«[Espainiako] Diputatuen Kongresuak aukera izango du demokraziaren alde urrats berri bat egiteko». Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak argi hitz egin du Kongresuaren atarian. Alboan zituen euskararen, aragoieraren, asturieraren, galizieraren eta katalanaren aldeko eragile nagusiak, eta hizpide izan du gaur arratsaldean eztabaidatuko den legez besteko proposamena. «Gaurko eztabaidaren muina hor kokatzen da: gizarte demokratikoagoa, berdinzaleagoa eta justuago bat eraikitzearen alde egitean».
Iazko otsailean abiatu zuen ibilbidea gaur eztabaidatuko den proposamenak. Orduko hartan, hizkuntza aniztasunaren kudeaketa egokia bermatzeko neurriak hartzeko eskatu zieten alderdi politikoei hizkuntza gutxituen aldeko eragileek. Sinatzaileen artean zeuden eragile hauek: Nogara, Iniciativa Pol Asturianu, A Mesa Pola Normalizacion Linguistica, Accio Cultural del Pais Valenciá, Ciemen, Omnium, Plataforma per la Llengua eta Euskalgintzaren Kontseilua. Ereindako hazi haren emaitza abenduan iritsi zen, hamar alderdi politikok oinarri horiek biltzen zituen legez besteko proposamena erregistratu baitzuten Espainiako Kongresuan —BNG, Compromis, CUP, EAJ, EH Bildu, ERC, JxCat, Más Madrid, PDCAT eta Unidas-Podemos alderdiek—. Gaur, EH Bilduren ekimenez iritsiko da eztabaida arratsaldeko bilkuran.
Duela urtebeteko proposamenarekin Madrilera joan ziren eragileei beste bi batu zaizkie gaurko agerraldian: Escola Valenciana eta Obra Cultural Balear. Azaldu dutenez, «berdintasuna eta justizia jokoan daude», berezko hizkuntza gutxituen herritarrek ez dutelako «bigarren mailakoak izan nahi».
Bilbaok, gogora ekarri du, gainera, inoiz baino beharrezkoagoa dela legez besteko proposamena onartzea. Martxoaren hasieran jakin zen Espainiako Gobernuak bizkar eman ziela Europako Kontseiluak hizkuntza gutxituen arloan egin zizkion gomendioei, nahiz eta Espainia Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren sinatzaile izan. «Horrek argi erakutsi du beharrezkoa dela egiturazko aldaketa, baldin eta estatuak berak berretsitako ituna beteko badu». Arratsaldeko eztabaida Kongresuan bertan adituko dute hizkuntza gutxituetako eragileek.