Zer dago jokoan hauteskunde hauetan?
Garai erabakigarrian gaude, euskararen aldeko hizkuntz politiketan jauzi kualitatiboa egin ezean atzerakada gertatzeko arriskuan. Beraz, hauteskundeon osteko politiketan asko dago jokoan. Batetik, globalizazioa muturrekoa den eta bizimodua digitalizatu zaigun honetan, inbertsioak eta politika publiko sendoak ezinbestekoak dira horri guztiari erantzuteko. Bestetik, euskararen aurkako oldarraldi erreakzionarioa aintzat harturik, ezinbestekoa da erakundeetatik ausardiaz jokatzea. Hau da, administrazioa euskalduntzearen oinarri izatea bermatuko duen araudia indarrean jarriz, etorkizuneko belaunaldiei euskaraz jabetzeko eskubidea egiaz ziurtatuko dien hezkuntza legea eraikiz, edota euskal herritar berrientzat euskararako irisbide erraz eta egokia eraikiz.
Zer itxaropen duzu emaitzen harira?
Espero dugu hurrengo Jaurlaritzak, edozein izanik ere, ausardiaz jokatzea. Aintzat hartzea jendartearen gehiengo zabala euskararen normalizazio eta biziberritzearen alde dagoela, egunotan Korrikak beste behin frogatu duen bezala. Ohartzea kontsentsua hor dagoela, eta horren araberako politika publikoak egitea, logika euskarafoboetan ari den gutxiengoarekin kikildu eta haiei hausporik eman gabe.