Elebidek hizkuntza eskubideekin lotutako 261 kexa jaso zituen 2010. urtean, 2009an baino %23 gehiago. Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza eskubideak bermatzeko zerbitzuak jaso zituen kexa guztietatik 254 euskaraz egiteko eskubidearen urraketekin lotuta egon ziren, eta zazpi gaztelania erabiltzeko arazoekin. Kexa gehienak Eusko Jaurlaritzak berak eragindako urraketekin lotuta daude. Kexen 108 era horretakoak izan ziren 2010ean, aurreko urtean baino %130 gehiago. Kexetatik hogei Osakidetzari lotuta daude, hamabost Justizia Sailari, hamalau Hezkuntza Sailari eta hamar Kultura Sailari.
«Elebide eta antzeko erakunde eta elkarteei esker Euskadiko herritarrek gero eta hobeto ezagutzen dituzte beren hizkuntza eskubideak», ondorioztatu du Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. Euskalduntze prozesuan «argiak eta itzalak» daudela aitortu arren argiak nagusi direla uste du. «Gure nahia euskalgintzan aurrera egitea da, arian-arian, baina tinko, ahuleziarik gabe».
Astebeteko kanpaina
Elebide zerbitzuaren ezagutza bultzatu, horren erabilera sustatu eta «gizarte elebidun baten alde sentsibilizatzeko» kanpaina hasiko du gaur bertan Eusko Jaurlaritzak. Elebiden zure hizkuntza eskubideak babesten ditugu lelopean, Interneteko orrietan eta irratian iragarkiak egingo dituzte. Hirietako euskarri fisikoetan ere kartelak jartzeko asmoa dute.
Hizkuntza eskubideekin lotutako kexak %23 igo dira urte bakarrean
Elebidek jasotako kexen hazkundea herritarrek beren eskubideez duten ezagutzarekin lotu du Lurdes Auzmendik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu