Andras Kornai. Hizkuntzalari matematikoa

«Hizkuntza askok ez bezala, osasun digital ona dauka euskarak»

Heldu den azaroaren 6an, Soziolinguistika Klusterrak antolatutako jardunaldian parte hartuko du Andras Kornai irakasleak, Bilbon. Mintzagai izanen du, besteak beste, hizkuntzen «heriotza digitala».

Ion Orzaiz.
2018ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Hiztun kopuruaz gainera, hizkuntza batek Interneten duen pisuak garrantzi handia duela uste du Andras Kornai hizkuntzalariak (Budapest, 1957). Irakaslea da Budapesteko Teknologia eta Ekonomia Unibertsitatean. Bilbon izanen da asteartean, Soziolinguistika Klusterrak antolatutako jardunaldietan parte hatzen.

Hizkuntzen «heriotza digitala» mintzagai izanen duzu Bilboko hitzaldian. Zer da?

Hizkuntza askori eragiten dien fenomeno bat da, ez bakarrik hizkuntza gutxituei. Horren arabera, hiztun komunitate batek, berdin dio tamainak, ez badu belaunaldi arteko transmisioa behar bezala egiten eta, horren ondorioz, gazteek ez badute hartzen hizkuntza hori komunikazio tresna baliagarritzat, hilda edo hiltzeko bidean egonen da esparru digitalean. Halakoetan, hizkuntza bera ez da berehalakoan galduko, ondare gisa iraun dezake, baina hiztunek, gazteek bereziki, ez dute erabiliko online. Interneten edo sare sozialetan ibiltzean, automatikoki, beste hizkuntza bat aukeratuko dute.

Hortaz, Interneten, pisu espezifiko txikia izanen dute hizkuntza horiek, ezta?

Heriotza digital egoeran dauden hizkuntza komunitateek apenas duten presentziarik Interneten: baliabide eta plataforma guztiak beste hizkuntza hegemoniko batean daude, eta erabiltzaileek ere ingelesa, espainiera edo beste hizkuntza bat erabiltzen dute, propioa erabili beharrean. Wikipedia da horren adierazgarririk garbienetako bat: online entziklopedia 300 bat hizkuntzatan aurki dezakegu, baina mundu osoan 8.000 hizkuntza inguru daude. Arrakala handia da.

Milaka hizkuntza horietatik zenbat daude eremu digitaletik galtzeko zorian?

Gehiengo oso handi bat. Erakundeek esan ohi dute munduko hizkuntzen erdiak galtzeko arriskuan daudela, baina kalkulu horrek ez du esparru digitala kontuan hartzen, eta hizkuntzen heriotza digitalaren arriskua gutxiesten du. Interneteko eta sare sozialetako egoera aintzat hartuta, ziurta dezakegu hizkuntza guztien %95etik gora arriskuan daudela.

Zeintzuk dira hizkuntza baten osasun digitala neurtzeko faktoreak?

Faktore asko dira: prestigioa, baliabideak, hezkuntza, demografia... Guztietan erabakigarriena, ordea, gaitasun digitala duten hiztunen kopurua da; beren hizkuntza Interneten erabiltzeko gai diren horiek, alegia. Hiztun komunitate bat ez bada gai bere mintzaira propioa online erabiltzeko, hizkuntza hori hilda edo hil hurren dagoela esan dezakegu. Taiwanen, adibidez, 200 hizkuntzatik gora dituzte. Indian, are gehiago: 700 hizkuntza baino gehiago erabiltzen dira, baina hango jendeak nekez izenda ditzake lau edo bost baino gehiago. Komunitate barruan erabiltzen dira, bai, eta batzuek hiztun kopuru handiak dituzte, baina hilzorian dira, jarraitutasuna ez dutelako bermatua. Gazteek ez dituzte erabiltzen.

Hortaz, Interneteko baliabideak hizkuntza batera itzultzea ez da nahikoa mintzaira hori biziberritzeko?

Ez, hizkuntza horrek ez baitu baliorik izanen komunikaziorako tresna gisa. Garrantzitsua da, noski, online baliabideak hizkuntza guztietan eskuragarri jartzea, baina horrekin bakarrik nekez lortuko dugu mintzaira gutxitu bat biziberritzea. Adibide bat jarriko dizut: latina. Inork ez du latinez hitz egiten, hizkuntza hila da; eta, hala ere, webgune, artikulu eta baliabide ugari daude latinera itzulita. Horrek esan nahi du latina biziberritzeko bidean dagoela? Ez. Presentzia digitala izan dezake, baina mende ugari daramatza hilik. Hortaz, digitalki prestatuta dauden hiztunak behar dira beste ezer baino gehiago.

«Goraldi digitala» izeneko fenomenoa ere aipatu duzu zure ikerlanetan. Zer da?

Heriotza digitalaren kontrako prozesua da. Digitalki hilik edo hilzorian dagoen hiztun komunitate bat hasten bada bere hizkuntza online erabiltzen eta baliabideak bere mintzairara ekartzen, gero eta presentzia handiagoa izanen du eremu digitalean. Horretarako, baina, komunitate indartsua behar da, belaunaldi aldaketa bermatuko duena. Alde horretatik, demografia garrantzitsua da: komunitatea edukiak sortzen hasten denetik beretik —sare sozialetako mezuak, blogak, wikiak...—, bide hori urratzen hasiko dira gazteak ere. Dena den, hiztun kopuru handi batek, bere horretan, ez du bermatuko goraldi digitala. Interakzio digitalean inplikazio aktiboa duten hiztunak behar dira, edukiak sortuko dituztenak. Edukien kontsumo pasibo hutsak ez dio mesederik egiten hizkuntza gutxitu bati.

Ehunka hizkuntzaren egoera aztertu duzu zure lanean. Euskararena ere bai?

Bai, eta adibide polita da, heriotza digitala saihestu eta goraldia bermatzeko gaitasuna duelako. Esparru digitalari dagokionez, osasuntsu sumatzen dut, beste hizkuntza asko ez bezala. Estatistika ugari erabili ditut bizirik dauden hizkuntzen eta hilzorian direnen profilak alderatzeko, eta aldagai guztiak aintzat hartuta, euskara egoera onean dagoela uste dut.

Zer egin behar du euskal hiztunen komunitateak heriotza digitala saihesteko?

Oro har, euskal komunitateak baliabide digitalen ezagutza egokia dauka, eta horiek guztiak erabiltzeko gai da. Hori garrantzitsua da. Baliabide horietako asko, ordea, ingelesez edo gaztelaniaz bakarrik dituzue eskuragarri: Google Voice, Amazon, eta abar. Euskaraz ere eduki beharko zenituzkete. Euskal Herrian, bestalde, badago baliabide garrantzitsu bat: hezkuntza sistema. Ikasketak euskaraz egin ahal izatea oso lagungarria da hizkuntzak bizirik irauteko. Badakit ezin dituzuela euskaraz egin unibertsitateko eta goi mailako ikasketa, gradu eta graduondoko guztiak, baina oinarri interesgarria daukazue, beste hizkuntza askok ez dutena, eta horrek berma dezake hizkuntzaren etorkizuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.