EAEko Hezkuntza Lege proiektua

Hizkuntza ereduen sistemari eustea adostu dute EAJk eta PSE-EEk

Amaitu da EAEko Hezkuntza Legeari zuzenketak jartzeko epea, eta EAJk eta PSE-EEk ados jartzea lortu dute. EH Bilduk 146 zuzenketa egin ditu, eta EP-IUk, osoko zuzenketa bat eta 44 partzial

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulllu eta Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratz, Leioako (Bizkaia) Txomin Arretxe ikastetxean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Gasteiz
2023ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Azken txanpan sartu da EAEko Hezkuntza Legearen tramitazioa. Legegintzaldiko legerik garrantzitsuenetako bat da, eta atzo beste pauso bat eman zuten Eusko Legebiltzarrean, lege proiektuari zuzenketak aurkezteko epea amaitu baitzen. Eta argitu ziren zalantzak. EAJk eta PSE-EEek azken ordura arte negoziatu zuten; euskararen presentziaren inguruko desadostasuna zen muina. Azkenean, lortu zuten akordioa: biek aurkeztutako zuzenketa batean, hizkuntza ereduen sistema jasotzen da, orain arte ez bezala.

Zuzenketak erregistratzeko eguna zen atzo. Honatx laburpena: EAJk eta PSE-EEk 26 zuzenketa partzial aurkeztu dizkiote testuari; EH Bilduk, 146; eta Elkarrekin Podemos-IUk, osoko zuzenketa bat eta 44 partzial. PPk, Ciudadanosek eta Voxek ere osoko zuzenketa bana aurkeztu dute.

Alderdietako ordezkariak banan-banan atera ziren prentsaren aurrean azalpenak ematera, eta era bateko eta besteko iritziak aireratu zituzten. EAJko ordezkari Gorka Alvarezek ziurtatu zuen hezkuntza akordioa errespetatu dutela, eta PSE-EEko eledun Maria Jesus San Josek eleaniztasunerako aukerak goraipatu zituen. EH Bilduko hezkuntza idazkari Ikoitz Arresek nabarmendu zuen emandako hitza bete dutela eta hezkuntza akordioaren bidean doazen zuzenketak ondu dituztela. Beste zerbait ziurtatu zuen Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak: «Ez du errespetatzen hezkuntza ituna». Horrenbestez, «testu txarra» iruditzen zaio, eta uste du gobernuak berridatzi egin beharko lukeela. Gainerako alderdiek, batez ere, euskararen «gehiegizko» presentzia nabarmendu zuten.

Ikusteko dago orain zer gertatuko den, hezkuntza ereduen auziak EH Bilduren eta Eusko Jaurlaritzako alderdien arteko soka tenkatu baitezake. Atzo, EAJrekin lortutako akordioa txalotu zuen PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak: «Horri esker, Euskadin ez da izango murgiltze eredu elebakar bat». EH Bilduk agerraldia egingo du gaur, «premiazko balorazioa» egiteko. Hau da alderdien zuzenketen laburpena, gaiez gai:

HIZKUNTZAK

Ezbairik gabe, hizkuntzen gaiak eragin du desadostasunik handiena, eta ikusmin handia zegoen EAJk eta PSE-EEk zer jasoko ote zuten. Azkenean, orain artean ez bezala, hizkuntza ereduak aipatu dituzte testuan, zioen azalpenean; ez, ordea, artikulatuan. Horrela jaso dute zuzenketan: «I. Kapituluan jasotzen dira orobat komunitate eleaniztun eta kulturaniztunaren inguruko arau aurreikuspen jakin batzuk, baita euskal hezkuntzan hizkuntza ofizialek eta atzerriko hizkuntzek elkarren artean duten harremanari buruzkoak ere. Hori guztia ikastetxe bakoitzaren hizkuntza proiektuan egituratu behar da, Gernikako Estatutuan eta Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen II. Tituluko II. Kapituluan ezarritako eskubide aitortuak eta printzipioak barne hartzen dituen esparru komun baten barruan, unean-unean indarrean dauden hizkuntza ereduen sisteman oinarrituta». Modu argiagoan azaldu du Zupiriak. Haren esanetan, ikastetxe bakoitzak hizkuntza proiektu bat egin beharko du, eta hizkuntza eredua aukeratzea eskolen esku egongo da.

Halaber, zuzenketetan beste aldaketa bat ere egin dute hizkuntzei dagokienez. Orain arte bezala, azaldu dute euskal hezkuntza euskara ardatz duen sistema eleaniztun gisa egituratzen dela, eta bi hizkuntza ofizialen bidez eta gutxienez atzerriko hizkuntza baten bidez antolatzen dela.

Alabaina, orain arte ez bezala, jarri dute hiru hizkuntzetan bideratuko dituztela ikaskuntzak. Gainera, xedapen gehigarri batean jaso dute legea indarrean sartu eta gehienez bi urtera Jaurlaritzak «sistema esparru erkide eleaniztunaren» ezaugarriak onartuko dituela, «ikastetxe bakoitzaren hizkuntza proiektua egiteko erreferentzia gisa».

