Ipar Euskal Herriko 49 herrik Europako hizkuntza gutxituen tokiko ituna izenpetu zuten atzo, Itsasuko Sanoki gelan (Lapurdi) egin zuten ekitaldian. Bakoitza bere herrian euskara biziarazteko neurriak hartzera engaiatu zen, Europako Kontseiluaren babespean. Ekimenaren sustatzaileek espero dute ondoko hilabeteetan herri gehiago batzea eta Euskal Hirigune Elkargoak ere izenpetzea. «Euskararen alde orain arte egiten zena formalizatzeko manera da», Gillen Hiribarren Itsasuko hautetsiaren hitzetan. «Ez genuen itunaren beharrik, baina ematen dio ofizialtasuna, eta badu Europaren pisua».
2020ko herriko hauteskundeetan Itsasun aurkeztu zen zerrenda ezkertiar eta abertzalearen proposamena izan zen Europako hizkuntza gutxituen tokiko ituna izenpetzea. Beñat Dagorretek bultzatu zuen gaia hasieran, eta, bozetan irabazi ondotik, herriko kontseiluak bere egin zuen. «Beste herriekin elkarlanean aritzeko xedea genuen», esplikatu du Hiribarrenek. «Baziren iniziatibak: Hendaiak (Lapurdi) izenpetutako Kontseiluaren protokoloa eta Miarritzeko (Lapurdi) Herriko Etxean abiatutako lana. Baina ez zen saretzerik». Bilkura bat egitea proposatu zuten, «konbentzitzeko errazak» ziren beste herri batzuekin, Euskal Elkargoko ordezkariekin eta Euskal Konfederazioarekin. Urte eta erdiko lanaren ondotik, Ipar Euskal Herriko herriko etxeen kasik herenak batu dira iniziatibara, eta ondoko hilabeteetan gehiago ere izatea espero dute; Euskal Hirigune Elkargoak ere sinatzea nahiko lukete.
Europako hizkuntza gutxituen ituna onartu edo berretsi ez duten Europako estatuen ukoari izkin egiteko manera bat da tokiko ituna. Oinarrizko dokumentu bat eskaintzen du Europako Kontseiluak tokiko erakundeentzat, indarra zer esparrutan egin beharko litzatekeen definituta. 49 engaiamendu proposatzen ditu orotara, eta erakunde izenpetzaileak 35 hautatu behar ditu gutxienez. Europatik jarraipena egiten dute, epeak finkatzen dituzte, eta bi urtero ebaluazio bat proposatzen dute. Baina «lekuko» izaera duela zehaztu du Hiribarrenek: «Ez dute bereziki laguntzarik eskaintzen, ez dute dirurik ematen, ezta zigorrik ere». Hala ere, egun batez Frantziako Estatuarekin arazorik sortuko balitz, Europatik babesa izanen luketela espero du.
Europaren babesa
Hasieratik engaiatu ziren Urruñako (Lapurdi) Herriko Etxekoak. Pruden Sudupe hautetsia arduratzen da euskara gaiez, eta hasieran «lausoa» iruditu zitzaiola erran du, baina fite «interesa» piztu ziola gaineratu du. «Ez da hizkuntza planifikaziorako tresna bat, baina bide orri bat markatzen du. Indar harreman bat sortzeko aukera ematen du, eta hori herriak elkartuz lortu dezakegu». Frantzia saihestu eta Europaren legitimitatearen babespean aritzea da, Suduperen hitzetan, «ikusita legeen bidez gu txikitzera heldu direla». Argi du «sinbolikoa» dela, baina, haren ustez, bidea ikusi behar da, emaitza baino gehiago: «Herri txiki batzuentzat erraza zen, baina euskaltzaleak ez direnak ere hor dira. Tokiko itunean proposatzen dutena biziki zehatza da, eta herri batzuentzat lagungarria izan daiteke».
Ildo beretik jo du Maite Etxeberria Ozazeko (Zuberoa) auzapezak ere. «Europako ituna izenpetzeak eztabaida sortzen du, kontseiluan berean. Gai horietatik urrun den jendea ukitzeko manera ematen du». Frantziako Gobernuari begira ere eragin eta elkargoan eztabaida sortzen ahalko litzatekeela uste du. «Elkargoaren parte gara, eta badugu gure ahotsa entzunarazteko manera. Euskara, gaskoia eta frantsesa maila berean ezartzea erabaki genuen, baina praktikan ez da beti horrela. Bilkuretan frantsesez mintzatzen da, eta euskaraz mintzatu nahi badugu, guhaurek behar dugu geure buruaren itzulpena egin», esplikatu du. «'Barkatu, bi hitz erranen ditut euskaraz...' Nik ez dut horrela egiten, baina, hein horretan gara. Europako itunarekin badugu tresna bat normalizazioa akuilatzeko elkargoan berean».
Hizkuntza gutxituen tokiko ituna izenpetu dute 49 herrik
Itsasu herriak 2020an abiatu zuen desmartxarekin bat egin dute, eta euskara biziarazteko engaiamenduak hartu dituzte Europako Kontseiluaren babespean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu