«Udaltzain guztiek euskaraz jakin behar dute». Aldarri hori ozen zabaldu dute gaur Getxon (Bizkaia), udaletxe parean, Euskalgintzaren Kontseiluak, ELAk eta LABek antolatutako protesta batean. Getxoko Udalak euskara eskakizuna udaltzain berrien erdiei soilik ezartzeko erabakia hartu duela jakin da berriki, eta horren kontra egin nahi izan dute. «Udaltzain bakar batek euskararen ezagutza ez izateak zerbitzu osoa eta herritarren eskubideak eta integritatea baldintzatzen ditu», ohartarazi dute. Erabakia bertan behera uzteko eskea egin diote udalari.
Udalaren aurrekontuak onartzeko ituna hitzartu dute EAJk, PSE-EEk eta PPk, eta horri lotuta ebatzi dute hamar udaltzain lanpostu sortzea. Udalak erabaki du, ordea, soilik bosti ezarriko diela euskara eskakizuna. EAEko Auzitegi Nagusiak joan den hilean emandako sententzia bat aipatu dute horretarako argudioen artean, ebatzi baitzuen udaltzain guztiek ez dutela derrigorrez euskaraz jakin behar.
Lan deialdia era horretan antolatu izanak epe luzera ekarriko dituen arazoez abisatu nahi izan dute gaurko protestan. «Kasu honetan ez gaude egonkortze prozesu batean aurrean, hutsetik abiatutako lan deialdi baten aurrean baizik. Ondorioz, ez da bermatzen lanpostua eskuratuko duten udaltzain gazteek euskararen ezagutza izango dutenik, eta, beraz, eskubide urraketak harmarkadetan luzatu ditzake horrek».
Euskara lan hizkuntza bihurtze aldera ere, halako erabakiak traba handia direla gogoratu nahi izan dute. Udaltzain bikote bakoitzean bat euskalduna izango dela bermatuta ere, horrekin hizkuntza eskubideak bermatu daitezkeela esanda ere, haragoko urratsik ezin da egin. «Bikoteko batek euskaraz ez jakiteak de facto inposatzen du gaztelania lan hizkuntza bakar modura», azaldu dute.
Doktrina «euskarafoboa»
Erabaki horren atzean dagoen argudio nagusia ere gogor kritikatu dute. «Kasu honetan, udalak berak ezarri ditu hizkuntza berdintasunaren aurkako neurriak, epaitegietatik jurisprudentzia bidez ezarritako doktrina atzerakoi, erreakzionario eta euskarafoboa bere eginez. Bereziki larria da hau, erabaki honek atea irekitzen baitio oldarraldi judizialaren fase berri bati», salatu dute protestarako deia egin duten erakundeek.
Eta hizkuntza eskubideen aldeko politiketan irmo jarraitzeko asmoa azaldu dute, sakoneko aldaketen bila. Argi dute helburua: «Urratsak egiteko segurtasun juridikoa bermatuko duen lege aldaketa bat urgentziazkoa da, administrazio erabat elebidun bat delako hizkuntza eskubideak egiazki berma ditzakeen bakarra».
Gizartean, gainera, gehiengo zabal bat helburu horren alde dagoela nabarmendu dute. «Azken Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren %75ek ezinbestekotzat jotzen du langile publiko izateko bi hizkuntza ofizialak ezagutzea».
Astelehenean, herritarrek deitutako bi mobilizazio egingo dira Getxoko auzoetan, 19:00etan: Algortako Telletxe plazan eta Itzubaltzetako Santa Eugenia plazan izango dira.