Polizia eredua

HITZAK KARGATU

Egungo gizartearen erronkei erantzuteko, adituek beharrezkotzat jo dute indarrean dagoen polizia eredua atzean uztea. Segurtasunaren zimendu gisa komunikazioa eta herritarren parte hartzea erabiltzearen alde daude, kontrolean eta errepresioan oinarritutako neurriak baztertuta.

BERRIA.
Iosu Alberdi.
2022ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
XXI. mendeko herritarren segurtasuna bermatzeko bidean, erronka nagusietako bi dira bizikidetza eta herritarren parte hartze aktiboa. Horrek aldaketak eskatzen ditu segurtasuna eta poliziaren jarduna ulertzeko moduari dagokionez, kontrolean eta errepresioan oinarritutako egituretatik komunitatera bideratutako eredu prebentibo batera jauzi egiteko.

Polizia komunitarioaren kontzeptua ez da batere berria, Londresko Metropoli Poliziaren sorrerarekin lotzen baita; 1829an eratu zen. Ordutik, baina, eboluzio bat izan dute ereduaren inguruko gogoetek. Kalean paseoan ari diren agenteekin lotu ohi den arren, EHUko Psikologia irakasle eta Kriminologiaren Euskal Institutuko kide Cesar San Juanek adierazi du herritarrekin izan beharreko harreman motetan zentratutako aldaketa sakonagoak eskatzen dituela: «Agenteak banatzeak ez du ezertan laguntzen, ez bada komunikazio estrategia bat existitzen».

Ideia horrekin bat egiten du Noe Ayguasenosa i Soro segurtasun publikoan adituak. Haren arabera, poliziak «modu proaktiboan» jardun behar du lurraldean dauden aktoreak identifikatu eta haiekin interlokuzio bat izateko. «Erdigunean pertsonak jarri behar dira», azaldu du, eta gehitu prozesu horretan kontuan hartu behar direla gizarte eragileak.

Herritarren parte hartze horrek «balizko indarkeria jarduerak» eteteko baldintzak erraztuko lituzkeela argudiatu du adituak. Halere, kontzeptua gaizki ulertzearen arriskuen jakitun dago: «COVID-19aren garaiotan gertatu da halakorik. Herritarrak segurtasunaren arduradun bihurtzeak ez du esan nahi balkoiko polizien edo bizilagun patruilen rola hartu behar dutenik».

Kontrara, parte hartze hori hezkuntzaren, hirigintzaren eta politika publikoen bidez sustatu behar dela azaldu du Ayguasenosak: «Gatazkatsutzat jotzen den eremu batean, ekintzak dinamizatu ditzakeen gazte talde batek polizien presentziak baino gehiago lagunduko du». Izan ere, gizarte eragileek egitura antolatuak, elkartzeko espazioak, sare sozialak eta liderrak dituzte, San Juanek gogoratu duenez, eta, horiek «arazoen ebaluazioaren eta analisiaren parte» bihurtuta, errazagoa da herritarren beharrei egokitutako erantzunak ematea.

Zer da gatazka bat?

Herritarren eta polizia egituren arteko harremanak sustatzeko, bada Ayguasenosak ezinbestekotzat jotzen duen beste afera bat: poliziek gatazkarekiko duten jarrera moldatzea. «Gatazka positiboa da demokrazia batean. Gizarteak ez du aurrera egiten hura gabe», azaldu du, baina nabarmendu «segurtasunarena bezalako eremu kontserbadore batean» kosta egiten dela ideia hori barneratzea.

Halere, egin dira gatazken kudeaketa eredua aldatzeko hainbat saiakera. Euskal Herrian, Iruñeko Udaltzaingoak bitartekaritza unitate bat sortu zuen 2017an, «gatazkak aldeen arteko akordioen bidez eta bide judizialak saihestuz konpontzeko». Eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Polizia Legeak ere «gatazka pribatuen ebazpenean kooperatzeko» eskumena ematen die udaltzaingoei.

