Hizkuntza gutxituen aldeko eragileak batu egin dira babes juridikoa irmotzeko

ELENen ehunduta daude Europan hizkuntza minorizatuen alde ari diren elkarteak, eta biltzarra hasi dute Sardinian. EBn ofizialtasuna izatearen onura izango da solasgaietako bat

Hizkuntza gutxituen aldeko eragileak batu egin dira babes juridikoa irmotzeko.
arantxa iraola
2023ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Sardiniako hiriburuan, Casteddun, urteko biltzar nagusia abian du ELENek, Europan hizkuntza minorizatuen alde ari diren eragileen sareak. Erakundeak berak iragarri du sardinieraren inguruan ardaztuta egongo dela aldarrietako bat: hain justu ere, Italiako Gobernuari eskatuko diote Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna berresteko, eta hizkuntza gutxituei ematen dien lege geriza hobetzeko. Solaserako eta gogoetarako beste gaietako bat izango da uda honetan plazara atera den hau: hizkuntza gutxituen ofizialtasuna EB Europako Batasunean.

Europako Batasuneko 25 estatutan hitz egiten diren 50 hizkuntza eta 50 milioi hiztun ordezkatzen dituzten 174 erakunde batzen ditu ELENek. Batzarrak 50 ordezkari baino gehiago elkartuko ditu. Tartean Manex Mantxola dago, Euskalgintzaren Kontseiluko koordinatzailea. Batzarra garrantzitsua iruditzen zaio, batez ere elkarren berri izateko: «Izan ere, hizkuntza gutxituen aurkako eta aldeko politikek dinamika antzekoak dituzte askotan».

Espainiako Gobernuak eraman du ofizialtasunaren gaia lehen lerrora, Europako Batasuneko Kontseiluari eskatu baitio katalana, euskara eta galiziera ofizial egiteko. Espainiako Parlamenturako bozen ostean, gobernua eratzeko negoziazioak martxan dira; horretarako, Gorteetan aski boto lortu beharrean da PSOE, eta asmo horrekin Kataluniako alderdi politiko independentistekin izandako hartu-emanen ingurumarian ulertu behar da eskaria, baina mugarri bat ezar dezake hizkuntza minorizatuen aintzatespenean. Izan ere, oraindik hizkuntza gutxitu bakar bat da ofizial EBn: irlandera. 2022an lortu zuen ofizialtasun osoa, prozesu luze baten ostean. Estatu propio bat du, ordea, hizkuntza horrek atzean. Estaturik gabeko herrialdeetako berezko hizkuntzak dira euskara, galiziera eta katalana. Beste mugarri bat litzateke horiek EBn ofizialtasuna lortzea, oraindik parerik gabea.

Ikusi gehiago:Elin Haf Gruffydd Jones, ELENeko lehendakaria: «Estatus ofiziala aurrerapauso bat da Europako demokrazian»

Eske hori aztertzeko lehen bozketa irailaren 19an egin behar zuten, baina atzeratu egin zuten erabakia. Prozesua hasi izanak, hala ere, Europako Batasunean ofizial izateak hizkuntza minorizatuen babes juridikoan ekar ditzakeen ondorioen gaineko hausnarketak joritu ditu, eta ELENen biltzarrean ardatzetako bat izango dira. Europako Batasunaren Kontseiluan ofizialtasunaren gaia aztertzeko egin zen lehen bilkuraren atariko, ELENeko ordezkariek ohar batean defendatu zuten aldaketa, eta aldeko boza eskatu zuten. «Hizkuntza ofizial gisa hartzeak onura praktiko ugari dakartza, baita estatus ofizialak ematen duen prestigioa ere. Era berean, Europako Batasunari aukera emango lioke hizkuntza aniztasuna babesteko, eta herritarrei, berriz, beren hizkuntza EBko erakundeekin erabiltzeko», esan zuten.

Zuzentarauen garrantzia

Mantxolak berretsi egin nahi ditu orain ofizialtasunaren onurak. Argi du alor batean baino gehiagotan ikus daitezkeen aldaketak ekar ditzakeela: EBko bostehun zuzentarau inguru daude hizkuntza ofizialetan eragina dutenak, eta horiek arautzen dituzten arloetan tokia irabazteko era izango dute ofizialtzen diren hizkuntzek. «Kontsumoarekin eta kontsumitzaileen eskubideekin lotuta daude onura gehienak». Bereziki, ikus-entzunezkoen eremuan lor daitezkeen aurrerapausoak nabarmendu nahi ditu: «Izan ere, hor kuotak ezartzen dira Netflix eta antzeko plataformetara begirakoak. EBn zuk enpresa bezala zure produktuak saltzea eta funtzionatzea nahi baduzu, behartuta zaude herrialde bakoitzean Europan ofizialak diren hizkuntzetan kuota minimo batzuk eskaintzera». Ildo berean, «etiketak jartzean-eta» ere bermatu egin behar izaten da EBn ofizialtasuna onetsia duten hizkuntzen tokia.

Mantxolaren arabera, onerako aldaketak argiak izango lirateke hizkuntza gutxituen irakaskuntzan ere; esaterako, nazioartetik heldutako ikasleei-eta horretarako ateak ireki beharko litzaizkieke. «Hizkuntzak irakasteko eskolak eta euskarri askotarikoak» eskaintzeko aldagai garrantzitsua da, hain justu ere, ofizialtasuna.

Ez dago argi zer erritmotan egingo den aurrera ofizialtasunaren gai honetan. Eskea egiteko lehen bileraren ostean, Espainiako Gobernuak adierazi zuen asmoa zuela katalana ofizialtzeko bidea «lehenesteko». Kritikak eragin ditu horrek, baina Mantxolak nabarmendu du gizarte eragileen artean ez dagoela gaiaren gaineko desadostasunik: «Bat gatoz; hiru hizkuntzen gaineko eskea batera bozkatu behar da». Esan du, hala ere, katalanaren ofizialtasuna bakarrik onartzea ere «aurrerapauso» bat litzatekeela gainerako hizkuntzentzat: «Samurtu egingo luke pixka bat bidea».

Marcos Maceira Galiziera Normalizatzeko Mahaiko presidentea da; galizieraren normalizazioa dute xede, eta ELENeko kide dira haiek ere. Maceirak argi du ofizialtasuna lortzea ez dela zerbait «sinbolikoa» bakarrik. Eskearen sorburua orain PSOEk politikoki dituen premiek sortutako «oportunismoa» den arren, hizkuntza gutxituak presente egitea ekar dezake, modu erreal batean: «Kontsumoaren arloan, bereziki; bezeroen arretarako zerbitzuetan». Egun galizieraz jarduten duten hainbat udalen funtzionamendua ere erraztu dezake. «Izan ere, hainbat udalek dena galizieraz egiten dute, baina gero, Europako Batasuneko burokrazia tartean sartzen denean, gaztelaniara jo behar izaten dute, huraxe baita onartzen dieten hizkuntza ofiziala». Hautsi egiten du horrek erakunde horien hizkuntza hautua, eta lanerako zama da.

Mendeko

Maceiraren ustez, EBk emandako ofizialtasuna mesedegarria izan daiteke, oro har, estatu barruan hiru hizkuntzek duten babes juridikoa hobetzeko ere, eta aski lagungarria izan daiteke, halaber, koofizial hitzari lotutako mendeko egoerak gainditzeko. «Gainerakoan, gaztelania izaten beti hizkuntza nagusia, eta gainerakoak gara osagarriak», kritikatu du: «Azken finean, hizkuntza koofizialak subofizialtzat hartzen dira».

Omnium Cultural ere ELENeko kide da, katalanaren defentsan. «Ofizialtasuna oinarrizko kontua da», azaldu du elkarteko presidente Xabier Antichek. Gogoratu du ezen Katalana, euskara bezala, estatu bitan banatutako hizkuntza bat dela, Frantziak ez diela inolako lege babesik ematen, eta EBko ofizialtasuna hatsa litzatekeela aurrerabideak egiteko. «Izan ere, ofizialtasunik ezak asko zailtzen du normalizazioa».

EB Europako Batasunean ezartzen diren araudiek «globalizazio» betean aparteko garrantzia dutela gogoratu du Antichek, eta ezinbestekoa dela hizkuntza gutxituek horietan tokia irabaztea. Bide horretan «aitzindari izatea» eta «paradigmak aldatzea» ezinbestekoa dela uste du. «Estrategia bat behar dugu estatuek ezartzen dizkiguten eragozpenak gainditzen laguntzeko», zehaztu du. ELENen eratua duten sarea horretarako aski lagungarria dela pentsatzen du. «Era ematen digu beste hizkuntzekin aliantzak sortzeko eta elkarrekin oraindik ere urrunago ailegatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.