Hizkuntz Eskubideen Behatokiak neurri «bermatzaileak» eskatu ditu osasun arreta euskaraz jasotzeko

Euskal Autonomia Erkidegorako osasun ituna hitzartzeko lanean ari diren eragileei mintzatu, eta adierazi die zer «gabezia» dauden gaur egun arta euskaraz jasotzeko.

Osakidetzako langile bat, bata zuria soinean, euskaraz badakiela erakusten duen ikurra paparrean duela. MAIALEN ANDRES / FOKU
Osakidetzako langile bat, bata zuria soinean, euskaraz badakiela erakusten duen ikurra paparrean duela. MAIALEN ANDRES / FOKU
arantxa iraola
2024ko urriaren 29a
17:00
Entzun

Abian da EAE Euskal Autonomia Erkidegorako osasun itun bat hitzartzeko prozesua, eta hartan ekarpena egin nahi izan du Hizkuntz Eskubideen Behatokiak: horretarako, egun arta euskaraz jasotzeko dauden «gabezien» berri eman du. Agerian utzi du «espezialitateetan eta zerbitzu berezietan dagoen euskarazko arreta eskasak» eragina duela «pazienteen ongizatean». Bide batez, neurri «bermatzaileak» hartzeko eskatu du osasun laguntza euskaraz jaso ahal izateko.

Hizkuntza eskubideen gaineko kexak eta erreklamazioak jasotzen ditu Behatokiak, euskaraz aritzeko zailtasunekin lotuta egoten dira gehienak, eta bide horretatik jasotako intzidentziarik nabarmenenetan oinarrituta egin du azterketa. Ondorio nagusietako bat da «azken urteetan hutsune berberek» hor segitzen dutela, «zuzendu gabe». «Euskarazko arreta berariaz eskatua duten herritarrei ere ez zaie kalitatezko zerbitzua bermatzen», adierazi du. «Helarazitako kexei emandako erantzunetan maiz adierazten da ezin izan dela euskarazko arreta bermatu kontratazio zerrendetan euskararen ezagutzarik ez duten profesionalak daudelako edo euskaraz arreta eskaintzeko maila egokirik ez dutelako».

Urteotan jasotako intzidentzien artean, hauek dira nabarmenenetako batzuk: espezialisten zerbitzuak euskaraz jasotzeko modurik ez izatea, euskarazko eskaintza «aktiborik» ez izatea hainbat osasun zentrotan, euskarazko zerbitzua eskatzea «konflikto» motiboa izatea askotan pazienteentzat, osasungintzak azpikontratutako enpresetan hizkuntza irizpideak ez behar bezala zaintzea, ordezkapenetan euskarazko zerbitzuak gehiago ahultzea...

«Zuzeneko arretari lotutakoak ez ezik, bestelako urraketen adibideak ere helarazi ditugu: gaztelaniaz emandako erantzun idatziak, aldi baterako hizkuntza paisaiako akatsak... Halakoak kexa jarri ostean zuzentzen diren arren, azken urteetan behin eta berriz errepikatzen diren hutsuneak dira», nabarmendu du Behatokiak. Eta horretan oinarrituta egin du aldarria: «Pazienteek egindako kexari erantzunez, barkamena berariaz eskatzen zaie herritarrei beren hizkuntza eskubideak urratzeagatik, baina barkamen horiez harago, uste dugu behingoz neurri irmoagoak eta ausartagoak hartzeko garaia dela, osasun sisteman euskara erabat normalizatzea pazienteen diagnosia eta tratamendu egokia bermatzea ere badelako».

Oinarrietan

Orain, osasun ituna hitzartzeko lanean ari diren honetan, horretarako oinarriak jarri behar direla gogoratu du Behatokiak. «Beharrezkoa da, itunean proposatzen diren neurrietan atzerapausorik ez onartzetik harago, neurri zuzentzaileak zehaztea, ez koiunturalak, horrela zerbitzuaren kalitatea eta herritarren ongizatea eta osasuna hobetzeko».

Euskalgintzaren Kontseiluak ere, irailean propio gai horri buruz argitaratu zuen mezu batean, adierazi zuen euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzeko bideek «erdigunean» egon behar dutela ituna lantzeko prozesuan.

Osakidetzak bide bat egina du euskararen erabilera normalizatzeko urratsetan, arlo horretarako hirugarren plana indarrean dago gaur egun, 2028ra bitarteko helburuekin, baina, euskalgintzako eragileen arabera, jasotako eskakizunak apalegiak dira, eta, gainera, sarritan ez dira betetzen. HIrugarren planean, aurrekoetan egin duen gisan, irizpide soziolinguistikoen araberako sistema bat ezarria du Osakidetzak, langileen euskalduntzea bideratzeko. Horiek horrela, eremu soziolinguistikoen arabera, euskaldun kopurua urritu ahala apaldu egiten dira eskakizunak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.