Hizkuntza eskubideen protokoloaren aplikazioan pilotu izanen da Hendaia

Atzo izan zuen proposamenaren bozketa Hendaiako herri kontseiluak. Protokoloa sinatu zuten 22 zerrendak lortu zuten boterea bozetan

Atzo arratsean egin zuten, hain zuzen, proiektuaren inguruko bozketa, Hendaiako herriko kontseiluan. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Hendaiako herriko etxeak baiezkoa eman zion, atzo arratsaldean, Hizkuntza eskubideak bermatzeko protokoloaren udaletako garapenean pilotu izateari. Kontseiluarekin hitzarmena egitearen alde egin zuen herriko kontseiluaren gehiengoak, eta hautetsi bakar batek ere ez zuen kontrako iritzirik agertu. Ondoko asteetan izenpetuko dute ituna Herriko Etxeak eta Kontseiluak.

Hizkuntza politikaren ardura duen Itziar Aizpurua hautetsiak aurkeztu zuen proiektua. Oroitarazi zuen hogei urte daramatzala Hendaiak euskararen aldeko hizkuntza politika garatzen, eta horretarako «baliabide anitz» eman dituela. Euskararen Erakunde Publikoarekin eta Euskal Hirigune Elkargoarekin izenpetutako hobekuntza programa izan da horietako azkena, baina 2020. urtearekin batera bukatu da.

Hizkuntza eskubideak bermatzeko protokoloa aurkeztu zien herriko kontseiluko gainerako hautetsiei, ohartaraziz Europako hizkuntza gutxitu anitzetako ordezkarien babesa jaso zuela aurkeztu zutenean. Halaber, Kontseiluak eta Konfederazioak egindako egokitzapena azpimarratu zuen. «Agintean diren Hendaiako hautagaiek engaiamendua izenpetu zuten».

Bi fasetan eginen da proiektu pilotuaren gauzatzea Aizpuruak azaldu zuenez. Lehenik diagnostiko bat eginen dute, Hendaiako zerbitzuetan euskararen presentzia zenbatekoa den aztertzeko. Ondoren, aholkuak emanen dizkiete, hizkuntza politika plantan emateko. Kontseiluak emanen duen aholkularitza «urririk» izanen dela azpimarratu zuen, eta obratzea herriko etxearen esku izanen dela. Michelle Mounios Adurriagak «azken urteetan egindako urratsak» balioztatu zituen, protokoloarekin hobekuntza nabarmena emanen dela zehaztuta.

Engaiamenduak bozetan

Iazko martxoan eta ekainean izan ziren herriko bozak Ipar Euskal Herrian, eta euskararen garapenaren alde engaiatzeko eskatu zieten Euskal Konfederazioak eta Kontseiluak hautagaiei. Protokoloaren udaletako garapena aurkeztu zuten Lapurdira, Nafarroa Beherera eta Zuberoara egokitua, Frantziako Estatuko legediak jartzen dituen mugen barnean sartuz.

Gida baten gisara aurkeztu zieten hautetsiei, gobernatzen dituzten instituzioetan euskararen aldeko planak gara ditzaten. Bozetara aurkeztu ziren hirurogei bat zerrendak hartu zuten protokoloa aplikatzeko engaiamendua. Horietarik 22k gehiengoa eskuratu zuten haien herriko etxean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.