Galdakaoko Udaleko langileek elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian, justiziak euskara eskakizunen aurka emaniko azken sententzia dela eta. Ekainaren 14an ezagutarazi zuten epaia: Bilboko Administrazioarekiko Auzien 4. epaitegiak baliogabetu egin zuen udal teknikari-lanpostu bat egonkortzeko deialdian ezarritako euskara eskakizuna. Hori dela eta, protesta egin dute udal langileek udaletxearen aurrean, eurek ere euskaraz lan egiteko ardura eta eskubidea dutela aldarrikatuz. Oldarraldiaren aurrean euskararekin bat, euskaraz bat irakur zitekeen udaletxe aurrean hedatu duten pankartan.
Ikusi gehiago
ELA eta LAB sindikatuek egin dute protestarako deialdia (bi sindikatu horiek osatzen dute langile batzordea), «euskararen kontrako erasoa salatzeko». Lanpostu publikoei hizkuntza eskakizunak ezartzearekin bat azaldu dira langileak, eta ezinbestekotzat jo dituzte, herritarrei zerbitzu egokia emate aldera. Bilboko epaitegiak emaniko ebazpena «oldarraldi judizialaren enegarren adibidea» dela adierazi du LAB sindikatuak, sare sozialetan zabaldutako mezu batean.
Erlazionatuta
ELAk, berriz, «euskararen lege berri bat» eta «administrazioa euskalduntzeko hizkuntza politika» galdegin ditu, halako epaiak errotik erauzte aldera: «Euskararen ezagutza faktore diskriminatzailetzat hartzen da, beste edozein ezagutza edo baldintzarekin gertatzen ez den bezala». Gaineratu dutenez, sektore judizial, politiko eta sindikal batzuek «gaztelaniaren erabateko nagusitasuna inposatu nahi dute, eta euskararen aurka egiten dute etengabe».
Gaurkoa ez da izanen oldarraldi judizialaren aurka eginen duten bakarra. Bihar, beste protesta batera deituak daude Galdakaoko euskaltzaleak: Ardanza parkean izanen da, 19:30ean, Bagabiz euskara elkarteak eta Euskalgintzaren Kontseiluak deituta. ELAk eta LABek ere bat egin dute biharko elkarretaratzearekin. Joan den azaroaren 4an «oldarraldia» salatze aldera Bilboko kaleak bete zituen aldarri berarekin aterako direla azaldu dute: «Euskaraz bizi nahi dugu, eta ez dugu eskubide murrizketarik onartuko!».
EH Bilduren proposamena, Uliazpiko auziaz
EH Bilduk ere hizkuntza eskakizunen auziari heldu dio Gipuzkoako Batzar Nagusietan: ebazpen proposamena aurkeztu du Hizkuntza Berdintasuneko batzordean, Uliazpiko lan eskaintza publikoaren hizkuntza eskakizunen ebazpen judizialari buruz. Koalizio subiranistaren irudiko, «Uliazpiko kasuaren sententziak hizkuntzaren biziberritze prozesua ez ezik, langile askoren eta erabiltzaileen eskubideak ere urratzen ditu». EAJren babesa izan du proposamenak.