Hizkuntza gutxituen alde «ezer ez egitea» egotzi diote Espainiari

Europatik Espainiari egindako gomendioen jarraipena aztertu du Euskalgintzaren Kontseiluak

Paul Bilbao, iazko abenduan, Kontseiluaren urteko txostena aurkezten. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
2021eko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Europako Kontseiluak hainbat gomendio egin zizkion Espainiako Gobernuari 2018an, Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren sinatzaile den neurrian gabeziak igarri zituelako haren jardunean. Besteak beste, justizian eta administrazioan hizkuntza gutxituak aintzat hartzeko eskatzen zion. Hiru urte igaro dira orduz geroztik, eta, gutunaren betetze maila ebaluatzeko kontrol gisa, Espainiako Gobernuak txosten bat bidali zuen Europako Kontseilura. Ostera, erakunde horrek eskaera bat egin zion Euskalgintzaren Kontseiluari, Espainiaren azterketa horren inguruan zuen iritzia jakiteko. Txostena egin du, eta hutsuneak nabarmendu ditu Kontseiluak justizian eta administrazioan.

Hain zuzen, duela hiru urteko gomendioetan, euskarari lotutako bi aholku jaso zituen, Euskalgintzaren Kontseiluak ohar bidez azaldu duenez. «Batetik, justizia araubidean legea aldatzea eskatu zuen; eta, bestetik, estatuko administrazioaren zerbitzuetan hizkuntza gutxituen erabilera handitzeko». Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiaren esanetan, ordea, Espainiako Gobernuak ez du ezer egin. «Lotsagarria da hori. Eskaera bat eta zehatza egin zioten Europatik: Botere Judizialaren Lege Organikoaren 231 artikulua aldatzeko. Justizian gazteleraz ez beste hizkuntzetan aritzeko oztopo nagusia da lege hori. Espainiako Gobernuak, ordea, muzin egin, eta erantzun du hizkuntzen erabilerari buruzko ikerketa bat egiten ari dela. Horrek erakusten du ez duela inolako borondaterik herritarren oinarrizko eskubideak bermatzeko».

Estatuko administrazioei dagokienez, beste horrenbeste. Kontratazio publikoei buruzko aipamenik ez du egiten Espainiaren txostenak, ezta zerbitzu digitalei buruz ere. «Egun, eta pandemiaren ondorioz, administrazio elektronikoa da herritarren eta administrazioaren arteko bide erabiliena, eta eremu horretan ezer gutxi egin du Espainiak».

Bilbaok positibotzat hartu du Europako Kontseiluak Euskalgintzaren Kontseiluaren aholkua eskatzea. «Ikusi dugu gure oharrak oso kontuan hartu izan dituztela». Bestalde, Espainiako Gobernuaren jarrera ikusita, hizkuntza gutxituen eragileen arteko elkarlanaren beharra aldarrikatu du Bilbaok. Horren lekuko, Espainiako Kongresuan hizkuntza gutxituen sustapenerako eztabaidatuko duten legez besteko proposamena. Ez dute zehaztu noiz izango den eztabaida.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.