HIZKUNTZAK

Hizkuntza gutxituek gaztelaniaren pareko babesa izatea eskatu dute

Berezko hizkuntzen alde ari diren taldeek elkar hartu dute, eta eskatu dute Espainiak berma dezala "izaera eleaniztuna". Hizkuntzen ezagutza orokortzeko neurriak ezartzea nahi dute

Adierazpena egin duten eragileetako ordezkariak, Madrilen. KONTSEILUA
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko urriaren 29a
16:00
Entzun

Espainiako Gorteetarako hauteskundeen atarian, erkidegoetako berezko hizkuntzen aldeko elkarteek adierazpen bat aurkeztu dute. Finean, Espainiako Estatuari eskatu diote har dezala bere gain "izaera eleaniztuna" daukala, gaztelania ez ezik beste hizkuntza batzuk ere badituela lurraldean, eta eman diezaiela haiei ere lege babesa: "Pluraltasuna oinarri duen estatu eleaniztunerako bidea egin behar du". Berezko hizkuntzei gaztelaniaren pareko lege babesa bermatzea eskatu dute; besteak beste, neurriak hartzea ezagutza orokortzeko eta erabiltzeko eskubidea bermatzeko. Horrek ekarriko luke Espainiako legeetan gaztelaniak daukan gailentasuna aldatzea: "Bertan behera utzi behar da gaztelaniaren legezko inposizioa". Euskalgintzaren ordezkari, Kontseiluak parte hartu du adierazpen horretan.

Madrilen aurkeztu dute dokumentua. Espainiako Estatuan dauden tokiko hizkuntzetako eragileek hartu dute elkar: euskararen, katalanaren, galegoaren, aragoieraren eta asturieraren alde diharduten elkarteek. Joan den apirilean ere aurkeztu zuten gisa bereko adierazpen bat, nork bere lurraldean, baina bateratzea erabaki dute, eta Madrilen bertan aurkeztea aldarrikapenak.

Goiburu hau du dokumentuak: Hizkuntza aniztasuna: askatasuna, berdintasuna eta demokrazia. Ohartarazi dute milaka herritarri ez zaizkiela hizkuntza eskubideak bermatzen Espainiako Estatuan. "Normaltasunez bizi nahi dugu, askatasunez, edozein herritarrek gaztelaniaz bizitzeko dituen baldintza berberetan. Eta gaur egun hori ezinezkoa da". Datu bat jarri dute desorekaren adibide gisa: estatuko herritarren ia erdiak, %45, berezko hizkuntza bat dagoen erkidegoetan bizi dira.

Gogora ekarri dute, gainera, Espainiako Estatuak sinatuak dituela hainbat hitzarmen, hizkuntza eskubideei eragiten dietenak; besteak beste, Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna. Aldiz aldiko ebaluazioetan agerian geratu da hitzarmen hori ez duela betetzen.

Eskuinaren proposamenak
Gaur egungo lege desorekekin ez ezik, irits daitekeen atzerakadarekin daude kezkatuta adierazpena taxutu duten eragileak. "Inboluziorako jarrera" nabari dela azaldu du Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak. Espainiako eskuineko alderdiek hizkuntzei buruzko proposamenak egin dituzte hauteskunde programetan, guztiak ere gaztelania gehiago lehenestearen aldekoak eta tokiko hizkuntzak mugatzekoak. PPk eta Ciudadanosek, adibidez, gaztelaniaren erabilerari buruzko lege bat proposatu dute, erakundeek gaztelaniaz egitea ziurtatzeko eta berezko hizkuntza jakitea lanpostu batzuetan derrigorrezkoa izatea galarazteko —gehienez ere "meritua" izatea nahi dute—. Voxek ere baditu halako proposamenak; "hizkuntza komuna" lehenetsi nahi du. Administrazioan ez ezik, hezkuntzan eragin nahi dute bereziki: PPk eta Voxek gaztelania ezarri nahi dute irakats-hizkuntza gisara, eta berezko hizkuntzak "aukerakoak" izatea nahi dute.

Ezkerreko alderdiek nabarmen gutxiago aipatu dute hizkuntzen auzia. PSOEk adierazi du hizkuntzak "ondare kulturala" direla, eta "errespetua eta babesa" behar dituztela. Neurri zehatzik ez du aipatu, hala ere. Eskolan eleaniztasuna bermatu nahi du. Podemosek apenas aipatu du neurririk.

Hain justu, alderdi horiengan eragitea da atzo aurkeztutako dokumentuaren helburua: "konpromisoak" har ditzatela berezko hizkuntzak babesteko. Agirian ohartarazi dute giza eskubide bat dela nork bere hizkuntza erabili ahal izatea, eta estatuak "herritar guztien arteko berdintasuna, askatasuna eta justizia" bermatu behar duela. Ez da hori Espainiako Estatuaren kasua, sinatzaileek salatu dutenez. "Estatuak erreparatu behar die hizkuntza horietako hiztunek pairatu dituzten bereizkeria egoerei".

Nabarmendu dute hamarkada luzeetako joera irauli egin behar dela: "politika aktiboak" ezarri behar direla berezko hizkuntzak legez babesteko. Berdintasuna lortzeko. "Guztiontzako eskubide eta betebehar berak izango dituen gizartea bermatu behar da, eta ez gaztelania erabili nahi dutenentzat soilik".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.