Lehengo ostiralean Donostian izan zen Neus Sanmarti Bartzelonako Unibertsitateko Zientzia irakaslea, Kontseiluak hezkuntzaren inguruan antolatutako jardunaldietan: Euskara biziago ikastetxeetan, hizkuntza normalizaziorako proiektuen bidez. Sanmarti zientzien alorrekoa bada ere, aspalditik dabil hizkuntzaren irakaskuntza ikertzen, eta, haren irudiko, ikasleek hizkuntz gaitasun egokia lortzeko, ezinbestekoa da hizkuntza arlo eta irakasgai guztietan kontuan hartzea.
Curriculumean zehazki zer esaten da konpetentzia komunikatiboaz?
Hitz egiteari dagokionez, ikasleak gai izan behar du zerbait azaltzeko, zerbait komunikatzeko, besteek ulertzeko moduan. Bere ideiak ongi argudiatzeko eta bestearenak entzuteko gai izan behar du. Eta, noski, jakin behar du testuinguru bakoitzari egokitzen zaion erregistroa ongi erabiltzen, ez baita gauza bera lagun artean hitz egitea edota hitzaldi batean. Idazketari dagokionez, generoak ongi erabili behar ditu, eta gai izan behar du bereizteko zer den iritzia eta zer argudioa. Eta, gainera, irakurle ona izan behar du.
Eta helburu hori lortzen ari al da?
Ez. Helburuak epe luzera jarri behar dira, gutxienez hamar urtera. Hemen arazoa da, aldaketa politikoekin batera, lau urtetik behin helburuak aldatu egiten direla, eta, ondorioz, inoiz ez dugu lortzen ezer egonkortzea edota sendotzea. Ildo berean lan egin behar da, eta guztion artean. Gizarte osoak izan behar du helburu bera, eta, horretarako, beharrezkoa da guztion arteko ituna. Finlandian, duela 20 urte, gizarte itun bat egin zuten, eta gaur egun guztiek lan egiten dute bide berean, hezkuntzak funtziona dezan.
Hizkuntza ongi ez jakitea da eskola porrotaren arrazoietako bat?
Ez dut zalantzarik. Ikasleek ez dituzte hizkuntz baliabideak ongi menperatzen. Gurea bezalako erkidegoetan elebitasunari egozten diote askok horren errua, eta hori ez da egia. Arazoa da ez dutela ez bata ez bestea ongi menperatzen. Elebitasuna ez da desabantaila.
Hego Euskal Herrian hiru hizkuntz eredu ditugu, eta emaitzak kezkagarriak dira: D ereduko hiru ikasletik bat ez da gai euskaraz ondo hitz egiteko eta idazteko. Katalunian gauza bera gertatzen da?
Bai, antzera. Gizarte klaseen artean ezberdintasun handiak izaten dira. Kataluniako biztanleriaren %18 etorkinak dira, eta, ondorioz, ia ikasleen %20k arazoak ditu hizkuntzarekin. Ez soilik katalanarekin, baizik eta hizkuntza guztiekin. Hutsune kultural handiekin iristen dira, eta horrek arazoa areagotu egin du. Hala, eskola oso polarizatuta dago: gizarte klase baxukoek eta etorkinek porrot egiten dute, eta gizarte maila altukoek gaitasun gehiago dituzte. Ziur nago hizkuntz gaitasuna hobetu ezean ezinezkoa dela zientzia arloetan emaitza hobeak lortzea.
Irakasle guztiak, ordea, kontziente dira hizkuntzaren irakaskuntza guztiei dagokiela?
Ez, eta horrek ikuspegi aldaketa handia eskatzen du. Arlo guztiak jokoan jartzea eskatzen du, eta irakasle guztiak ados jartzea eta modu koordinatuan lan egitea. ikastetxez ikastetxe plangintzak egitea, ardurak definitzea. Hizkuntza irakasleek ere aldatu behar dute euren ikuspegia; izan ere, hizkuntza baten irakaskuntza gramatikarekin lotzen dute batez ere. Esaterako, izen sintagma zer den irakasten zaie, baina ez zaie esaten zertarako jakin behar duten zer den izen sintagma, hau da, hobeto idazteko eta hitz egiteko behar dutela. Irakasle guztiak kexatu egiten dira ez dutela astirik programa osoa bukatzeko. Ziur nago elkarlanean eta talde lanean arituko bagina errazago egingo genukeela aurrera.
Behin baino gehiagotan aipatu duzu ezinbestekoa dela ikasleei analisi kritikoa egiteko baliabideak ematea. Gaur egun, gainera, Interneten aroan bizi gara, eta edozeinek du edozein informazio mota eskura. Informazio bonbardatze horretarako prestatzen al dira ikasleak?
Ez, eta, gainera, irakasleek ez dute uste hori egin behar dutenik ere. Esaten dute ez dela euren zeregina, hori ideologikoa dela, eurek ez dutela doktrinatzen... Gauza batek ez du bestearekin zerikusirik, ordea. Ez dakite zer den kritikoa izatea. Ikasleek gai izan behar dute ongi argudiatutako iritzi bat emateko, etikoki eta zientifikoki ongi argudiatutakoa. Horrek balio du Interneten dagoena hobeto baloratzen. Gaixotasun baten inguruko galderaren bat egiten badidate, Internetera joko dut eta ez nire memoriara, ea institutuan zer irakatsi zidaten gogoratzen naizen.
Ezinbestekoa da gurasoek ere aldatzea ikuspegia. Gurasoek galdetzen dute zergatik ezzaien hiriburuak irakasten. Uste dute eurei irakatsi zieten gauza bera irakatsi behar zaiela euren seme-alabei. Katalunian badaude modu horretara lan egiten ari diren eskolak, eta gurasoekin arazoak izaten ari dira.
Irakurketari garrantzi handia eman diozu, eta, zure esanetan, ikasleek asko irakurtzen dute.
Hala da, kontua da ez dutela irakurtzen guk agintzen dieguna. Oso garrantzitsua da kontuan hartzea zer ematen zaien irakurtzeko eta nola ematen zaien. Guk aldizkari edota egunkarietako albisteekin lan asko egiten dugu, eta gutxi liburuekin.
Ikasliburuek porrot egin dute?
Ez dute balio ikasleak motibatzeko. Testu errealekin egiten dugu lan. Ikasle batek egunerokoan irakur dezakeena ematen diegu irakurtzeko, irakurketa kritikoa egin dezaten erakusten diegu, lerro artekoa irakur dezaten, informazio eraginkorra topatzen laguntzen diegu... Eskoletan literalki irakurtzen irakasten zaie,eta gero irakurritakoaren inguruan galdetzen diegu, eta ez irakurri ez dutenaren inguruan, edota idazlearen inguruan.
Neus Sanmarti. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakaslea
«Hizkuntz gaitasuna hobetu ezean, ezinezkoa da zientzia alorretan emaitzak hobetzea»
Ikasle batek hizkuntza ongi jakin ezean, porrot egingo du eskolan. Horixe uste du Sanmartik, eta ezinbestekotzat jotzen du hizkuntza arlo guztietan eta irakasle guztiek lantzea, modu koordinatuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu