Hizkuntz Eskubideen Behatokiak hizkuntza eskubideen urraketei buruzko 1.199 kexa jaso zituen 2021ean, aurreko urtean baino 51 gehiago; hau da, 2020tik 2021era, %4,44 egin du gora kexa kopuruak. Horietatik gehienak, 861, administrazioan izandako hizkuntza eskubideen urraketei dagozkie; gainerako 338ak, sektore sozioekonomikoan izandakoei. Eusko Jaurlaritza da kexa gehien bildu duen administrazioa, 282; horren ostean Nafarroako Gobernua dator, 149 kexarekin. Sektore pribatuan, berriz, merkataritza gune handiek eta saltoki kateek bildu dituzte kexa gehien, 89.
Urtero bezala, hizkuntza eskubideen egoeraren berri ematen duen txostena plazaratu du Behatokiak. Arreta berezia jarri dute administrazioek herritarrei eskaintzen dizkieten zerbitzu publikoetan, eta nabarmendu dute beharrezkoa dela gizarteari eskaintzen zaizkion zerbitzu publiko guztietan administrazio publikoek «hizkuntza politika egoki bat» ezartzea, baina horretarako ezinbestekoa dela langile publikoei betebehar batzuk jartzea: «Ezin da bermatu euskaraz bizi ahal izateko eskubidea lanpostu eta deialdi publikoen gaia behar bezala landu gabe».
Behatokiko arduradunek nabarmendu dute hogei urte baino gehiago daramatzatela hizkuntza eskubideen urraketak biltzen, oraingo egoerak eta duela hogei urtekoak badituztela antzekotasunak, eta horrek «urraketak betikotzeko arriskua» dakarrela: «Hogei urte hauetako argazkia antzekoa da; ez hori bakarrik, urte hauetan emandako pausoak edo egindako lorpenak arriskuan izan daitezke aurrerantzean», esan du Agurne Gaubeka erakundearen zuzendariak.
Antzeko mezua eman du Garbiñe Petriati Behatokiko teknikariak: «Urte hauetako neurriek erritmo mantsoegia izan dute, eta, eremu batzuetan, atzerapausoak ikusi genituen 2021ean ere».
Txostenean, euskara kontuan hartu ez duten hainbat lan deialdi publikoren berri ematen du Behatokiak. Nafarroa Garaikoak dira horietako asko. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, berriz, «tokiko administrazioetako lanpostuetan ez dago hizkuntza eskakizunik, ez kontratazioetan hizkuntza irizpiderik, kasu bakan batzuetan izan ezik».
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan herritarren hizkuntza eskubideek «lege babes handiagoa» izan arren, «ez dira eremu guztietan berdin bermatzen», txostenean agertzen denaren arabera. Epaitegietan hartutako zenbait erabakiren berri ere eman du Behatokiak, «EAEko hizkuntza politikari kalte egin diezaioketenak: besteak beste, 2021eko irailean EAEko Auzitegi Nagusiak Euskal Autonomia Erkidegoko Udalen Legea Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren esku utzi izana eta 2021eko maiatzean Irungo Udaltzaingo zerbitzurako hamabi lanposturi ezarritako hizkuntza eskakizunak bertan behera uzteko epaia aipatzen dira txostenean.
Osasungintzaren arloa
Aurreko urtean bezala, etaCOVID-19aren izurriak eragindako egoera kontuan hartuta, Behatokiak arreta berezia jarri du osasungintza publikoaren arloan. Hainbat kexaren berri eman dute txostenean: Osakidetzaren webgunean topatutako okerrak, PCR probei buruzko informazioa erdara hutsean eman izana, Ordiziako osasun etxean (Gipuzkoa) sendagile ordezko batek euskaraz ez jakitea, eta abar.
Ertzaintzak, Foruzaingoak eta herrietako udaltzainek egindako urraketak, hezkuntza arlokoak eta udal eta herriko etxeetan gertatutakoak ere jasotzen dira txostenean.
Arlo sozioekonomikoak ere tarte handia hartzen du Behatokiak plazaratutako txostenean: Lanbidek erdara hutsean bidalitako mezuak, euskara bazter uzten duten taberna, jatetxe eta dendak, erdara hutsez egindako publizitatea eta antzekoak jasotzen dira. Urraketa horietako asko supermerkatu, kirol denda eta jatetxe kate handiek egindakoak dira. Interes orokorreko zerbitzuetan ere kexa ugari jaso dira: Behatokiak nabarmentzen duenez, EAEn «interes orokorreko zerbitzuetako enpresek lege betebeharrak ere badituzte» Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Legeak ezarritakoaren arabera, baina, txostenean, banketxe, aseguru etxe eta energia enpresek egindako urraketa zenbaiten berri eman dute.
Hizkuntza eskubideen urraketei buruzko kexez gain, zoriontzeko edo esker oneko 73 mezu ere jaso zituen Behatokiak 2021ean. Hor ere gorakada egon da, aurreko urtean baino 37 mezu gehiago jaso baitituzte.
Behatokiak dei egin die administrazio publikoei «lehentasunez herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko egun dituzten hutsuneak aztertu eta neurri eraginkorragoak martxan jar ditzaten».
Hizkuntza eskubideen urratzeen 1.199 salaketa jaso zituen iaz Behatokiak
Aurreko urtean baino %4,44 kexa gehiago izan dira. Salaketa gehienak, 861, administrazioari dagozkio. Hizkuntza eskubideen urraketak «betikotzeko» arriskuaz ohartarazi dute Behatokiko arduradunek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu