Ez da aldaketa handirik izan, ez ezustekorik, ez nobedaderik: EAEko Hezkuntza Lege proiekturen zuzenketak eztabaidatzeko lantaldeak ondu du testu bat, eta onartu du Hezkuntza Batzordeak ere. Gaur egin dute publiko irizpen hori, eta, horrela, zehaztu dituzte legearen ildo nagusiak, hizkuntzari dagokiona, esaterako: EAJk eta PSE-EEk hizkuntza ereduen aipamenari eustea erabaki dute.
Alderdi politikoek urriaren 3an jarri zizkioten zuzenketak EAEko Hezkuntza Lege proiektuari, eta ordutik eztabaidatzen aritu dira Eusko Legebiltzarrean propio horretarako sortutako lantaldean. Azaroaren 27an igaro zen zuzenketekin prestatutako irizpena lantaldetik, azaroaren 29an pasatu zen Hezkuntza Batzordetik, eta gaur egin dute publiko Eusko Legebiltzarreko webgunean Hezkuntza Batzordeak onartutako irizpen hori. EAJk eta PSE-EEk txosten horren alde egin zuten Hezkuntza Batzordean; aldiz, aurka egin zuten EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk, PPk eta Voxek
Printzipioz, testu horixe bera —izan dezake aldaketaren bat— onartuko dute datorren osteguneko osoko bilkuran, eta, horrela, behin betiko onartuko dute EAEko Hezkuntza Legea. Espero dena betetzen bada, EAJk eta PSE-EEk baino ez dute babestuko behin betiko legea ere. Gai nagusiak horrela idatzita geratu dira:
Euskara eta hizkuntzak
Zioen azalpenean egiten dizkiete lehen aipamenak hizkuntzei. EAJk eta PSE-EEk egindako bi zuzenketa ageri dira. Batetik, jasota dago hezkuntza sistemak euskara izango duela «ardatz» eta eleaniztuna izango dela, eta, gainera, euskarak, gaztelerak eta atzerriko hizkuntza batek bideratuko dituztela ikaskuntzak.
Bestetik, eztabaida gehien eragin duen EAJren eta PSE-EEren zuzenketa, hizkuntza ereduena, onartu dute. Horrenbestez, testuan idatzita geratu da legean jasota daudela, besteak beste, hizkuntzen trataera integratua eta ikasleen hizkuntzak eta kulturak sustatzeko neurri espezifiko batzuk.
Eta eransten du hizkuntza ereduen sistemak indarrean jarraituko duela: «Hori guztia ikastetxe bakoitzaren hizkuntza proiektuan egituratu behar da, Gernikako Estatutuan eta Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen II. Tituluko II. Kapituluan ezarritako eskubide aitortuak eta printzipioak barne hartzen dituen esparru komun baten barruan, unean-unean indarrean dauden hizkuntza ereduen sisteman oinarrituta, eta eredu horien edozein garapen edo eguneratze erregelamendu bidezko garapenaren bidez egingo dela ziurtatuz, eskubide eta printzipio berberak bermatuz».
Puntu hori izan da gehien eztabaidatua. Hizkuntza ereduen sistemaren aipamenik ez zen ageri ez iazko hezkuntza akordioan, ezta aurtengo apirilean Eusko Jaurlaritzak onespena eman zion Hezkuntza Lege proiektuan ere. Baina urriaren 3an lege proiektuaren zuzenketak erroldatu zituzten, eta orduan jarri zuten EAJk eta PSE-EEk hizkuntza ereduak aipatzen dituen zuzenketa, orain berretsi dutena. EH Bilduk haren kontra egin izan du, baita euskalgintzak ere. Esaterako, Euskalgintzaren Kontseiluak hizkuntza ereduen ordez euskara ardatz duen eredu orokortu eta inklusiboa ezartzea eskatu zuten Eusko Legebiltzarrean, eta hori babesten duten 20.348 herritarren sinadurak jaso dituzte.
Gainontzean, legearen artikulatuan, euskarari «hizkuntza propio» izaera aitortu diote, eta, aldi berean, jaso dute atzerriko hizkuntzen erabilera —batez ere, ingelesarena— sustatuko dutela ere.
Halaber, lege proiektuan bezala, jasotzen du ikasleek derrigorrezko eskolaldia amaitzerako B2 maila lortu beharko dutela euskaraz eta gazteleraz, eta B1 ingelesez, baita ikastetxe denek hizkuntza proiektu bana egin beharko dutela ere.
Eta nola ebaluatuko da ikasleek hizkuntzetan lortutako maila? Ebatzi dute hezkuntzaren arloan eskumena duen sailak «beharrezkoak diren ebaluazio tresna batzuk» arautuko dituela, irakasle taldeek beraiek balora ditzaten lortu diren emaitzak. Eta gehitu dute: «Horrekin batera, jarraipen sistema eraginkor bat abian jarriko du, ebaluazioaren emaitzak hobetzeko». Irakasleei begira jarraituta, EH Bilduren ekimenez, aipatu dute horiek euskarazko C2 maila eta ingelesezko C1 maila lortzeko prestakuntza sustatuko dutela.
