Euskal Herriko eragile ugarik eman diote atxikimendua Euskalgintzaren Kontseiluak gaurko deitu duen manifestazioari. Atzo, halaber, Euskal Herritik kanpoko babesa jaso zuen martxak: Espainiako Estatuko hizkuntza gutxituen aldeko eragile nagusien ordezkariek iragarri zuten beraiek ere Bilbon izango direla gaur. Kontseiluarekin batera, adierazpen bateratu bat aurkeztu zuten katalanek, galiziarrek eta asturiarrek. Aragoiarrak ez ziren agerraldian egon, baina bat egin dute adierazpenarekin, eta manifestazioan izango dira arratsaldean.
Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak euskaraz irakurri zuen adierazpena; Marcos Maceira A Mesa pola Normalizacion Linguisticako lehendakariak, berriz, gazteleraz. «Norberaren hizkuntzan bizitzea Espainiako Estatuan milioika herritarri eragozten zaigun giza eskubidea da», hasi zuten hitzaldia. Eta, segidan, esan zuten «era guztietako oztopoak» dituztela euren hizkuntzetan bizitzeko: osasun arloan, merkataritzan, administrazioan eta arlo judizialean, besteak beste.
Euren hizkuntzen alde egiten den aurrerapauso bakoitzak «galbahe zorrotzak» pasatu behar dituela ohartarazi dute. Gainera, hizkuntza gutxituak babesteko dagoen «legedi eskasa erabat geldo» aplikatzen da. Hori gutxi balitz bezala, botere judizialak gidatutako «oldarraldia» pairatu behar dute orain: «Gure hizkuntzak jakiteko eta erabiltzeko gaitasunik ez izan arren, bere gain hartu du gure hizkuntzek non, noiz eta nola existitu behar duten erabakitzeko ahalmena».
Ikusi gehiago:Herritarren eskubideak erdigunean jartzeko deia egin du Kontseiluak
Oldarraldiari aurre egiteko «aurrerago» joan behar dutela azpimarratu dute. «Ezin dugu onartu auzitegietan irabazterik gure herrietan garaitu ezin dutena». Horregatik, beharrezkoa da «urrats politiko sendo eta ziurrak» ematea, diskriminazio, muga eta hertsapen guztiak ezabatu arte: «Gure hizkuntzetan askatasunez, berdintasunez eta justiziaz bizi gaitezkeela bermatu arte».
Adierazpen bateratua irakurtzeaz gain, galizieraren egoeraren berri eman du Maceirak: «Euskal Herrian gertatzen ari dena hizkuntza propioa duten beste lurraldetan ere gertatzen ari da». Duela bost urte, esaterako, epai batzuek udal administrazioan galiziera erabiltzeko eskubidea murriztu zuten. Izan ere, tramite judizialen «%0,8» besterik ezin da galizieraz egin. Askatasunik eza kritikatu du: «Zer askatasun dugu geure hizkuntzan hitz egiteko, ezin badugu udal administrazioan, hau da, herritarrengandik hurbilen dagoen administrazioan gure hizkuntza erabili, ulertuko gaituztela bermatuta?» Hori ikusita, beharrezkotzat jo du biharko manifestazioa A Mesako lehendakariak. Eta erantsi du Euskal Herriko galiziarren hainbat elkarteren atxikimendua ere lortu dutela.
Bide beretik mintzatu da Anna Oliver Accio Cultural del Pais Valenciako lehendakaria: espero du manifestazioa «jendetsua» izatea. «Ez dugu zalantzarik izan manifestazioari babesa emateko, hizkuntza ofizial bat dagoen lurralde guztietan pairatzen dugun arazoa baita». Botere banaketa «erreal» batean sinesten du: «Botere judizialak herritarren eskubideak murriztu nahi ez dituen botere banaketan».
Elkartasuna adierazi du Omnium Culturaleko nazioarteko ordezkari Elena Jimenezek ere, eta argi utzi du hizkuntza eskubideen urraketak «elkarrekin salatzen» jarraituko dutela. Azaldu duenez, katalanaren aurka «justiziak egindako erasoek» berekin ekarri dute botere judiziala ikasgeletan sartzea, eta horrek «hezkuntza ereduaren aurka» eta «gizarte kohesioaren aurka» egin du.
Hizkuntzen «estimua»
«Espainiako Estatuak ez ditu inoiz oinarrizko eskubide batzuk errespetatu: hizkuntza eskubideak», salatu du Andreu Carapuig Escola Valencianako kideak. Eta Joan Miralles Obra Cultural Balearreko lehendakariak gehitu du «kontakizun oso» bat sortu dutela: «Gaztelera gizarte kohesiorako hizkuntza dela adierazi dute, eta beste hizkuntza gutxituak, berriz, konfrontaziorakoak». Kontakizun horien ondorioz, «arazo» moduan irudikatu dituzte hizkuntza gutxituak. «Hauxe eskatzen dugu: gobernuak eta beste egiturek uler dezatela gazteleraz hitz egiten den lurraldeetan gaztelerari izan diezaioketen estimua guk geure hizkuntzei diegun bera dela; horregatik eskatzen dugu errespetua».
Asturiarrek ere badute zeresana. Izan ere, autonomia estatutuak ez du aitortzen hizkuntza horren ofizialtasuna. «Anomalia demokratiko bat dago, eta Aragoiko kideei berdin gertatzen zaie», esan du Ivan Llera Iniciativa por Asturianuko lehendakariak. Eta Natalia Suarez Xunta pola Defenda de la Llingua Asturianako bozeramaileak zehaztu du: «Gure hizkuntza eskubideak errespetatzen ez dituen errealitate bat pairatzen dugu». Beste tokietan bezala, haiek ere «hizkuntzaren eta hiztunen aurkako» erasoak jasan behar dituzte, gero eta «basatiagoak», gainera. Hori dela eta, hizkuntzaren ofizialtasuna aldarrikatu du.
Euskararen aurkako oldarraldia. Manifestaziorako deia
Hizkuntza gutxitu batzuen ordezkariek ere salatuko dute oldarraldia gaur
Bilbon izango dira katalanaren, galizieraren, asturieraren eta aragoieraren zenbait ordezkari. Euren hizkuntzek «nola existitu» behar duten adosteko ahalmena hartzea leporatu diote botere judizialari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu