Hamalau eragile, bi egun eta aldarrikapen bat: plazera. Hori izan zuten ardatz joan den astean Donostian egindako Hezkidetza eta Pedagogia Feministen II. Kongresuan. Feminismoak erronka anitz dituela azaldu dute antolatzaileek, eta urrats andana egin behar direla horiei aurre egiteko. «Aldarrikatu nahi dugu zein garrantzitsua den pauso horiez guztiez gozatzea», adierazi du Maider Sagredok, Sorginlore elkarteko partaide eta talde eragileko kideetako batek.
Izan ere, anitzetan urrats horiek «betebehar» gisa irudikatzen direla dio Assumpta Aierdik, talde eragileko bertze kide batek, «ona izateko derrigorrez egin behar diren gauzak» balira bezala. Beste abiapuntu bat proposatu dute: «Ez zaigu iruditzen hortik eragiteak benetako emaitzarik izango duenik; uste dugu plazera aldarrikatzea aukera hobea dela». Hala, hiru lerro finkatu dituzte: hezkidetza modu gozagarrian lantzearen plazera; bizitza eta bizikidetza dinamiko eta osoak izatearen plazera; eta norbere ulermena sendotzearen plazera.
Lerro horiek kongresua osatu duten lau ataletan presente egon direla dio Nuria Fernandez Ikertze kultur elkarteko kideak: «Teoriatik ateratzea garrantzitsua iruditu zaigu; oso akademikoak diren kontzeptuak gorpuztu ditugu». Hala, Sagredok azaldu duenez, lehenbiziko partean «sexuen hezkuntza integrala» izan dute hizpide, eta hori lantzeko hiru espazio erabili dituzte, «elkarren artean lotura duten auziak lantzeko»: bazterretako erotika, autoezagutza eta onespena, eta arte hezkidetzailea. Jorratu dituzten gaien artean, bertzeak bertze, heziketa sexuala dago. Aierdik aipatu du «sexuari buruzko hezkuntzak ikastetxeetan duen presentziari buruz» aritu direla gehienbat, eta, horri lotuta, gazteek jasotzen duten heziketa motari buruz.
Bigarren atalean harreman osasuntsuez aritu dira; gizartea horiek eraikitzeko «bidean» dagoela uste du Sagredok: «Hitzetan harreman osasuntsuak ditugu, baina ekintzetan ez. Oraindik badira desparekotasunak, eta, teoria gehienek badakiten arren, errealitatean oraindik agerikoak dira berdintasun gabezia horiek». Aierdik ere bat egin du: «Desparekotasunak egiturazkoak dira, eta korapilo horiek askatzeko prozesua luzea izango da».
Izan ere, aldaketak eta mugimenduak ikusten ditu gizartean: «Badago hegemonikoa den eta boterea duen gutxiengo bat, eraldaketen aurrean erresistentzia egiten duena, orain arte izan duen boterea kolokan ikusten duelako. Hortaz, zenbaitetan gutxiengo hegemoniko horiek indar handiagoa dutela dirudi, espazio publikoan presentzia handiagoa dutelako eta, beharbada, gainerakoak ez garelako saretzen». Horri nola aurre egin ere ikasten dabiltzala erran du.
Herri hezkidetzaileak izan dira hirugarren atala: elkarrengandik ikasten duten kolektiboak nolakoak izanen liratekeen irudikatu dute, eta horiek nola sortu daitezkeen azaldu. «Hezitzaileentzakokongresua izan da, egunerokoan hezkuntza txertatzen duen edonorentzat egokia», findu du Sagredok. Betiere helburua profesionalek ere «autokritika» egitea dela gehitu du Aierdik.
Saretze txokoek osatu dute azkeneko atala, eta horiekin itxi dute kongresua. Fernandezek horien garrantzia azpimarratu du: «Elkar ezagutzeko, saretzeko edo bizipenak partekatzeko gune ezin hobea dira; inoiz ez dakizu ondoan duzunaz zer ikasi dezakezun».
Hurbiltasuna
Atal horiek guztiak hainbat formatutan landu dituzte, betiere «konfiantzaz eta gertutasunez», dio Aierdik. Ongi daki hori Fernandezek, bera arduratu baita kongresuan parte hartu duten 200 lagunen ongizateaz eta haien beharrak identifikatzeaz. Emaitzarekin «oso pozik» dagoela dio, eta «esperientzia aberasgarria» izan dela. Hasieran egindako zenbait hautu «beldurrez» hartu bazituzten ere, orain «harro» daudela erran du.
Maider Sagredo, Nuria Fernandez eta Assumpta Aierdi. Pedagogia feministei buruzko kongresuaren antolatzaileak
«Hitzetan harreman osasuntsuak ditugu, baina ekintzetan ez»
Hezkidetza eta Pedagogia Feministen II. Kongresua egin berri dute Donostian. Antolaketan aritutako eragileek adierazi dute erronka asko geratzen direla arlo horretan, baina bidean gozatzeko dei egin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu