Caroline Vezina. Kanadako Frantsesezko Osasun Arretarako Erakundeko programazio zuzendaria

«Hizkuntz irizpideak betetzea bermatu behar du osasun sistemak»

Kanadan ingelesa eta frantsesa dira hizkuntza ofizialak, baina horrek eragin gutxi dauka frantsesezko osasun arretan. Hizkuntz eskubideak osasunean bermatzeko estrategiak abiatu dituzte azken urteotan.

Bilbo
2017ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Caroline Vezina gizarte langile da. Laguntza eta osasun arloetan lanean ibili izan da, eta gizarte garapenean ere bai. Gaur egun, Kanadako Frantsesezko Osasun Arretarako Erakundeko programazio zuzendaria da. EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen udako ikastaroetan parte hartu du, Osasuna eta hizkuntza jardunaldietan. Osasun arloko prestakuntzan hizkuntza gutxituak txertatzearen beharraz jardun da.

Zein da hizkuntza oztopoen eragina Kanadako osasun arloan?

Frantses eledunak dira gure egitekoaren jarduna. Oztopoa dago osasun arreta frantsesez jaso ahal izateko. Prozesua oso konplexua da, eta askotariko eragileek parte hartzen dute, hainbat taldetan sailka daitezkeenak: langileak edo osasun profesionalak, kudeatzaileak edo zerbitzuburuak, erakundeak eta erabaki hartzaileak. Nire erakundea saiatzen da guztien artean elkarlana bultzatzen. Kanadako osasun zerbitzu ia dena da publikoa; sektore pribaturik apenas dagoen arlo horretan.

Erronkari aurre egiteko, frantses hiztunok zer estrategia abiatu duzue?

Oso garrantzitsua da zehaztea Quebecez kanpora ere badaudela frantses hiztunak: Kanadaren gainerako probintzietan milioi bat hiztun dira. Azken hamabost urteotan ekintza eta proiektu asko abiatu dugu herrialde osoan. Elkarlanean gabiltza unibertsitateetan eta horrelako esparruetan prestakuntza txertatzeko. Batetik, profesionalei begira ari gara: prestakuntza egiten dugu, frantsesez konfiantzaz egin dezaten lan esparruan. Bestetik, kudeatzaileei begira ere lan egiten dugu, giza baliabideen erabilera egokia izan dadin: frantses hiztunak diren profesionalak nola erakarri, mantendu, eta gero eta gehiago izan daitezen, estrategia egokiak proposatzen ditugu, osasun arreta frantsesez eskaini ahal izateko. Hortaz, profesionalei begira gehiago lantzen da prestakuntza, eta, kudeatzaileei begira, giza baliabideen kudeaketa. Izan ere, funtsezko irizpidea da eskaintza aktiboa. Kanadar guztiak ez dira elebidunak, eta, beraz, osasun zerbitzua eskaintzen duten erakundeen eta profesionalen erantzukizuna da eskaintza aktiboa ematea: pazienteei arreta frantsesez eskaintzeko, eta kudeatzaileei beharrezko giza eta teknika baliabideak emateko.

Bide horretan aurrerapausorik eman duzue?

Lorpen handiak izan dira. Tokian-tokian egoera aldatzen da, eragile desberdinekin lan egin behar dugulako, baina horien araberako erantzunak eta emaitzak lortu dira. Probintziaren arabera araudia, legeak eta protokoloak aldatzen dira, egoera eta erronkak aldatzen dira. Herri mailan era praktikoagoan garatu ahal izan dituzte proiektuak: osasun zentro txikietan erabiltzaile eta profesional frantses hiztunak elkartu ditugu, arreta frantsesez ematera bideratutako proiektuak aurrera ateratzeko. Horixe da eraginkorrena, eta merkeena.

Gaur-gaurkoz, zeintzuk erronka nagusi dauzkazue esku artean erakundean?

Erronka handienetakoa da eskualde administrazioetan eragitea, legeak eta protokoloak alda daitezen. Izan ere, osasunaren kudeaketa probintzia mailakoa da, ez estatu mailakoa; tokian-tokian eragin behar da. Bestalde, ikerketa eta esku hartze asko egin dugu, baina ezagutza hori partekatu, zabaldu eta praktikan abiarazi behar dugu, azken batean, helburua baita hizkuntz eskubideak egikaritzea.

Ildo horretan, nazioarteko sinergiak bilatu behar ditugu, eremu elebidunetan zer gauza egiten ari diren ezagutu behar dugu, adibideetatik ikasteko. Gauza da sinergiak, elkarlana eta ikerketak bultzatzea, eraginkorrak izango bagara. Kanada barruan ere egin behar dugu lan hori. Hain da herrialde handia eta hain dago zatitua, komunikazio falta oso handia baita: garatzen diren ekintzak, askotan, ez dira partekatzen. Horretarako, profesionalen eta ikertzaileen arteko sareak sortzen saiatzen gabiltza, komunikazioa bermatu ahal izateko. Egunotan, Euskal Herrian zer edo zer ikasi dut: interesgarria da erabiltzaileen lehentasunezko hizkuntza zein den jasotzea, eurengana nola zuzendu jakiteko; eta oso egokia izan daiteke. Geurera ekarrita, frantses hiztunak non dauden jakinda, errazagoa izango da giza baliabideak antolatzea.

Etorkizunari begira, 2028. urtea jarri duzue mugarri gisa. Ordurako zer lortu nahi duzue?

Hizkuntz erregistroa oinarrizkoa da, eta komunikazio irizpide zehatzak ezarri behar dira. Lantaldeak osatzen dabiltza lan hori garatzeko. Osasun sistemak edo zerbitzuko erakundeek bermatu beharko dituzte irizpideak betetzen direla, eskuragarritasuna erraztu behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.