entzuteko prest» agertu zen, baina, abenduaren 15eko zirkularrean, debekua berretsi zien. 

Horrez gain, Bordeleko errektoretzak Seaskarekin eta EEPrekin izenpetutako hitzarmena ere bada. Aurreko errektorearekin adostu zuten baxoaren forma berrian Ahozko Handiaren zati bat euskaraz pasatzeko aukera izanen zutela ikastoletako ikasleek. Baina 2021etik aitzina, adostutakoaren «beste interpretazio bat» egiten zuela adierazi zuen Bisagni-Faure errektoreak, Seaskako ikasleen eskubideari uko eginez. Ikastoletako arduradunen hitzetan, argudio hori erabiltzen du gaur ere hitzarmen berriaren izenpetzea blokeatzeko. 

«Azterketen hizkuntza estrategikoa da ikasleentzat, baina hizkuntza politika eraman nahi dugun moldearentzat ere», adierazi dute hizkuntza eragileek ministroari idatzi dioten gutunean. Azterketetan hizkuntza gutxituak debekatzeak haien irakaskuntza hautatzen duen ikasle kopuruan eragin zuzena duela nabarmendu dute, nagusiki publiko eta pribatuan. 

Pisa emaitzak

Beste kezka bat ere badute hizkuntza eragileek: heldu den ikasturtetik aitzina, kolegioan Matematikako klaseak ikasleen mailaren arabera antolatzeko asmoa agertu du Hezkuntza Ministerioak. «Kolegio gehienetan irakasle bakarra dago Matematikak hizkuntza gutxituan emateko. Nola antolatzea pentsatzen duzue?». 

Frantziako Estatuko emaitzak anitz apaldu dira 2022ko Pisa txostenaren arabera. Kontrara, elebidunean ala murgiltzean hizkuntza gutxituen irakaskuntza hautatzen duten ikasleen maila urtez urte hobetzen ari dela erakutsi dute azken urteetako datuek. «Zure ministeriorik babes eta koherentzia handiagoa espero dugu», adierazi diote Oudea-Casterari. 

Ministroari egin eskaerak

  • Ariketen galderak. Brebetako ariketen galderak hizkuntza gutxituetara itzuliak izatea.
  • Zientzietako proba. Eskola publiko eta pribatu katolikoetako ikasleek ere brebetako zientzietako proba hizkuntza gutxituan erantzuteko eskubidea izatea. 
  • Baxoan Matematikak. Baxoan izanen den Matematiketako proba berria hizkuntza gutxituan erantzuteko eskubidea izatea.
  • Ahozko Handia. Hala nahi duten ikasleei baxoko Ahozko Handia hizkuntza gutxituan egiteko aukera ematea.
  • Matematikak kolegioan. Kolegioetan matematikak hizkuntza gutxituetan ikasten jarraitzeko aukera bermatzea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.