Ayguasenosaren esanetan, gatazkak ez, haien «espresio biolentoak eta beste batzuen eskubideen urraketak» dira eragotzi beharrekoak: «Horretarako tresnak testuinguruaren gaineko informazio egokia biltzea eta aktoreekiko komunikazioa mantentzea lirateke, eta ez indarraren monopolioa erabiltzea». San Juanek ere uste du erabilgarriagoa dela poliziek gatazken kudeaketaren inguruko formazioa izatea «punteriaren edo taekwondoaren moduko gaitasunetan» trebatzea baino.

Eredu errepresiboen eta prebentiboen arteko aldearen espresio ikusgarriena mobilizazioen aurrean poliziak hartu beharreko jarreran dago. Ayguasenosak sakontasunez landu du gaia, Kataluniako Barne Kontseilaritzako Bitartekaritza arduradun izan baitzen 2007 eta 2011 artean. Epe hartan, gatazken kudeaketa alternatiborako mossoen unitate berezituen sustatzaile izan zen. Hobetzeko asko dagoela azaldu du, baina helburua dela, elkarrizketaren eta azterketaren bidez, gatazkaren ondorio negatiboak eta istiluen aurkako polizien esku hartzea saihestea. Izan ere, adituaren hitzetan, azken horien «presentzia hutsa» ahalik eta txikiena izan beharko litzateke, eta herritarren eskubideak bermatzera mugatua: «Garrantzitsua ez da kontainer batzuk erretzea».

Mozal legearen erreformaren eztabaidan tratatzen ari diren gaietako bat polizia horiek erabili beharreko tresneriaren ingurukoa da. Besteak beste EH Bilduk, ERCk eta CUPek, giza eskubideen aldeko hainbat erakundek egin bezala, gomazko pilotak debekatzea exijitu dute —dagoeneko debekatuta daude Hego Euskal Herrian eta Katalunian—. Izan ere, Iridia elkartearen arabera, estatuko poliziek lagun bat hil dute tiroz, eta beste 11 begi batetik itsu utzi dituzte azken bi hamarkadatan. Ayguasenosa ere bat dator material errepresiboen erabilera mugatzearekin, eta uste du gasa dela manifestariak sakabanatzeko tresnarik egokiena.

Aldaketa sakonagoak

Polizia eredu tradizionaletan aldatu beharreko elementu bakarra ez da, ordea, gatazkei aurre egiteko jarrera. San Juanen arabera, kontrolean oinarritutako ereduaren herentzia da erakundeen gardentasun falta ere. Horri erantzuteko, Ayguasenosak etika batzordeak ezartzeko beharra adierazi du: erakunde barruko zein kanpoko kideek osatuak, besteak beste existitzen diren joera arrazistak, klasistak eta matxistak zuzentzeko. Era berean, korporatibismo polizialak eragindako kalteak ere salatu ditu, eta «erantzun irmoago bat» exijitu du.

Polizia ereduan aldaketak egiteko, beste hainbat eremu ere eraldatu behar dira. «Etxegabetze batean, polizien indarkeriaz hitz egiten da, baina familia bat etxerik gabe geratze hutsa ere indarkeria da», azaldu du Ayguasenosak. Izan ere, haren esanetan, agenteengan eta haien ideietan baino, segurtasun ereduen ideologian eta polizia erakundeen «instrumentalizazio politikoan» jarri behar da begirada: «Zergatik egon behar du enpresa handi batek segurtasun kontseilu batean, eta ez indarkeria matxistaren aurkako talde batek?».

Beraz, argudiatu du «ezkerreko indar alternatiboek» eta gizarte eragileek segurtasun ereduen gaineko gogoeta bat bultzatu behar dutela, poliziak «berregituratu eta herritarren zerbitzura jarri» nahi badira: «Bestela, eskuinak betetzen du hutsune hori».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.