Hizkuntza eskubideak bermatzeko zer neurri hartu, udalentzako proposamen bat taxutu du Kontseiluak, udaletako teknikariekin eta zinegotziekin batera. Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa du oinarri, 2016an dozenaka eragileren babesean landutako dokumentua. Finean, udalei bide orri bat eskaini diete: hizkuntza eskubideak lehentasun gisara hartzeko neurri sorta bat. Besteak beste, honako ardatz hauekin: udalek hizkuntza eskubideak aitortzea herritarrei, langileei aukera bermatzea euskaraz jardun ahal izateko, eta lanpostuak euskalduntzeko bideak eta epeak zehaztea. Hizkuntza eskakizunetatik harago jotzea nahi dute: gaitasun mailak bakarrik ez, erabilera irizpideak ere ezartzea. Udalen arteko desberdintasunak ikusita, neurri «egingarriak eta eraginkorrak» hartzea proposatu dute.
Orain hiru urte, 2016ko abenduan aurkeztu zuten Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa, Donostian. Europako hizkuntza gutxituetako ehun eragilek baino gehiagok parte hartu zuten dokumentua ehuntzen. 185 neurri ezarri zituzten. Sustatzaileek maiz nabarmendu dute Europako hizkuntza gutxituetako eragileen artean egindako adostasunik handiena dela protokoloa.
Oinarri horrekin, beste urrats bat egin zuen iaz Kontseiluak,eragileren ekarpenak jaso ostean: protokoloaren neurriak zehaztu zituzten euskararen premiak aintzat hartuta. Hirugarren urratsa da oraingoa, udaletarako proposamena. Nabarmendu dute udalak «estrategikoak» direla, haiek baitaude herritarrengandik gertuen. Proposamena atzo aurkeztu zuten Gasteizen; Lasarte-Oriako eta Antsoaingo euskara teknikariek parte hartu zuten saioan, eta Gasteizko Udaleko ordezkariek.
Proposamena Hego Euskal Herriko udalentzat taxutu dute. Espero dute urtea bukatzerako prest izango dela Ipar Euskal Herrirako proposamena. Bi dokumentu egitea erabaki dute, neurriak hartzeko lege babesa ez delako berbera.
Errealitate desberdinak
Dokumentuan nabarmendu dutenez, euskara hizkuntza gutxitua izateak udalei eskatzen die «politika propioak» hartzea arlo horretan, eta udal barruan ez ezik kanpoan ere eragitea, sustapenaren esparruan. Uste dute proposatutako neurriek bide ematen dutela «errealitate desberdinei erantzuteko». Hori da gakoetako bat, hain justu: egoera aztertzea, eta planak eta baliabideak jartzea.
Ohartarazi dute irizpide bat aintzat hartu behar dela: neurri eraginkorrak ezartzea. Adibidez, herritar gehienei eragiten dieten esparruetan jartzea lehentasuna, edo haurrei eta gazteei bideratutako arloetan. «Erabaki guztietan aintzat hartu beharrekoa litzateke erabaki horiek hizkuntzaren normalizazioan duten eragina». Horrekin lotuta, proposatu dute herritarrekin harremana duten lanpostuak euskalduntzea lehentasunez, eta langile euskaldunek osatutako «zirkuituak» taxutzea.
Protokoloak eta garapenak eragileen elkarlanean dute oinarria. Hor sakondu nahi dute aurreratzean ere. Kontseiluak uste du tresna baliagarria izango dela «lankidetza eredu berriak eraikitzeko». Horri buruz, nabarmendu dute neurriak ezartzeko prozesuan parte hartu beharko luketela euskalgintzako eragileek eta bestelakoek.
Hizkuntz eskubideak lehentasun gisa hartzea galdegin diete udalei
Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren garapena aurkeztu dute, udaletan hartu beharreko neurriak proposatzeko. Kontseiluak uste du lankidetzarako aukera izango dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu