Hitzik gabe ez dago diagnostikorik

Gaitza hizkuntzaren bidez identifikatzen da bereziki neurologian. Miren Altuna neurologoak ohartarazi du pazienteak haiek hautatutako hizkuntzan ez artatzea arrisku bat dela segurtasun klinikoarentzat.

Osasun langile bat, aste honetan, Donostia ospitalean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Osasun langile bat, aste honetan, Donostia ospitalean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2024ko irailaren 29a
05:00
Entzun

«Hizkuntzak rol protagonista du neurologiako diagnostikoetan», nabarmendu du Miren Altuna neurologoak. Izan ere, osasun arreta kalitatezkoa izateko ezinbestekoa bada pazientea erosoen sentitzen den hizkuntzan artatzea, zer esanik ez diagnostikoaren oinarria pazientearen eta osasun langilearen arteko elkarrizketa denean. Hau da, gaitza hizkuntzaren bidez identifikatzen da bereziki hainbat espezialitatetan; esaterako, neurologian.

«Gauza asko anamnesitik —galdeketatik— atera behar direnean eta ez hainbeste esplorazio fisikotik, emozioak adierazteko orduan oraindik ere nabarmenagoa da hizkuntzak sortzen duen muga hori. Alderantziz, besoa apurturik baduzu, garrantzitsua da, baina ez hainbeste. Erradiografia batekin egiten da diagnostikoa, eta ez galdetuz pertsonari nola egiten duen lo, urduri ote dagoen, noiz egoten den horrela, zerk urduritzen duen», adierazi du Altunak.

Neurologian ez ezik, elkarrizketak garrantzia du psikiatrian, logopedian eta beste hainbat alorretan ere. Narriadura kognitiboak izan ohi dira neurologoarenera joateko arrazoi nagusiak, eta Altunak ohartarazi du zailtasun kognitiboak «are nabarmenagoak» izan ohi direla bigarren hizkuntza batean artatuz gero: «Batzuetan ez da erraza izaten gauza batzuk azaltzea beste hizkuntzetan, zailtasun bat dagoelako, eta azterketa egiteko orduan, askotan bigarren hizkuntzan egiten denean, ez dakizu izatez zailtasuna den bigarren hizkuntza hori ondo menperatzen ez duelako, edo benetan arazo bat dagoelako».

Beste gaitz batzuei dagokienez, hitzak topatzea zaila izan daiteke pazientearentzat —iktus baten ostean, adibidez—, eta kasu horretan ere zaildu egiten da arta, bigarren hizkuntza batean eskaintzen bada. Eta neurologoek pazienteei egiten dizkieten testetan argi ikusten da hori. Adibide bat eman du: «Alzheimerra duen paziente euskaldun bat dut —gaztelera telebistan entzuten du soilik—, eta familia medikuak test guztia gazteleraz pasatu zion. Gauza batzuetan okertu zen, ez zeukalako erraztasunik hitzak esateko orduan. Nik beste test bat euskaraz pasatu nionean, mila bider hobeto egin zuen. Lehenengoarekin geratu izan bagina, behar ez zituen proba pila bat egingo genizkion».

Pazientearen autonomia

Beraz, diagnostiko oker bat egiteko eta segurtasun klinikoa arriskuan jartzeko aukera egon daiteke paziente euskalduna erdaraz artatuta, baina, harago joanda, zenbait pazienteri autonomia ere eman diezaieke: «Banuen Downen sindromea duen paziente bat, euskaraz bizi da, eta gazteleraz ez daki ondo adierazten goibel dagoela, edo arazo bat duela lanean. Beti amak kontatu behar zuen, eta ez zen protagonista sentitzen. Berekin euskaraz hitz egin ondoren, lortu dugu terapia ez-farmakologiko baten bitartez artatzea. Horregatik, beraien bizitzan ama hizkuntza euskara baldin bada, bizi kalitatea hobetzeko eta medikuntza gizartera hurbiltzeko urrats ezinbestekoa da euskara sustatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.