Hizkuntza eskubideen kontrako erasoak salatzeko elkarretaratze bat egin dute Laudion

Euskalgintzaren Kontseiluak propio halakoetarako prestatu duen protokoloa aktibatu dute, lehengo astean jakin baitzuten EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin duela udaleko langile baten hizkuntza eskakizunaren aurka aurrez emandako sententzia.

OLDARRALDIAREN AURKA LAUDION
Dozenaka lagun elkartu dira Laudion. RAUL BOGAJO / FOKU
arantxa iraola
2023ko abenduaren 21a
18:30
Entzun

Berriro elkartu da euskalgintza, Laudion (Araba). Iaz atera ziren lehen aldiz kalera, otsailean; plazaratutako sententzia batean, Gasteizko auzitegi batek ebatzi zuen Laudioko Udaleko funtzionario bati, 45 urtetik gorakoa zenez, ezin zitzaiola eskatu euskara mailaren ziurtagiririk. Horrez gain, erantsi zuen euskara «munduko hizkuntzarik zailenen artean bosgarrena» dela. Kritika ozenak eragin zituen epaiak, epaileak erabilitako argudioek ere bai, eta, hala, Laudioko Udalak jakinarazi zuen helegitea jarriko zuela ebazpenaren kontra. Lehengo astean jakin zen, ordea, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota duela helegite hori. Horiek horrela, gaur protesta egin dute Herriko Plazan, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak antolatuta.

Lehen epaiaren berri izan zutenean egin zuten protesta jendetsua gogora ekarrita berritu nahi izan dute aldarria. Azaroaren 4an, Euskalgintzaren Kontseiluak manifestazio handi bat egin zuen Bilbon; Oldarraldiaren aurrean. Euskararekin bat, euskaraz bat leloa ozendu zuen han, Laudioko epaia eta tankerako beste hainbat arbuiatzeko. Aurreikuspen guztiak gainditu zituen mobilizazio hark: 70.000 pertsona batu ziren. Manifestazioaren balorazioan, halaber, tankerako ebazpenei erantzuteko protokolo bat aurkeztu zuten. Euskararen aurkako epaiak izaten direnerako propio pentsatuta dago. Tokiko euskalgintzari ere tokia eginez, bakoitzak bere neurrian erantzun ahal izatea da helburua, ahalik eta irizpide bateratuenekin. Protokolo hori aktibatuta egin dute gaur protesta.

Eskualdeko eta herrialdeko eragile politiko, sindikal eta sozial ugarik eman diote atxikimendua gaurko moblizazioari. Aiaraldeko EAJ, Aiaraldeko EH Bildu eta Laudioko Omnia daude tartean. ELA, LAB eta Steilas sindikatuak ere bai, eta Laudioko Udaleko langile batzordea. Horietaz gain, eskualdeko euskaltegi eta eskola ugari atxiki zaizkio mobilizazioari, eta hainbat elkarte.

Olatu «errakzionario» bat

Euskalgintzaren Kontseiluak epaiaren harira egindako adierazpena irakurri dute protestan. «Oldarraldi judizialak ez du etenik. Sententziaz sententzia, gero eta argiago geratzen ari da zer mezu ezkutatzen den olatu erreakzionario, atzerakoi eta euskarafobo honen atzean: urrunegi joan zarete eta mugak jarri behar dira», adierazi dute. «Edozerk balio du euskararen aurrerabidea oztopatzeko». Laudion funtzionario horren hizkuntza eskakizunaren harira egon diren ebazpenak horren adibide argitzat dituzte.

«Udalek hizkuntza politika egiteko duten eskumenaren aurka jo dute», azaldu dute. Botere judizialak hizkuntza politiketan «esku hartzea» arbuiatu beharreko jokabidea dela esan dute, ordea: «Bereziki, adostasun politiko eta sozial zabalen gainetik egiten denean eta milaka herritarroi hizkuntza eskubideak, oinarrizko eskubideak ukatzen dizkigutenean». Gainera, azaldu dute premisa «faltsu» batekin lotzen direla epai horiek: «Lan eskubideak eta hizkuntza eskubideak elkarren kontrakoak direla, kontrajarrita daudela». Oso argi dute «oso bestelakoa» dela auzia berez. «Elkar osatzen eta indartzen duten eskubideak dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.