Hizkuntza gutxituak biziberritzeko topaketa egingo dute Gasteizen

Uztailaren 17tik 21era egingo dute Higa hizkuntza gutxituetako hiztun gazteen topaketaren laugarren aldia. Gazteen arteko «elkarlan sare» bat izatea nahi dute

Beñat Garaio, Iñaki Gurtubai eta Morgan Lincy Fercot, atzo, topaketen aurkezpenean. RAUL BOGAJO/ FOKU.
edurne begiristain
Gasteiz
2023ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Hizkuntza gutxituetako hiztun gazteen topagune bilakatuko da aurten Gasteiz, laugarrengoz. Uztailaren 17tik 21era egingo dituzte Higa topaketak, hizkuntzen biziberritze prozesuaz hausnartzeko eta esperientziak plazaratzeko. Atzo aurkeztu zituzten jardunaldiak, Oihaneder Euskararen Etxean. «Belaunaldi berriek euren jatorrizko hizkuntzak biziberritzea nahi dugu», azpimarratu zuen Iñaki Gurtubai Gasteizko Udaleko Euskara zinegotziak. Hizkuntza gutxituak darabiltzaten mundu zabaleko 75 gazte inguru espero dituzte Gasteizen. Topaketan izena emateko epea apirilaren 16ra arte egongo da zabalik.

Arabako hiriburua nazioarteko «erreferente» bilakatu nahi dute topaketekin. Gurtubai: «Gogoetarako, aktibismorako, lanerako eta hizkuntza gutxituen erabilera eta berreskuratzea bultzatzeko proposamenak eta informazioa trukatzeko gunea izango da».

2020an egin zituzten azken aldiz Higa topaketak, COVID-19aren pandemia betean, formatu birtualean. Oraingo honetan, ohiko formatua berreskuratuko dute. Aurreko aldiekin konparatuta, aurtengoak izango du berritasunik. Batetik, hizkuntza gutxituetako hiztunen «topaketa hutsa» zena «elkarlan sarea» bihurtzea nahi dute, Beñat Garaio Higako zuzendariak nabarmendu zuenez. «Mugarri bat jarri nahi dugu, gazteek ehundutako sarea indartu dadin, epe luzera».

Horretarako, martxan jarriko dituzte gazteen parte hartzea eta elkarlana bultzatzeko baliabide gehiago. Besteak beste, Higa Plaza izeneko ekinbidea egingo dute, ikus-entzunezko film laburren sorta interaktiboa. Bestetik, inoiz baino eragile gehiagoren babesarekin antolatu dituzte aurtengo topaketak. Babes horren erakusgarri, Unescok Higa aukeratu du Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Hamarkadaren barruko ekitaldi ofizial gisa.

Prest dute topaketen egitaraua. Hitzaldiak, mahai inguruak, lantegiak eta aisialdi ekintzak jorratuko dituzte bost egunez, goizean, arratsaldean eta gauean. Gaitegia, ere zabala da, Morgan Lincy Fercot topaketako arduradunak jakinarazi zuenez. Besteak beste, hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuak landuko dituzte, eta hizkuntza aktibismoaz, hizkuntza gutxituen «intersekzionalitateaz» eta teknologia berriek hizkuntza gutxituei zabaltzen dizkieten aukerez eztabaidatuko dute.

Indar metaketa

Hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuetan gazteak «funtsezkoak» direla nabarmendu zuen Garaiok. «Gazteak dira hizkuntza gutxituen alde lanik handiena egin dezaketenak, haien freskotasunaren eta ezagutzaren bitartez». Eta erantsi zuen «ispilu efektua» lortu nahi dutela topaketarekin, indar metaketa sustatzeko: «Ikusten baduzu badela komunitate bat zure egoera berean edo antzekoan dagoena, esperientzia horrek erraztu egiten du biziberritze prozesuan indarrak metatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.