Telefonoa zein hizkuntzatan hartzen den, ala denda batean lehen hitza zein izaten den. Helduek halako jarreren bidez erakusten diete umeei zein den hizkuntza bakoitzari ematen dioten balioa, Paula Kasares soziolinguistaren arabera. Horren garrantzia nabarmendu zuen atzo Martin Ugalde foroan, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariarekin batera eginiko mahai inguruan. Asteotan abian den Haurren aurrean helduok heldu dinamika sozialari buruz aritu ziren biak, Garbiñe Ubedaren gidaritzapean, eta euskararen transmisioaren garrantzia nabarmendu zuten, gramatika bat erakustetik haratagokoa. «Hizkuntzak inoiz ez doaz bakarrik: haiei loturik emozioak, espazioak, pertsonak, balioak, hierarkiak... transmititzen dira», azaldu zuen Kasaresek. Eta umeek barneratu egiten dituztela, denak: «Hizkuntzen arteko hierarkiak ere ikasten dituzte hizkuntzak jabetzeko prozesu horretan. Kode linguistikoa erabiltzeko jakintza soziokultural osoa ikasten dute: hizkuntza noiz erabili, norekin, norekin ez... Hizkuntza erabiltzeko molde soziala ere hizkuntza ikaste horren barnean dago».
[YouTube]https://youtu.be/YjbHwbAMpS4[/YouTube]
Horregatik jarri dute helduengan fokua Euskal Herriko 80tik goiti herritan aitzina eramaten ari diren dinamikan. Eta, partikularki, gurasoengan: «Haurrari hizkuntza horretan egitea bezain garrantzitsua da haurraren aurrean ere hitz egitea», azaldu zuen Amonarrizek. Jakinarazi zuenez, arrakasta lortu du ariketa sozialak: «Uste baino herri gehiagotan egin da, eta batzuek aurrerago ekingo diote».
Baldintzak sortu beharra
Euskaraz guti edo batere ez dakiten gurasoek zer egin dezaketen galdegin zien Ubedak bi solaskideei, eta argi erantzun zuen Kasaresek: «Erakutsi behar zaie zein rol garrantzitsua duten euskararen biziberritze prozesuan». Haren ustez, hain zuzen, haiek ere giltzarri dira transmisioan, hizkuntza menperatu ez arren: «Euskarari loturiko balio eta jarrera positiboak transmititzen ahal dituzte, eta hori, egokia ez ezik, beharrezkoa da: haurrak motibatu behar dituzte, eta euskaraz egiteko aukerak eman». Amonarrizek ere ohartarazi zuen hizkuntzaren ezagutza bera baino garrantzitsuagoa dela jarrera, maiz: «Nahiago dut ama erdaldun bat bere seme-alaben ikasketaz arduratzen dena, eta ez aita bat bere seme-alabak zein mailatan dauden ez dakiena eta C1 maila duena. Seguru transmisio lan hobea egiten duela ama horrek».
Nolanahi ere, Kasaresek azpimarratu zuen ez dela «erori» behar «neoliberalismo linguistikoaren» axioman: «Familietan gertatzen dena familien hautua da, bai, baina ez guztiz. Familiek hautuak egiten dituzte haiek dituzten aukeren arabera, baliabideen arabera, informazioen arabera...». Eta, aukera urritasuna eragozteko, «mekanismo ahaltsu bat» bat galdegin zuen, «gizartetik, administraziotik, hautu horiek aukera erakargarri bihurtzeko». Amonarrizen hitzetan, funtsean, «baldintzak». Badira horretarako tresnak jada, Kasaresen arabera: «Informazioa hainbat euskarritan —izan liburuxka, webgune— eta hitzaldietan ematen diren gidalerroetan bilduta dago. Familiei ikusarazten diegu zenbat gauza dauden haien eskutan: erabaki ñimiñoetatik transzendentzia handiagoetara, bermatzeko haurrek ttipitatik euskararekin harreman estua eta ona izanen dutela». Bilakaera ona sumatzen du gurasoengan: «Urteak aurrera joan ahala, gero eta barneratuago dute haien rola ez dela akitzen eskola atarian».