«Dezepzio handi bat». Horrela laburbildu dute Eskolim sareko kideek Christophe Euzet eta Yannick Kerlogot Martxan alderdiko diputatuek Jean Castex Frantziako lehen ministroari helarazi dioten dokumentua. Orain dela bi hilabete hizkuntza gutxituen aldeko legea atzera bota zuen, partzialki, Frantziako Konstituzio Kontseiluak, eta hizkuntza gutxituen irakaskuntza murgiltze ereduan egitea Frantziako Konstituzioaren kontrakoa dela adierazi zuen. Ebazpenaren ondorioak aztertu eta proposamenak egiteko eskatu zien Frantziako gobernuburuak.
Hilabeteko epean, 60 bat elkarrizketa egin dituzte eragileekin, hautetsiekin eta adituekin, eta herenegun helarazi zioten txostena. Frantziako Estatuan hizkuntza gutxituek duten egoeraren diagnostiko zabal bat egin dute, eta Konstituzio Kontseiluak eskatutako koadroan sartzeko erantzun batzuk proposatu dituzte, ebazpenaren ondorioz itunpeko eskolek pairatzen duten ziurgabetasun juridikoari konponbiderik eman gabe, ordea.
Eskolim sareko elkarte guziek izan dute bi diputatuekin trukatzeko aukera. Alsaziako ABCM, Okzitaniako Calandreta, Bretainiako Diwan, Kataluniako La Bressola, Korsikako Scola Corsa eta Euskal Herriko Seaska elkarteak batzen ditu sareak. Elkarrizketa «adeitsuak» izan zituztela erran dute agiri batean, baina txostenaren edukiak ez dituela eztabaida horiek adierazten. «Txostengileen proposamenen berri harridura handiz hartu dugu; espero zenaren aurkakoa da», deitoratu dute. «Txostenaren proposamenek gure irakaskuntza praktika murriztea besterik ez dute bilatzen». Eskolim sareko elkarteen iritziz, Jean Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroaren norabideak segitu besterik ez dute egin bi diputatuek. «Konstituzio Kontseiluaren erabakiaren egunean adierazi zuenaren ildotik, hots, murgiltze sistemak eboluzionatu beharko zuela...».
Eskolim sareko kideen ustez, txostenak «funtsezkoa» ahanzten du: Frantziako Asanblean eta Senatuan izandako bozketak. «Ordezkaritza parlamentarioaren gehiengo handiak hizkuntzen irakaskuntza garatzea eta indartzea nahi izan du; aldiz, txostenegileek proposatutakoa inboluzioa da, atzerakoiak eta onartezinak diren gomendioak».
Gobernu emendakin bat
Agirian esplikatu dute ez direla ados bi diputatuek garatutako argudioekin. Eragileek eta hautetsi andanak eskatzen dutenaren kontrara, Frantziako Konstituzioaren aldaketa erabat baztertu dute, eta urtea bukatu aitzin lege berri batean hizkuntza gutxituen irakaskuntzari lekua egitea ezinezkotzat jo dute. Eskolim sareko kideek uste dute baietz, posible dela, eta azkenaldian Frantziako Asanblean eta Senatuan eztabaidatzen ari den deszentralizazio legean txertatu daitekeela. «Irailean, Frantziako Asanblean aztertuko dute lege proiektua. [Frantziako] Gobernu buruak baliatu behar duen aukera da lege proiektuari gobernu emendakin bat eransteko».
Txostengileen hitzetan, konstituzio aldaketa «ez da errealista, eta, funtsean, ez da desiragarria». Baina ez dute aipatu 140 parlamentarik babestu zutela proposamena. «Modem taldeak txostenari egindako ekarpena ere ez du aipatzen». Ekarpen horrek zehazten zuenez, «aldaketa konstituzional batek baizik ekar lezake aterabide iraunkor bat». 75-1 artikulua aldatzea proposatzen zuten.
Azkenik, itunpeko eskolek egindako eskaerei izkin egin izana deitoratu dute agirian. Txostenean ez da aipatzen ikastetxeak diruz laguntzeko dispositiborik, ez da proposamenik irakasleen prestakuntza indartzeari buruz, ezta azterketak —Brebeta eta Baxoa— hizkuntza gutxituan erantzuteko aukerei buruz ere. «Bi diputatuek kale egin dute; kopia berrikusi behar dute».