ELENeko arduradunak

Elin Haf Gruffydd Jones eta Davyth Hicks: «Hizkuntza eskubideak giza eskubideak dira»

Europako hizkuntza gutxituen aldeko eragile sozialen sarea, ELEN, Bilbon egiten ari da urteko biltzarra; globalizazio betean, eskuin muturraren olatu artean, jarduteko erez mintzo dira Jones lehendakaria eta Hicks idazkari nagusia.

Elyn Haf Gruffyd Jones eta Davith Hicks. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Elyn Haf Gruffyd Jones eta Davith Hicks. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
arantxa iraola
2024ko azaroaren 9a
05:00
Entzun

Atzo izan zen ELEN Europako hizkuntza gutxituen aldeko eragile sozialen sarearen urteko batzarraren abiaburua, Bilbon, Itsasmuseumen. Asteburuan segituko dute. Euskal Herrian pozik direla azaldu dute Elin Haf Gruffydd Jones lehendakariak eta Davyth Hicks idazkari nagusiak. Zoriak hala nahi izan zuelako Bermudan jaioa da lehena, 1961ean, baina Galesen hazi zen, galesa izan zuen lehen hizkuntza, eta galesaren sustapenaren hainbat arlotan erreferente ezinbestekoa da. Europako hizkuntza gutxituen egoeraren gaineko ezagutza handia du, eta hizkuntza horietako hainbat ere badakizki: euskaraz, esaterako, ederki hitz egiten du. Kornuallesen sortua da Hicks, Erresuma Batuan, 1961. urtean; kornubiera ez zuen umetan jaso, baina gerora egin zuen bere egiteko bidea, eta zubiak eraikitzen ere asmatu du: etxeko gazteekin erabiltzen du orain. Europako gainerako hizkuntza gutxituetako errealitatera begira, euskara sustatzeko hainbat politika guztiz aintzat hartzekoak direla esan dute biek.

Zein dira ELENen oinarriak? Eta egunotako topaketa honetan non eta nola ikusiko dira?

ELIN HAF GRUFFYDD JONES: ELEN Europako hizkuntza gutxituen aldeko eragile sozialen sarea ekintzaileek eta ikertzaileek osatzen dute. Ikerketa asko egiten dira, baina ikerketak egiten dituztenek konprometituta egon behar dute aktibismoarekin, ikerketa horiek gero benetako berdintasunaren mesedetan erabiltzeko. Era berean, hutsik dagoen aktibismoa da ikerkuntza aintzat hartzen ez duena. Ikerkuntza eta ekintza batera behar ditugu: hori oso garrantzitsua da. Bada beste kontu bat ere biltzar honetara begira: oso pozik gaude Euskal Herrian egoteaz, urteko batzarrak egiten ditugunean ziurtatu nahi izaten dugulako tokiarekin lotura bat egotea, eta Euskal Herria inspirazio da, eta elkartasun iturri, beste hizkuntza gutxitu batzuentzat. Egia da Euskal Herrian bertan gobernu batzuk ondo ari direla, eta beste batzuk, berriz, ez; baina, aurrerabideak egiten laguntzen duten politikez aparte ere, euskararen inguruko gizarte mugimendua oso indartsua da Euskal Herrian, herritarrak oso inplikatuta daude horretan.

«Hutsik dagoen aktibismoa da ikerkuntza aintzat hartzen ez duena. Ikerkuntza eta ekintza batera behar ditugu»

ELIN HAF GRUFFID JONES ELENeko lehendakaria

 

Eta zer lezio atera daitezke?

JONES: Interesgarria da Euskal Herrian arnasguneen kontzeptuarekin zer gertatzen den ikustea, adibidez. Arnasguneak interesgarriak dira, baina baita arnasguneen eta gainerako eremuen arteko erlazioa ere, kodependentzia hori. Zenbait tokitan etena dago arnasguneen eta gainerako eremuen artean, baina hemen, Euskal Herrian ez dago zulo hori, badago zerbait, jarraitutasun bat, eta hori desberdintasun garrantzitsu bat da. Era berean, hala ere, behar dira propio arnasguneetara begirako politikak ere. Arnasguneak indartzeko ahaleginak parte garrantzitsu bat dira egungo hizkuntza krisiei aurre nola egin asmatzeko.

«Arnasguneak indartzeko ahaleginak parte garrantzitsu bat dira hizkuntza krisiei aurre nola egin asmatzeko»

ELIN HAF GRUFFID JONES ELENeko lehendakaria
Adostasuna dago horretan? Hizkuntza gutxituak nagusi diren eremu horiei deitzeko eraren inguruan badira hautu ezberdinak...

DAVYTH HICKS: Arnasgune hitzak etsipenarekin zerikusia duela iruditzen zait niri: arnasa hartu ezinarekin... [itotzen ari denaren plantak egin ditu]. Indargunea esatea, adibidez, niri positiboagoa iruditzen zait.

Globalizazioarekin batera, bukatu dira hizkuntza gutxituen mundu elebakarrak. Gero eta gordinagoak dira hizkuntza gutxituen zailtasunak?

JONES: Erronka zera da: nola izan hizkuntza gutxitu bateko hiztuna mundu globalizatu batean. Bide horretan, esaterako, euskaraz jarduteko tokiak ireki behar dira. Hala ere, toki horiek irekita ere, jendeak elebiduna izaten jarraituko du, edo hirueleduna...Orduan, gakoa da nola izan euskal hiztuna espainiera edo frantsesa jakinda.

Arriskurik bizienak zein dira gaur egun, zuen ustetan?

HICKS: Jarrera errepresiboak dituzten gobernuak dira niretzat, gaur egun, arriskurik handiena. Hortxe dago Rovira Legea deitua, Valentzian; erabaki askatasunaren aitzakiapean hizkuntza gutxitua eskoletatik atera nahi du, ikasleak gaztelaniara pasatu daitezen. Mallorcan ere antzeko zerbait gertatu da. Edo hementxe dago Nafarroako egoera. Zergatik dago banatuta hiru eremutan? Erokeria da, eta ez dauka inolako oinarri zientifikorik, politikoa da guztiz. Galizian ere PPren gobernua ari da bertako hizkuntzaren aurka, ergelkeria da. Eta hortxe daude Frantziaren politikak ere, hizkuntza gutxituak txikitzeko.

«Hementxe dago Nafarroako egoera. Zergatik dago banatuta hiru eremutan? Erokeria da, eta ez dauka inolako oinarri zientifikorik»

DAVYTH HICKS ELENeko idazkari nagusia
Atzerako bideak agerikoak dira beste hainbat alorretan ere. Zerbait orokorraz ari zara?

HICKS: Hortxe dugu Trump Ameriketan. Nola gertatu da? Intersekzionalitatea hor da. ELENen ari diren elkarteek Europako hizkuntzen arteko berdintasuna landu nahi dute beste berdintasun batzuei ere erreparatuta. Aldiz, sumatzen ari garen arriskuetako bat da eskuin muturreko mugimenduak arnasguneetan-eta sartu eta hizkuntzaren auzia eurentzat hartzeko ahalegina egitea. Lortu behar dugu jende gazteak interesa izatea hizkuntzarekin lotutako auzietan. Mobilizatu egin behar dugu jende gaztea, eta horretarako ezin da apaiz edo polizia moduan joan haiengana: haien atxikimendua lortzen saiatu behar da.

Atzerako joera baten zantzuak argiak direlarik, gero eta zailagoa da Europako Batasuneko instituzioetan-eta hizkuntza gutxituen ahotsa zabaltzea?

HICKS: Bai, alde batetik bai, eskuin muturreko taldeak orain arte egindako lana murriztera datozelako, eta zenbait administrazioren neurrien bidez hizkuntzaren aldeko mugimenduak urritzen ari direlako. Beste alde batetik, ordea, ELEN handiagoa, indartsuagoa eta eraginkorragoa bihurtzen ari da, eta gure kideak ere eraginkorragoak bihurtzen ari dira, ez Euskal Herrian bakarrik: nazioartean gertatzen ari da hori, eta lehenago iristen ez ziren tokietara iristen ari dira. Eta ELENek bultza egin nahi du, batez ere kontzientzia hau zabaltzeko: hizkuntza eskubideak giza eskubideak dira. Auzibideetara ere jotzen ari gara ikusteko nola lor dezakegun hizkuntza eskubideak giza eskubide gisara aitortzea. Gu, azken batean, hizkuntza gutxituen sindikatu bat gara.

«ELEN handiagoa, indartsuagoa eta eraginkorragoa bihurtzen ari da, eta gure kideak ere eraginkorragoak bihurtzen ari dira»

DAVYTH HICKS ELENeko idazkari nagusia

JONES: Bai, eta politika atzerakoien kontra, ELEN inoiz baino beharrezkoagoa da.

Euskara, katalana eta galiziera Europako Batasunean ofizial izateko eskaria eginda dago, eta propio babesa adierazia dio ELENek eskabide horri: prentsa agerraldi bat egin zen iaz Bruselan horren alde egiteko. Zer garrantzi du lege aitortza horrek?

HICKS: Oso, oso, oso garrantzitsua da. Maltera erabiltzen da, adibidez, Europako Batasunean, eta hiztun kopuruan uste dut euskara handiagoa dela maltera baino; badakit hiztun kopurua ez dela aintzat hartu behar, baina hori ikusten duzunean, esaten duzu: zergatik ez katalana, edo euskara? Garrantzitsua da urrats hori: jendeari transmititzen diolako inpaktu ekonomiko bat duela hizkuntza horrek, eta etorkizuna duela.

JONES: Nik erantsi nahi dut, gainera, ofizialtasunarekin ikusten dela hizkuntza horrek balio komertziala duela, hizkuntza gutxituak ez daudela bizirik administrazio publikoan edo hezkuntzan bakarrik... Aukera ematen du hizkuntza horiek erabiltzeko produktuen paketeetan-eta, eta horrek ikusgarri egiten ditu komertzio pribatuaren eremuan ere. Eta zera ere erantsi nahi dut: goi mailako hizkuntza teknologia hizkuntza batzuetan ari da batez ere, eta ofizialtasunak lagun dezake hizkuntza horien corpusa handitzen, eta hizkuntza horiek hainbat eremutan, itzulpen automatikoetan eta adimen artifizialean adibidez, gehiago garatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.