EH Bilduren zuzenketetan, berriz, esan dute aintzat hartu behar dela Euskal Herria, eta aipatu behar dela hezkuntza sistema nazionala izateko eskubidea duela. Gainera, nahi dute aitortzea euskara «hizkuntza propioa» dela, eta ikasle euskaldun eleaniztunak aipatzen dituzte, lehen «ikasle eleaniztunak» jartzen zuen lekuan. Arresek azaldu duenez, «euskara ardatz duen marko eleaniztuna» garatu asmo dute. Horretarako, esaterako, proposatu dute hizkuntza konplexutasunaren indizea sortzea. Halaber, lege proiektuak eta hezkuntza itunak egin bezala, EH Bilduk helburutzat jarri du ikasleek eskolaldia amaitzerako B2 maila lortzea. Zuzenketetan eskatu dute «jarraipen sistema eraginkor bat» abian jartzea, ebaluazioaren emaitzak hobetzeko.

EP-IUk ere egin ditu arlo horretako zuzenketak. Haien esanetan, legez jasota egon behar da hizkuntza ereduak gaindituko direla. Gorrotxategik ez zuen gaia aipatu prentsaurrekoan.

TITULARTASUNA

Orain bi urte hasi ziren Hezkuntza Legea ontzen, eta, ordutik, eztabaidagai nagusietako bat izan da ikastetxeen titulartasunarena. Gobernuko bi alderdiek eginiko zuzenketetan, aipatu dute Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoko parte izan nahi duten ikastetxeek —eta, ondorioz, diru publikoa jasoko dutenek— legean jasotako irizpideak bete beharko dituztela. Gainera, zehaztu dute leku publikoen eskaerari erantzuteko «eskaintza nahikoa» ziurtatu beharko dutela.

Orain arteko ildoari jarraikiz, EH Bilduk Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren aldeko apustua egin du. Bertan sartzeko irizpideak legez arautu asmo dituzte. Hauek dira, besteak beste: doakotasunaren printzipioa errespetatzea; ikasleak «berdintasun baldintzetan» sartzea; segregazioaren aurkako eta inklusioaren, ekitatearen eta aukera berdintasunaren aldeko neurriak betetzea; curriculum eta hizkuntza helburuak erdiestea; hezkidetzaren printzipioa «lehentasunez» zaintzea; «laikotasun printzipioa», eta doktrinamendurik ez dela izango bermatzea, eta, horrenbestez, lege organikoak ezarritako gutxienekoa izango da erlijio irakasgaiari eskain diezaioketen gehienekoa; eta langileak kontratatzeko garaian, gardentasuna zaintzea.

Eta zer gertatuko da bete ezean? Zuzenketa hau erregistratu du koalizio abertzaleak: «Itunpeko ikastetxeek hezkuntza administrazioak itunean ezarritako betebeharrak modu larrian urratzen badituzte, ituna azkendu ahal izango da, ordenamendu juridikoak ezarritako prozedurari jarraiki».

Halaber, EH Bilduk erantsi du Hezkuntza Sailari dagokiola itunpeko zentro pribatuetako lekuen eskaintza arautzea, «lurralde bakoitzeko beharrak eta aurrekontu baliabideak kontuan hartuta».

EP-IUren zuzenketen funtsa da gai hori, eta etengabe egiten dio aipamena. Eskatu dute «interes sozialekoak» izan nahi duten zentro pribatuek hainbat baldintza bete behar izatea. Adibidez, ezingo dira «interes sozialekoak izan» aurrez norbait baztertu badute arrazagatik, generoagatik, sexu orientazioagatik, sinesmen politikoengatik edo erlijiosoengatik, baldintza ekonomikoengatik edo aniztasun funtzionalagatik; ezingo dituzte ikasleak sexuaren arabera bereizi; doakoak izan beharko dute; eta hartu egin beharko dituzte baldintza sozioekonomiko zaurgarrietako ikasleak, dagozkien ehunekoetan. Gainera, eskatu dute aitortzeko hezkuntza zerbitzua eskaintzerakoan eskola publikoa izango dela protagonista.

IKASTETXEEN AUTONOMIA

Ikastetxeen autonomia da alderdiek beren zuzenketetan landu dituzten beste gaietako bat. EH Bilduk zuzenketa bat egin du eskatzeko legea indarrean sartu eta gehienez ere urtebeteko epean Hezkuntza Sailak ikastetxe publikoen autonomia arautzeko “esparrua” aurkeztu beharko duela Eusko Legebiltzarrean. Bide bertsutik jo du EP-IUk, eta galdegin du legea indarrean sartu eta gehienez bi urtera dekretu bat onartu beharko dela eskola publikoen autonomiaz.

DIGITALIZAZIOA

Azkenik, EH Bilduk hainbat eskaera egin ditu digitalizazioari buruz. Esate baterako, baliabide teknologiko auditagarri, berrerabilgarri, libre eta gardenak erabiltzearen alde egiten du apustu, eta eskatu du «digitalki ahaldunduak diren pertsonak» prestatzeko. Erantsi dute digitalizazioak «etikoa eta arduratsua» izan behar duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.