1.071 kasu zenbatu ditu Hizkuntz Eskubideen Behatokiak hizkuntza eskubideen egoeraren inguruko urteroko txostenean. Horietatik %91 kexak dira. Atzo goizean eman zuten horien berri, Bilbon egindako aurkezpen batean. Kasu gehienak administrazioekin lotuta daude, batez ere Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin, baina «eremu sozioekonomikoan» ere jarri dute begia: Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak salatu du interes orokorreko zerbitzuetan (energia hornitzaileak, telekomunikazio enpresak, finantza eta aseguru etxeak) ez dituztela errespetatzen hizkuntza eskubideak, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lege betebeharrak eduki arren.
Behatokiaren eledunak baliabide «efektiboak» eskatu dituadministrazio publikoek «erabateko gaitasuna» izan dezaten «euskaraz normal funtzionatzeko». Horretarako, hizkuntza eskubideei «lege babes handiagoa» ematea galdegin du, «euskararen lurralde osoan».
Aurrerapen faltaz ohartarazi du Gaubekak: «Urteak aurrera joan ahala, euskaraz bizitzeko eskubidea erabat oztopatuta, mugatuta edo aitortzarik gabe daukagu euskararen lurralde osoan».
Administrazioen zerbitzu telematikoetan ere ipini dute arreta, herritarrek gero eta maizago erabiltzen dituztelako gaur egun. Gaubekaren esanetan, oraindik hainbat webgune eta sail daude euskaraz erabili ezin direnak: «Nafarroako Gobernuko tramite telematikoen %68 inguru oraindik ezin dira euskaraz egin». Adierazi duenez, Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren itzulpen zerbitzuak «saturatuta» daude.
Hezkuntzaren alorrari heldu dio Garbiñe Petriati Behatokiaren teknikariak. Nabarmendu du Ipar Euskal Herrian emaitza positiboa izan duela baxo eta brebeta azterketak euskaraz egitearen aldeko dinamikak. Nafarroan, berriz, eremu mistoan D eredua «bermatuta» egon arren, lerro berriak zabaltzeko zailtasunak daudela aipatu du.
Aurrera barik, atzera
Hala ere, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzean, euskaraz ikasten segitzeko dauzkaten oztopoak gogorarazi ditu. «NUPen, urteak dira jada gradu bakarra ikas daitekeela euskaraz, eta, alde horretatik, ez da aurrerapauso nabarmenik eman», azaldu du. «Areago, Telekomunikazio Teknologien Ingeniaritzan, Enpresa eta Matematikako ikasgaiak gaztelaniaz eman dira 2022an. Hor ere atzerapauso bat egon da».
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egoera bestelakoa izan arren, Petriatiren berbetan «oraindik ere euskara ez dago gaztelaniaren pare; bigarren mailan jarraitzen du». Adibide batzuk eman ditu: 2022an hainbat irakaslek eta langilek salatu zuten tresna, baliabide eta formakuntza saio asko gaztelaniaz eman dizkietela.
Hizkuntza eskubideen «lege babesa handitzeko» eskatu du Behatokiak
Hezkuntzan, segurtasunaren arloan eta administrazioetan 2022an egindako hizkuntza eskubideen urraketak zenbatu dituzte urteko txostenean. Esan dute sektore pribatuan ere atzera egin dutela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu