Soka bat; hizkuntzarena. Eta bi talde, alde bakoitzetik tiraka. Euskararen gutxienekoak dokumentaleko lehendabiziko irudia da, ondotik hitzez azaltzen dutena. Euskararen beherakadan izan diren sokatirak: botere gatazkak, debekuak, presioak, lotsak... baina baita eusteko ahaleginak ere. Horiek guziak azaleratu nahi izan ditu Euskararen Gizarte Eragileen Kontseiluak ordu erdiko ikus-entzunekoan.
Gaur aurkeztuko dute dokumentala, Iruñeko Golem Baiona zinema aretoan, arratsaldeko zazpietatik aitzina, eta gaiaren inguruan eztabaidatzeko aukera izanen da. «Zergatik egin dugun azalduko dugu lehenengo», erran du Iñaki Lasa kontseiluko kideak. Haren arabera, hizkuntzaren zapalkuntzan esku hartze handia izan dute estatuek, baina negoziazio politikoetan gaia bigarren mailan utzi izan dela dio. «Gutxieneko batzuk jarri genituen, eta horiek behar ditugu euskarak irtenbidea izan dezan». Negoziatu behar dutenei mezua helarazteko asmoa dute, beraz, tresna horren bidez.
Zapalkuntza konstantea
Euskarak lehen eta orain jasandako zapalkuntzak erakutsi nahi izan ditu kontseiluak sortutako euskarrian, eta, horretarako, hainbat lagunek ematen dute historian zein gaur egunean gertatutakoaren berri. Joan Mari Torrealdai eta Dabid Anaut mintzo dira, alde batetik, eta bereziki iraganean jazotakoak kontatzen dituzte. Frantziako iraultzatik frankismo garairaino gaztelera eta frantsesa nola inposatu diren azaltzen dute, hain justu, eta horren gibelean asmo politiko bat egon dela zehazten dute. Torrealdaik dio, erraterako, zapalkuntzaren ideia ukatu eta erran izan dela euskaldunek berez utzi edo baztertu dutela euskara, baina ez dela berez hala.
Bestalde, zapalkuntza gaur egun ere badagoela erakusten da. Lasak azaldu du horren arrazoia: «Badirudi zapalkuntza iraganeko zerbait dela, baina estatuak ari dira esku hartzea areagotzen; konstante bat da historian». Eta, hain zuzen, gaur egunean ere politikek euskararen aurka duten jarrera erakusteko testigantzak ematen dituzte Asier Basabe, Eukene Xurio, Ekihotz Prieto eta Resu Abasolok. «Politikak eragina du jendearengan, eta eredu horiekin zapalkuntzaren tantatxo bat eskaini nahi izan dugu». Epaitegian euskaraz deklaratzeko debekua, administrazioarekin izandako arazoak eta euskaraz hitz egiteagatik jasandako jazarpena aipatzen dituzte, bertzeak bertze, lehen pertsonan.
Anautek ere ematen die gertaera horiei zentzua, ikus-entzunekoan dioenez «paperetan idatzita dagoena» herritarrek jasan izan dutelako: «Gertatu den guztia norbaiti gertatu zaio. Ez da gauza abstraktu bat». Lasak ikuspegi osoa eman die, halere, gertaera horiei. «Normalizazioa hartu izan dugu gai domestiko gisa, baina ez da bakarrik gure arteko arazo bat. Hizkuntza politika baten ondorio da».
Gutxienekoen eskea
Euskararen beherakada galarazteko egindako ahaleginak ere aipatzen dituzte Anautek eta Torrealdaik, eta, horrekin batera, aitzina begira hartu beharreko zenbait gako ematen dituzte. «Gizarte zibilak salbatuko du euskara, baina tresna gehiago behar ditugu; politika propioak», dio, adibidez, Torrealdaik.
Ikus-entzunekoaren izena ere eskaera horrekin bat datorrela azaldu du Lasak. Izan ere, euskarak normalizatzeko estatutu egokia behar duela dio, eta gutxieneko batzuk bete behar direla horretarako. Euskara ofiziala, berezkoa, lehentasunezkoa eta ezagutu beharrekoa izatea dira gutxieneko horiek, estatuen esku hartzea etetearekin batera.
Gaia zabaltzeko, Euskal Herriko hiriburuetan emanaldiak eginen dituzte ondoko asteetan. Nazioarteko dokumental lehiaketetara aurkezteko asmoa ere badute, eta laster sarean izanen da ikusgai.
Hizkuntz zapalkuntza, agerian
Estatuen «esku hartzea» azaleratu du Kontseiluak 'Euskararen gutxienekoak' dokumentalean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu