Hizkuntza eskubideak jomugan

Hizkuntza gutxituen tokiko ituna izenpetuko dute 45 herrik

Euskal Konfederazioak eta Itsasuko hautetsiek hasi proiektuak Ipar Euskal Herriko 45 herriren babesa lortu du, euskarak «babes politiko» bat lor dezan Europako Kontseiluan.

Tokiko ituna izenpetu duten lehen 29 herrien agerraldia, Itsasun, uztailean. PATXI BELTZAIZ
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko abenduaren 2a
10:09
Entzun

Iragan urteko martxoan aurkeztu zuten proiektua Itsasuko (Lapurdi) hautetsiek eta Euskal Konfederazioak. Azaldu dutenez, Hizkuntza Gutxituen Babeserako Europako Tokiko ituna izenpetzearen helburua da Ipar Euskal Herrian euskarak Europako Kontseiluaren «babes politikoa» lortzea. Hala, Ipar Euskal Herriko hainbat Herriko Etxeri aurkeztu diote proiektua, azken hilabeteotan. Oraingoz, 45 herri prest agertu dira Tokiko Ituna izenpetzeko, tartean Baiona, Hazparne, Urruña (Lapurdi), eta Donapaleu (Nafarroa Beherea).

Tokiko ituna Hizkuntza Gutxituen Euroitunaren bertsio berezi bat da, non eta lurralde kolektibitateek izenpetzeko aukera duten; Frantziako Estatuak baizik ez baitu euroituna bera izenpetzeko eta berresteko eskumena. 1999tik Frantziako Estatuak izenpetua du, baina ez du berretsia, Frantziako Konstituzioaren kontrakoa delakoan. Alta, Tokiko itunaren bidez, Europako Kontseiluaren «babes politikoa» lor dezake euskarak lurralde kolektibitateetan. Zehazkiago, hizkuntza gutxituei babes politikoa ematen die hizkuntza politika hainbat arlotan garatzeko, hala nola hezkuntzan, justizian, administrazioan edota zerbitzu publikoetan. Horren gauzatzeko, 49 xedapen ditu itunak, norabideak finkatzeko. Herriko etxe batek horietarik 35 hautatu behar ditu, gutxienez, «bere ahalen eta beharren arabera» ituna izenpetzeko.

Euskararen egunaren karietara, bihar egitekoa zuten izenpetze ofiziala, baina «azken momentuko ustekabe» baten ondorioz, gibelatzera behartuak izan dira. Anartean, gainerako herriei dei egin diete ituna izenpetzeko, eta jada bat egin dutenak txalotu dituzte. «Euskara lau haizeetara zabaltzeko biharko eguna berezia izanik, garrantzitsua iruditzen zitzaigun parada baliatzea oroitarazteko euskararen berreskuratze prozesuan lurralde kolektibitateek duten funtsezko rola eta, bistan dena, Tokiko ituna ofizialki izenpetzea erabaki duten 45 herri horien lana goraipatzea».

Iragan uztailean, jadanik 29 herri agertu ziren Tokiko ituna izenpetzeko prest. Geroztik, lana segitu dute Itsasuko hautetsiek eta Euskal Konfederazioak, 45 herri lotu arte. Betetzeko xedapenak hautatu ondotik, Europako Kontseilura igorri dituzte, eta herriko kontseiluetan bozkatu, gauzatu daitezen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.