Donostiako Langile Batzordeak deituta, ELA eta LAB sindikatuen sostenguarekin, Donostiako Udaleko langileek ahotsa ozendu dute gaur eguerdian: elkarretaratzea egin dute, hirian udaltzain jarduteko ezarritako hizkuntza eskakizunen kontrako ebazpen judizialak salatzeko. Iazko urtarrilean dute abiaburua ebazpen horiek, Udaltzaingoko bi lanpostu baliogabetu baitzituen Donostiako epaitegi batek, iritzita «diskriminatzailea» izan zitekeela hautagaiei euskarazko B2 maila eskatzea. Donostiako Udalak aurkeztua zuen horren kontrako helegitea, baina lehengo astean jakin zen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak helegitea tramitatzeari ere ezezkoa eman diola. Ondorioz, irmoa da orain epaia. Langileek, kalera irtenda, desadostasuna azaldu dute: «Ez gatoz bat ebazpen horrekin». Bide batez, hizkuntza eskakizunak «hankaz gora botatzearen» arriskuez ohartarazi dute. Arratsaldean ere egin dute protesta; Euskalgintzaren Kontseiluaren eta Bagera elkartearen deialdiari jarraitu diote zenbait herritarrek.
Euskalgintza aspaldi ari da euskararen normalizazioa eragotzi nahi duten ebazpen judizialen gainean abisu ematen, «oldarraldi judizialaren» gaineko kezka agerikoa da, eta ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek berritu egin nahi izan dute horren gaineko kezka, aurrez hainbatetan egin duten moduan. «Tamalez, azken 30 urteetan legezkoa izan dena orain baztertzailea bihurtu da, urteotan hizkuntzaren inguruko legeria aldatu ez bada ere». Horregatik, hainbat galdera eraman nahi dituzte lehen lerrora: «Zer aldatu da legea aldatu ez bada? Zergatik bihurtu da legez kanpokoa lehen legezkoa zena? Zergatik zigortzen dute orain epaileek lehen aitortzen zutena?».
Bi sindikatuen ustez, Donostiako Udalak urteotan euskararen normalizazioaren bidean egin dituen aurrerabideak nabarmengarriak dira. «Eta duela oso gutxi arte, ez da horregatik inolako arazorik izan Donostian», gogorarazi dute. Horregatik, uste dute berebiziko garrantzia duela atzerapausoak dakartzaten ebazpenak salatzeak. «Kalera irteteko unea da».
Alderdi Ederren batu dira langileak, euripean. Udaleko talde politikoen artean, EH Bilduk bidali du ordezkaritza bat protestara. Juan Karlos Izagirre eledunak hartu du hitza. Oldarraldi judiziala izan du hizpide berak ere. «Euskararen kontrako jarrera bat da, behin eta berriz errepikatzen dena». Kontra egitea ezinbestekoa dela esan du, eta funtzio publikorako hizkuntza eskakizunen garrantziaren berri ematen ere jarraitu behar dela: «Herritarren eskubideak bete egin behar dira, eta langileek egokitu behar dute hemengo errealitatera; hemengo errealitatea da guk hizkuntza daukagula, kultura daukagula, eta egon behar dugun toki guztietan egongo gara hori defendatzeko».
Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendari Garbiñe Mendizabal ere izan da protestan. Ez du adierazpenik egin. Aldundiko ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek ere bat egin dute protestarekin, eta ordezkaritza bat bertan izan da. Erakunde horrek ezarritako hizkuntza eskakizunen kontrako ebazpenak ere izan dira iragan urteotan, eta maiz atera dira langileak kalera hizkuntza eskubideen alde.
Sindikatuek ez ezik, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bagera elkarteak ere gaitzetsi dute erabakia. Oldarraldi judizialaren barnean kokatu dute: «Sententziaz sententzia gero eta argiago geratzen ari da olatu erreakzionario, atzerakoi eta euskarafobo baten aurrean gaudela. Atzo bidezkoa zena ilegala da gaur». Alegia, euskararen normalizaziorako joko arauak aldatu dituztela: «Egun, edozerk balio du gure hizkuntza eskubideak bermatzea xede duten neurriak baliogabetzeko». Eta, horrela, Donostian udaltzain izateko euskara eskakizuna gehiegizkotzat jo du epaileak, «udalaren eskumenaren aurka eta herritarren hizkuntza eskubideen kaltetan». Kontseiluaren eta Bageraren irudiko, neurri horiekin guztiekin euskaldunak «bigarren mailako herritar» izatera kondenatu asmo dituzte: «Berriz ere, arrotz sentiarazi nahi gaituzte gure herrian. Euskararekiko konplexuak, aurreiritziak eta gorrotoa elikatu nahi dituzte, diglosia betikotu».
Donostiako kasu zehatza ere izan dute hizpide, eta nabarmendu dute herritarrek jarri izan dituztela kexak ezin direlako udaltzainekin euskaraz aritu. «Baliogabetutako lan deialdiak urraketa horiei konponbidea jartzen hasteko borondatea zeukan, baina, epaitegien erabakiaren erruz, hori ez da posible izango». Horregatik, gogor salatu dute botere judizialaren «injerentzia», eta zera aldarrikatu dute: euskaldunen eskubideak «egiazki» bermatuko dituen, euskararen ezagutza eskubide soziala eta unibertsala izatea lortu eta euskaraz bizitzea posible egingo duen zoru berri bat, arkitektura juridiko berri bat. «Erasoei erantzun behar zaie, baina bada garaia harago joateko, hizkuntza politiketan jauzi bat emateko: aurre egiteari utzi, eta aurrera egiteko». Udal gobernuko ordezkaririk ez da izan arratsaldeko protestan.