Horietaz gainera, Euskararen eta Hizkuntzen Irakaskuntzarako Institutua sortuko dutela aipatu dute. Hau izango da bere eginbeharra: «Egiteko nagusia da hizkuntza metodologiak lantzea eta irakasleak prestatzea, haien jarrera, aurrerapena eta hizkuntza inplikazioa indartzeko asmoz, hezkuntza sistemak testuinguru bakoitzean dituen eskakizunen arabera».
Titulartasuna
Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaz mintzo da testua. Dokumentuaren arabera, hezkuntzarako funtsezko eskubidea bermatzen duen zerbitzua da, ikastetxe publikoen eta pribatu itunpekoen bidez gauzatzen dena. Azken horietan, administrazioak oso-osorik finantzatuko ditu nahitaezko ikasketak; zentroek, berriz, ezingo dute kuotak ordaintzeko edo fundazioei edo elkarteei ekarpenak egiteko betebeharrik ezarri.
Halaber, eskola horiek «printzipio hauei jarraikiz» arautuko dira: diskriminaziorik eza; gardentasuna; irabazi asmorik eza; ikasle zaurgarriei eta ikasleen aniztasunari arreta ematea; hezkuntza formalean inplikatutako sektoreen parte hartze demokratikoa; segregazioaren aurkako konpromisoa; inklusioaren, ekitatearen eta aukera berdintasunaren aldeko konpromisoa; Eusko Jaurlaritzak ezarritako curriculumarekiko eta ebaluazio mekanismoekiko begirunea; euskara hezkuntza sistemaren barruan lehenestea, hezkuntza jardueran zein harreman profesionaletan, baita ikasleen eta irakasleen arteko harreman formal eta ez-formaletan ere; eta ezarritako hizkuntza helburuak betetzea. Ez da ageri horiek ez betetzeak zer ondorio izango dituen, edo izango ote dituen ere. Beste baldintza zehatzago bat badago: ikastetxe horietako batean ere ezingo dira ikasleak sexuaren arabera bereizi.
Eskolek eskainiko dituzten lekuei dagokienez, jaso dute Hezkuntza Sailari dagokiola hori zehazteko lana. Gainera, ziurtatu dute leku publikoen eskaerari erantzuteko eskaintza nahikoa bermatuko dutela, batez ere biztanleria berria dagoen eremuetan. Eta zehaztu dute ez dela eskola lekuen gehiegizko eskaintzarik egongo. Segregazioari ere aurre egin asmo diote, testuaren arabera: «Beharrezkoak diren neurriak hartuko dira ikasleak arrazoi sozioekonomikoengatik edo bestelakoengatik segregatzearen aurka».
Digitalizazioa
Digitalizazioaren arloan badaude aldaketa batzuk. Aipatu dute digitalizazioak «etikoa eta arduratsua» izan behar duela eta pertsonen aukera berdintasuna, pribatutasunerako duten eskubidea eta ahalduntze digitala bermatu behar dituztela. Horretarako, «bitarteko teknologiko auditagarriak, berrerabilgarriak, libreak eta gardenak» hobetsi dituzte. Eta gaineratu dute: «Tresna eta baliabide digitalen erabilerak izaera osagarria izango du, tresna horiekiko menpekotasunik sortu gabe eta garapen kognitiboa zainduz eta bermatuz, betiere adin tarte eta nortasunaren garapen maila bakoitzaren eskakizunak jasotzen dituen esparru pedagogiko batean kokatuta».
Erlijioa
Erlijioari dagokionez, dokumentuan jasota dago ikastetxeek erlijio sinesmen oro errespetatu beharko dituztela, baina, aldi berean, eskolen izaera propioari uko egin gabe. Gero, baina, zentroek laikotasuna bermatu beharko dutela ere jartzen du. Horretaz gain, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoko ikastetxeen artean, erlijio irakasgaian, oinarrizko legediak ezarritako gutxienekoa izango da ikastetxeek eskain dezaketen gehienekoa, eta doktrinamendurik ez dagoela bermatuko dute, dokumentuan jaso dutenez.
Bestelakoak
Beste gai batzuei ere egiten die aipamena dokumentuak. Adibidez, hezkidetzari: hezkuntza sistemaren helburutzat dute hezkidetzaren alde egitea eta sexuaren araberako estereotipoak eta rolak alde batera uztea. Eta ordutegiei: aipatzen dute derrigorrezko bigarren hezkuntzako eskola jardunaldia zatitua izango dela —eskolak goizez eta arratsaldez jasotzea—, «behar bezala baimendutako salbuespenetan izan ezik».
Ikusi gehiago