Hizkuntz eskakizunak izan dira administrazioa euskalduntzeko giltzarrietako bat. Bizkaiko Foru Aldundiak alor horretan zenbaki onak dituela azaleratu du azken ebaluazioak: hamar langiletik sei euskara gaitasuna egiaztatuta daude. Hala ere, ohar egin dute gaitasun horiei buruz. Eskakizun apalek bermerik ez dutela uste du diputazioak: «Eskakizun batzuek ez dute euskararen gaitasun maila nahikorik bermatzen eguneroko zereginei aurre egiteko; ez eta norberaren eta ingurukoen arteko harremanak hizkuntza horretan izateko ere». Lehen eskakizunarekin hori «nabarmena» dela azaldu dute, eta bigarrenean ere bai, «zereginen arabera». Jendaurrean aritu behar duten langileei hirugarren maila eskatuko diete.
Bizkaiko Foru Aldundiak laugarren euskara planaren ebaluazioan azaldu ditu ondorio horiek. Urte amaieran onartu zuten plan berria, bosgarrena, eta hura taxutzeko erabili dute aurreko egitasmoaren ebaluazioa. «Gazi-gozoa» izan da emaitza: euskararen ezagutza asko igo da aldundian, eskakizunen ildotik, baina «gabezia nabarmenak» daude erabileran.
Datuei begiratuta, beharginen %59k dute egiaztatua hizkuntz gaitasuna —derrigortasuna jarrita baina hutsik dauden postuak ere batu ditu aldundiak, gaitasuna dutenekin beteko direlako; horiekin, %62koa da portzentajea—. Beste administrazio batzuenak baino datu hobeak dira. Gaitasuna egiaztatuta eduki behar eta oraindik egiteko daukate ia 300 langilek (%9), eta salbuetsita daude 57. Hor kontuan izatekoa da adina; batez bestekoa 47,6 urtekoa da, eta langileek 45 urtetik aurrera eska dezakete euskara jakitetik salbuesteko. Ondorioa: «Eskakizuna lortu ez duen taldearen %38 horren langile gehienek erretiroa hartu arte hizkuntza bakar batean baino ez dute lan egingo».
Beste erakunde batzuen azterketetan ere ikusi dute hutsunea: nabarmen handitu da ezagutza, baina erabilera, ez. Etsipen puntu batekin mintzo dira Bizkaiko Aldundiaren ebaluazioan. Aitortu dute erabilera areagotzeko jardunek «eragin urria» izan dutela. «Ekarpena ez da izan espero zena».
Urteetako joerak aldatu ezinik
Ohiturak daude. Urteak daramatzate aldundian langile gehienek, eta gaztelania izan dute hizkuntza. «Harreman pertsonaletan euskara erabiltzea zaila egiten zaie batez ere gaztelania ama hizkuntza dutenei eta orain arte lankideekiko harremanetan gaztelania erabili dutenei». Kontuan hartu behar da, baita ere, gehienek gaztelaniaz egin zituztela ikasketak, eta hala trebatu direla lanean. Borondate kontua ere bada, ordea. Ebaluazioan ohartarazi dute batzuek komenientzia hutsagatik ikasten dutela euskara, «ibilbide profesionalean gora egiteko edota lanpostuz aldatzeko», eta gero ez dutela erabiltzen.
Zailtasunak agerikoak dira, nolanahi ere: programa informatiko guztiak ez daude euskaratuta, diputatuek eta beste arduradun batzuek ez daukate obligaziorik euskaraz jakiteko, maila eskasak erabilera oztopatzen du... Eta jende gutxik eskatzen du euskarazko zerbitzua. «Herritarren eskaera handia balitz, horrek eragin zuzen-zuzena izango luke euskara ohiko lan hizkuntza bihurtzeko. Baina, zoritxarrez, hori ez da gertatzen». Langileen motibazioan «eragin txarra» duela azaldu dute.
Hori aldatzeko neurriak proposatu dituzte plan berrian. «Langileak erakarri behar ditugu haien lana euskaraz egin dezaten, baina ez ditugu horretara behartu behar». Trabak kentzea da ardatza: euskaraz egiteak ez dezala ekarri lan gehiago, baliabide informatikoak prest egon daitezela, euskaraz hasi den lan bat ezin bada euskaraz bukatu ezintasuna sortu den tokian konpon dezatela... Ikusiz euskara maila dela arazoetako bat, proposatu dute langile guztiei aukera jartzea hirugarren eskakizunera arteko trebakuntza jasotzeko, nahiz hori baino maila apalagoa galdegin bere postuan.
Diputazioak nabarmendu du herritarren hizkuntz eskubideak bermatuta daudela. Herritarrek euskarazko zerbitzua eskatzea nahi dute. Proposamen bat egin dute: sail bakoitzak zerrenda bat egingo du harremanetan aldundiarekiko euskara erabiltzen duten norbanakoekin eta talde, enpresa eta gainerakoekin. «Arreta bereziz» jokatuko dute zerrendan daudenekin, eta zenbait proiektutan «lehentasuna» izango dute.
Hizkuntz eskari apalek nahikoa berme ez dutela uste du Bizkaiak
Euskara planaren ebaluazioak ohartarazi du lehen eta bigarren hizkuntz eskakizunek ez dutela mailarik ematen eguneroko lanerakoAldundira euskaraz jotzen duten pertsona eta enpresekin zerrendak osatuko dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu