Hizkuntza ere, zaintzaren erdira

Europako Batasunaren abaroan ari da sortzen Combi proiektua. Lan eremu elebidunetan komunikatzeko gaitasunak hobetzea du xede. Zaintza lanetan ari direnei begira, esaterako, metodologia berriak ondu nahi ditu, ahozkotasuna eta langileen berariazko prestakuntza hobesteko. Ongi zaintzeko hitzen bila.

NATALIA SALAZAR.
arantxa iraola
Donostia
2017ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Etxean mendeko pertsonaren bat zaintzeko langile bat kontratatu behar duen sendi euskaldun baten tokian jartzeko eskatu dute Petra Elserrek eta Elene Armentiak; zahar etxe batera heldu berria den egoiliar euskaldun baten tokian. Adibiderako. Izan ere, usu egoera horietan errotik aldatu behar izaten dituzte familiek edo egoiliarrek beren hizkuntza ohiturak; maiz zaintzaileek ez dute gaitasunik izaten artatu beharrekoen ohiko hizkuntzan aritzeko, hari solas egiteko afektibitatearekin—sarri arrazoia joana denean— lotzen dituzten berbekin. Banaiz Bagara elkarteko koordinatzailea da Elser, Elhuyar Aholkularitzako teknikaria Armentia. Biek Combi proiektuan dihardute, Europako Batasuneko Erasmus+ programaren abaroan ehuntzen ari den proiektuan. Hizkuntza gutxituan komunikatzeko gaitasuna lortzeko metodo berriak lantzen ari diren Europako hainbat erakunderekin ari dira lanean, sarean: «Hor daude Galesko unibertsitate bat, Frisiako Akademia, Finlandian trebakuntzan aritzen den elkarte bat eta Siziliako erakunde bat». Denen esperientzien berri izateko, datorren astean, hilaren 7an eta 8an, jardunaldi batzuk egingo dituzte Donostian. Itaun baten inguruan ardaztu dute egitaraua: Lan eremu elebidunetan komunikatzea: nola lagundu profesional guztiei kalitatezko zaintzarako hizkuntza gaitasuna lortzen?

Banaiz Bagara elkartea aspalditxotik zebilen migratzaileak euskarara —Euskal Herriko hizkuntza aniztasunera— hurbiltzeko programak lantzen. Metodologia berritzaileen premia argi zuten elkartean: ikasketa prozesu luzerik gabe, etorkinei hizkuntza trebakuntza emateko beharra. Eta, jardunaldien izenburuan migratzaile hitza ageri ez bada ere, saihetsezina da zaintzaren sektoreaz aritzean: usu etorkinek egiten dituzte lan horiek. Emakume hitza ere ez da ageri; baina gehienetan hor dago. «Xede talde nagusia dira migratzaileak, baldintza bereziak dituztelako», onartu du Elserrek. «Askok bi hizkuntza ikasi behar dituzte, ez dute hemengo kultura ezagutzen, haien tituluek ez dute hemen balio, zenbaitetan ez dute hizkuntza gutxituen kontzientziarik...». Aparteko soslai bat dute: landu beharrekoa. Baina gertuagoko errealitateari ere erreparatu behar zaio: «Hemen, Euskal Herrian zaintza sektorean asko dira, baita ere, bertakoak, eta asko, bertako erdaldunak. Pertsona horiek ere baldintza bereziak dituzte; asko dira emakumeak, 50 urte ingurukoak, ikasketak aspaldi utzi zituztenak, lanean ari direnak eta agian familia eta bilobak ere zaindu behar dituztenak... Ikasketa akademikoak egiteko zailtasunak dituen kolektiboa da». Eta kolektibo horien premiei erreparatu nahi diete Combin. Besteak beste, «ahozko komunikazioa» hobetsi behar dela nabarmendu dute. «Eta sortu behar da hizkuntzarekin konplizitate bat: ulermen bat», nabarmendu du Elserrek. Malkar makurretara inor behartu gabe: «Bide bat eskaini behar zaio jendeari, erraztasun bat».

Komunikatzeko gaitasuna

«Helburua da metodologia berritzaileak sortzea. Gramatikalki hizkuntza maila zuzen bat lortu beharrean, egin nahi dena da, komunikazio egoeretan oinarrituta, pertsona horiek lanean behar dituzten esaldiak erabiltzeko gaitasun maila lortzea», azaldu du Armentiak. Combi proiektuaren barruan eskuliburu bat lantzen ari dira xede horren inguruan. Eskuliburu horretan zehazten diren metodologiak nola txertatu egun indarrean dauden hizkuntza eskakizunekin? Horixe izango da, ondoren, erronka garrantzitsu bat. Taxuz hausnartu beharrekoa. Ez du dudarik Armentiak: «Nolabait ere, neurtu egin behar duzu langileek zer dakiten». Baina ataka estuegien beldur dira: «Pertsona horiek sarri desabantaila egoeran daude: ezin zaie presio gehiago jarri, eta, gainera, kontrako jarrerak sorraraz diezazkiekezu horrela. Nik uste dut hizkuntza maila horiek neurtzeko erei buelta bat eman behar zaiela; ahozko elkarrizketak direla, beste modu batekoak... ».

Nazioartean antzeko esperientzia interesgarriak badirela azaldu du Elserrek. Alemanian ikusi izan ditu, adibidez: «Jartzen dituzte pertsonak hainbat egoeratan. Esaterako, esaten diete: 'Gauean zaintzaren arduraduna zara, eta esnatzen da pertsona bat, gaizki sentitzen da, eta medikuari deitu behar diozu, eta esplikatu behar diozu zer daukan... Nola konpondu egoera hori?'. Pertsona horrek konpondu behar du egoera hizkuntzaren aldetik, eta ikusiko dute horretarako gai den... Hori da irizpidea; ez aditzak ongi jokatzen dituen, baizik eta gai den komunikazioaren aldetik». Ebaluatzeko modu berri horiekin batera «irakasteko» modu berriak ere ezinbestekoak direla pentsatzen dute. Izan ere, egun ez dago horrelakorik. «Kasu askotan, zuk behar duzunera iritsi arte, akaso pasatzen dituzu hainbat urte ikasten», onartu du Armentiak. Eta laneratzeko premian diren pertsonek usu ez dute horrenbeste astirik trebakuntzarako. Zaintzaren sektorean dauden premiek ere zaintzaile premia handia dakarte, populazioaren zahartzearekin estuki lotuta baitaude.

Argi dute beste aldagai bat ere: langile horiei haien premiak berariaz aintzat hartuta irakatsi behar zaie hizkuntza. «Oso garrantzitsua da ikasleek ulertzea hizkuntza dela lanbidearen parte bat, eta irakasleek ere ulertzea lan horretan zertaz hitz egin behar den: zein egoera dauden, adibidez, dementzia egoera batean, edo autonomia sustatzeko nola hitz egin behar zaion pertsona bati...», esplikatu du Elserrek.

Espero dute mugimenduokin txertatuz joatea hizkuntzaren aldagaia lanbide heziketan alorrerako profesionalak prestatzeko dauden ikasketetan. «Hizkuntzaren gaia ez da normalean tratatu; besterik ezeko, gaztelaniaz egitea izan da ohikoena», esan du Armentiak. «Eta, nahiz eta titulua gaztelaniaz ikasi, hor txertatu behar da euskara baliabide bat bezala; hizkuntza da laneko elementu bat, beste elementu bat», ohartarazi du Elserrek. Eta argi dute: kalitatearekin lotu behar da prozesu osoa. «Kalitatea eskaini ahal izateko tresna da hizkuntza».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.