Iragan urteko martxoan aurkeztu zuten asmoa Itsasuko (Lapurdi) hautetsiek eta Euskal Konfederazioak: Hizkuntza Gutxituen Babeserako Europako Tokiko Ituna izenpetuz, helburua da Ipar Euskal Herriko instituzioetan euskarak Europako Kontseiluaren «babes politikoa» lortzea. Hala, Ipar Euskal Herriko hainbat herriko etxeri aurkeztu diote proiektua azken hilabeteotan. Oraingoz, 45 herri prest agertu dira Tokiko Ituna izenpetzeko, tartean Baiona, Hazparne, Urruña (Lapurdi), eta Donapaleu (Nafarroa Beherea).
Euskararen Egunaren karietara, gaur egitekoa zuten izenpetze ofiziala, baina «azken momentuko ustekabe» baten ondorioz, datorren urte hastapenera gibelatzera behartuak izan dira. Anartean, gainerako herriei dei egin diete ituna izenpetzeko. «Euskara lau haizeetara zabaltzeko biharko eguna berezia izanik, garrantzitsua iruditzen zitzaigun parada baliatzea oroitarazteko euskararen berreskuratze prozesuan lurralde kolektibitateek duten funtsezko rola, eta, bistan dena, Tokiko Ituna ofizialki izenpetzea erabaki duten 45 herri horien lana goraipatzea».
Iragan uztailean, jadanik 29 herri agertu ziren Tokiko Ituna izenpetzeko prest. Geroztik, lana segitu dute Itsasuko hautetsiek eta Euskal Konfederazioak, hura hedatzeko xedez. Zehazkiago, hizkuntza gutxituei babes politikoa ematen die hizkuntza politika hainbat arlotan garatzeko, hala nola hezkuntzan, justizian, administrazioan edota zerbitzu publikoetan. Horren gauzatzeko, 49 ardatz ditu itunak, norabideak finkatzeko, nolabait. Herriko etxe batek horietarik 35 hautatu behar ditu, gutxienez, «bere ahalen eta beharren arabera» ituna izenpetzeko. Bete beharreko xedapenak hautatu ondotik, Europako Kontseilura igorri behar dituzte, eta herriko kontseiluetan bozkatu, gauzatu daitezen.
Euskararen Nazioarteko Eguna
Hizkuntza gutxituen tokiko ituna onartu dute 45 herrik
Proiektuak Ipar Euskal Herriko dozenaka herriren parte hartzea lortu du, euskarak «babes politiko» bat ukan dezan Europako Kontseiluan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu